Aitor Imaz Larretak Titereszenaren prentsaurrekoan esan zuen TEE-ko lehendakari bezala azken agerraldia izango zuela. Imazek beste tolosar bati eman dio lekukoa, Kepa Goikoetxeari, hain zuzen.
Duela lau urtetik Tolosako Ekinbide Etxearen zuzendaritza taldeko kide da Goikoetxea. Imazen eskutik jaso zuen taldeko kide izateko gonbita, eta «gogoz eta ilusioz» hartu zuela ardura kontatu du. Lau urteren ondoren, zuzendaritza berritzeko batzarra egin zuen atzo Ekinbide Etxeak. Bada, Kepa Goikoetxea izango da datozen lau urteetan lehendakaria eta Ane Garate lehendakariordea. «Tolosako Ekinbide Etxearekin dudan loturarekin jarraitzeko asmoa nuen, eta Ane Garaterekin batera, konpromisoa hartu genuen, helburuak finkatu eta taldekide berriak batzen baziren, talde berri bat osatuko genuela ni buru jarrita» adierazi du Goikoetxeak.
Datozen lau urteei begira, zer espero duen galdetuta, azken urteetan aurreikusi zituzten helburuak aurrera eramateko aukera izatea espero duela esan du. Horien artean, jardueren eskaintzan hobekuntzak ematea eta zabalkundea areagotzea aipatu ditu. Horretarako, baina, finantziazioa «hobeto bermatzea» ezinbestekoa izango dela dio, «herri mailan aurrera eraman nahi ditugun proiektuak egin ahal izateko».
Tolosako Ekinbide Etxearen lehendakari berria izango da, beraz, Kepa Goikoetxea, eta Ane Garate lehendakariordea. Zuzendaritza taldea ondorengoek osatuko dute: Maite Meijide, Imanol Arabaolaza, Alberto Luengo, Juanjo Herrero eta Xabier Ormazabal. Atzo eginiko batzarrean esker hitzak izan zituzten aurreko zuzendaritzako kideentzat egindako lanarengatik.
Kepa Goikoetxea tolosarra da, eta hezkuntzari lotua da bere ibilbide profesionala. Laskorain ikastolako zuzendaria izan da, eta egun, Aspace Gipuzkoako ikastetxeetako zuzendaria da. Azken urteetan ez ezik, gaztetan lotura izan zuen Goikoetxeak Tolosako Ekinbide Etxearekin. Abesbatza Lehiaketan parte hartu izan zuen, esaterako, eta antolaketan ere aritu izan zen. Horrez gain, kultura kontsumitzaile bezala, Tolosako Ekinbide Etxeak eskaini dituen jardueretan parte hartu izan duela aipatu du.