Iraileko osoko bilkuran, oposizioak karrozen aferaren inguruan azalpenak eskatu zizkion udal gobernuari. Horrez gain, Mugikortasun Asteko Erdigunea autorik gabe ekimenaren inguruan eztabaidatu zuten bi aldeek. Lehenik, Xarles Iturbe EAJko zinegotziak hartu zuen hitza: «Rondilla kalea oinezkoentzat egitearen eztabaida mahai gainean jartzea omen zen alkatearen helburua, eta egindako balorazioaren arabera, helburua erdietsi omen da».
Andu Martinez de Rituerto alkateak erantzun zion Iturberi: «Guk ez dugu eztabaida berririk ireki. 2019an Mugikortasun Planaren dokumentua onartu genuen, eta bertan, premiazko neurri bezala azaltzen zen Rondilla kalea oinezkoentzat egitea. Hortaz, berez, egina behar luke. Gainera, irudikapen bat izan da, froga bat. Mugikortasun Planean azaltzen den irudira ahalik eta gehien gerturatu nahi genuen, baina lehenik, irtenbidea eman behar zaio aparkalekuen arazoari. 2019an onartu genuen nora goazen, eta hau gauzatzeko pedagogia egin behar da, eta froga gehiago egin behar dira».
2019ko Mugikortasun Planean aparkaleku periferikoak eskaintzea zen estrategietako bat, autoen erabilera murriztearekin batera. «Aparkaleku bila dabilen auto multzoari nahasmendu zirkulazioa deitzen zaio, eta bere ehunekoa oso handia da Tolosan; hain zuzen, egin diren azterketa askotan, %70ekoa da nahasmendu zirkulazioa herrian. Garbi dago, aparkalekuen eskaintza areagotu behar dugula», azaldu zuen alkateak.
Oposizioko zinegotziak adierazi zuen Rondilla kalearena «aspaldiko eztabaida» dela herrian, baina halako ekintza batek «bi erronka nagusiri erantzun» beharko liekeela. «Lehena, galduko liratekeen aparkalekuentzat alternatiba zehatzak eskaintzea, eta bigarrena, inguruko merkataritzari halako erabaki batek nola eragingo liokeen ondo neurtzea».
Merkatarien eta bizilagunen iritzia
Merkatariek egindako mobilizazioaren aurrean, zenbait galdera luzatu zizkion Iturbek udal gobernuari: «Egin zenuten kontrasterik kale horietako merkatariekin eta Tolosa&Co elkartearekin ekimena diseinatu zenutenean? Oso hedatuta dagoen kezka da erabaki batzuk eragin zuzena izan dezaketela haien salmentetan eta negozioen bideragarritasunean. Alde Zaharreko elkartearekin batera landu duzue ekimena? Eta ezagutzen duzue ekimenaren inguruan egin duen balorazioa? Oker ez bagaude aparkalekuen gaia lehentasun eta kezka nagusia izan da beti beraientzat. Gure kalkulu azkarren arabera, 140 plaza sakrifikatzea suposatu du ekimen honek».
Aitor Agirresarobe Merkataritza, Turismoa eta Azoketako zinegotziak adierazi zuen «harriduraz» hartu zutela merkatarien mobilizazioa. «Agintaldia hasi genuenetik maiz bildu izan gara beraiekin, eta oso argi adierazi diegu zein zen gure asmoa eta helburua. Hainbat ikerketek erakusten dute oinezkoentzat erosoagoa den gune batean erosketek gora egiten dutela. Ekimen honen berri ere bazuten, eta burutu baino astebete lehenago, beraiekin bildu ginen, eta ez ziguten kontrakotasun handirik erakutsi». Iturbek, baina, ezbaian jarri zuen azalpen hori: «Tolosako Alde Zaharra nahikoa peatonalizatuta dago, eta geroz eta lokal huts gehiago daude. Beraz, zuk azaldutako printzipio hori ez da unibertsala».
Bizilagunen iritziaren inguruan, berriz, «28 Kanalak asteburu horretan bertan egindako inkestetan bizilagunek egindako adierazpenak ikusi besterik ez dago», nabarmendu zuen Agirresarobek. «Pozgarria dela, frogak egiten ikusi eta ikasten dela eta ondorioak atera ahal direla, eta giro polita izan zela esaten zuten. Norantza garbi daukagu, baina herrietara oinarritutako ekintzak egin behar dira, eta ekintza honetatik ere balorazio bat egin beharko da, eta ondoren, ondorioak atera», gaineratu zuen.
Zumarditxikia
Aparkalekuen aferarekin batera, Zumarditxikiko proiektua mahai gainera eraman zuen Iturbek. «Oinezkoei, aparkalekuei eta Alde Zaharrari zuzenean eragiten die. Legealdi herena igarota, tolosarrei ez diezue ezer konkreturik eskaini proiektu honen inguruan, eta gogorarazi nahi dizuet zorretan zaudetela». Agirresarobek erantzun zion lehenik Iturberi: «Ez dakit oso koherentea den Rondilla kaleko aparkalekuak kentzea kritikatzea, aurreko udal gobernuak Alde Zaharraren inguruan dagoen aparkaleku handi bat alternatibarik gabe kentzea proposatzen zuenean».
«Aparkalekuen inguruan herrian egin den guztia alderdi honek sustatu du», erantzun zion Iturbek. «Zumarditxikirako alternatibarik gabe? Akaso, ez auzokideek nahi zituztenak. Zuek karrozekin egin moduan, guk ere jarri genituen aukerak mahai gainean, onartu ez zituztenak», gehitu zuen.
Aldi berean, Rondilla kalean TAO-rekin egin den aldaketa bakarra udal gobernuak gauzatu duela, baina EAJ-k proposatu zuela esan zuen. «Eta aldaketa hori kontrastatu zen merkatariekin? Zeren eta uste dut ez zitzaiela gehiegi gustatu», erantzun zion Ander Figuerido Hirigintza zinegotziak. Lapurdi eta Alondegia aparkalekuen sorreraz ere mintzatu zen EH Bilduko zinegotzia. «Aparkaleku asko daude, baina esku pribatuetan. Emakiden kasuan, udalak ezin du esku hartu, eta ezin ditugu neurriak hartu bisitariak etor daitezen eta herrian kontsumitu dezaten».
Legealdietan egindakoak, auzitan
Halaber, galdera zuzen bat luzatu zion oposizioko zinegotziak udal gobernuari: «Legealdi honetan aparkalekuen gaiari alternatiba zehatzak eskaintzeko asmoa edo helburua duzue? Legealdiaren herena pasa da, eta oraindik ez duzue ezer konkreturik proposatu». Figueridok erantzun zion: «Urte hasieran azterketa integral bat jarri genuen martxan eta lanean ari gara, dokumentu ugari aztertzen. Lan oso mardula da, eta oraindik ez dugu ezer azaldu, azterketa bat egiten denean, zerbait esateko emaitzak izatea ezinbestekoa dela iruditzen zaigulako. Gehiago lantzen dugunean, eta aukerei heltzeko eta alternatibak eskaintzeko momentua dela ikusten dugunean, orduan emango ditugu azalpenak. Zuek ohituta zaudete gauzak saltzen eta behin eta berriz «egingo dugu» esaten, eta guk, egingo dugunean esango dugu eta kito».
Azterketaren lehen fasean diagnostikoa gauzatu ondoren, orain, bigarren fasean, aukerak aztertzen eta definitzen ari direla gaineratu zuen Figueridok. «Informazio hori dugunean, zuei eta tolosarrei helaraziko dizuegu. Ez dakit arazoa guztiz konponduko dugun, baina epe ertain-luzerako hainbat alternatiba ditugu, aurreko legealdietan ez bezala. Zortzi urtetan zenbait azterketa egin zenituzten, guztiak eremu puntualetan, baina inolako alternatibarik landu eta aurkeztu gabe».
Amaitzeko, alkateak hartu zuen hitza berriro: «Gai kritikoa da. Herriari sekulako bizia ematen dion sektorea da merkataritza, osasun aktibo bat da. Hala ere, bertako merkataritzaren gainbehera mundu mailako fenomenoa da, ez Tolosakoa bakarrik. Kontsumo ohiturak aldatu egin ziren merkataritza-guneen sorrerarekin eta online salmentekin. Gai honekin ezin dugu arinegi jokatu eta denok egin behar ditugu ahaleginak. Tolosa ez du salbatuko autoa dendaren aurrean utzi, erosi eta martxa egiteak; horretarako aukera hobeak daude beste leku batzuetan».