2024-2025 denboraldiko Titereszena programazioa aurkeztu berri dute Topic zentroan eta urtero bezala, ikuskizunak, tailerrak, bisitak eta beste hainbat ekimen barnebiltzen ditu.
Aurten ere goi mailako lanak hartuko ditu Tolosako txotxongiloen etxeak, baina Titereszena ez da horretara mugatzen, eta aurten gainera, hainbat berrikuntza ditu. Horien artean, aipatu dute ikasturte honetan lehen aldiz konpainia egoiliar bat urtebetez egon ahal izango dela Topic-en, egonaldia beste urte batez luzatzeko aukerarekin. Aurkezpenean zehaztu dutenez, laster aurkeztuko dituzte egonaldian izena emateko oinarriak. Aukeratzen duten konpainiak Topic-ek eskainitako apartamendu batean egingo du egonaldia eta horrekin batera, entseguak egin ahal izateko oinarrizko argiztapen eta audio ekipoa duen gune bat izango du eskura.
BISITAK ETA TAILERRAK
Titereszenak emanaldiak, tailerrak eta erakusketak barnebiltzen dituen atal finkoak ditu, eta horietako bat da bisitena. Bisita gidatuak egiten dituzte biltegira eta hilean behin, tailerra eta ikuskizuna, biak batera biltzen dituen eskaintza izango dute. Aurten gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonei zuzendutakoa ere izango dute. Atal honetan betaurreko moreak jarri ditu Topic-ek eta Txotxongiloak eta emakumea jarduera egingo dute beste behin «genero ikuspegi batetik txotxongilolaritzaren historian eta gaurkotasunean emakumearen papera zein den nabarmentzeko» bisita gidatua, hain zuzen.
Ikuskizunez gain, Titereszena programazioaren barruan, Topic-ek tailerrak eskainiko ditu familientzat, era guztietako teknikak landuz. Azken denboraldietan errepikatzen ari diren tailerra izango da, hau da, ikuskizun jakin bati lotua.
IKUSKIZUNAK
Ikuskizunen atalean ikasturte honek goi mailako zortzi lan ekarriko ditu Tolosara, eta lehenengoa urriaren 19an izango da. Pea Green Boat konpainiak Zapaten Zuhaitza ikuskizuna eskainiko du. Zortzi ikuskizun horietatik bi izango dira euskaraz; Panta Rhei taldearen Noa, uy, uy, uy eta Zurrunka taldearen Gure kanoa izenekoa.
Erakusketena da Titereszenaren beste atal finkoetako bat, eta ostiral honetan bertan irekiko dute; L'Estaquirot Kataluniako konpainiak 50 urte bete ditu eta hainbat argazki, dokumentu, jantzi eta objektu eszeniko ikusi ahal izango dira Topic-en martxora bitarte.
Ondoren, martxotik apirilera, Anbiguan Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia erakusketa jarriko dute. Bermeoko eskulturgilearen jaiotzaren mendeurrenean, honek Altzoko Erraldoia haurrentzako opera ekoizteko egindako lana erakutsiko dute. Izan ere, 2016an estreinatutako lanean hainbat txotxongilo egin zituen eta eszenografia ere egin zuen.
Erakusketen atalean, bada nabarmendu beharreko beste datu bat; Topic-ek bi erakusketa jarriko ditu Tolosatik kanpo. Bat Madrilgo Zentro Dramatiko Nazionalean jarriko du, iaz bezala, eta bigarrena Donostian jarriko dute, Viktoria Eugenia antzokian, azaroaren 9tik 16ra.
BESTELAKOAK
Titirijai jaialdiari dagokionez, aurtengoa 42. edizioa izango da, eta azaroaren 23tik abenduaren 3ra luzatuko da.
Titirijai jada errotuta dagoen ekitaldi bat da, baina ez da bakarra, Aniztasun Gala, Europako Ondare Jardunaldiak, Sarrera Solidarioa, Txotxongiloen Nazioarteko Eguna, eta Museoen Nazioarteko Eguna ospatuko dituzte aurten ere.
Bukatzeko, tailer eta ikastaroak izango dituzte eta horren barruan, Eskola Kanpaina nabarmendu dute. 4 urtetik gorako ikasleei zuzenduta dagoen ekimena da txotxongiloen mundua hurbilagotik ezagutzeko aukera emateko.
Aitor Imaz Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakariak Titereszena aurkezteko prentsaurrekoa baliatu zuen aurki bere ardura utziko duela iragartzeko. Ekitaldi horretan, Karlos Lopez titiritero tolosarrak emanalditxo bat eskaini zuen, era berean.
TITERESZENA 24
Ikuskizunak
- Urriak 19. Pea Green Boat taldearen(Katalunia-Ingalaterra) El árbol de los zapatos. 4 urtetik gorakoentzat, gaztelaniaz.
- Azaroak 16. La Chana Teatro taldearen (Salamanca) Blanca Nieves. 6 urtetik gorakoentzat, gaztelaniaz.
- Abenduak 14. Caracartón taldearen (Sevilla) El secreto del hombre más fuerte del mundo. 4 urtetik gorakoentzat, gaztelaniaz.
- Urtarrilak 18. Singe Diesel taldearen (Frantzia) Kazú y los hombre voladores. 8 urtetik gorakoentzat, gaztelaniaz.
- Otsailak 8. Panta Rhei taldearen (Euskal Herria) Noa, uy, uy, uy. 2 urtetik gorakoentzat, euskaraz.
- Martxoak 22. Farrés Brothers taldearen (Katalunia) El silencio de Hamelín. 8 urtetik gorakoentzat, gaztelaniaz.
- Apirilak 5. Zurrunka taldearen (Euskal Herria) Gure kanoa. 4 urtetik gorakoentzat, euskaraz.
- Maiatzak 17. Etcétera taldearen (Granada) Almavera, sonata para violín y títeres. 3 urtetik gorakoentzat, gaztelaniaz.
* Emanaldi guztiak 18:30ean izango dira
Aldizkako erakusketak
- 2024ko irailetik martxora. Kataluniako L'Estaquirot Teatroren 50 urteak biltzen dituen erakusketa erakusketa areto nagusian.
- 2015eko martxotik irailera. Girovago e Rondella erakusketa. Marco Grignani eta Federica Lacombak euren konpainiaren 30 urteko ibilbidea partekatuko dute erakusketa areto nagusian.
- 2024ko irailetik 2025eko otsailera. L'Estaquirot konpainiaren hainbat lan ikusi ahal izango dira Anbiguan, areto nagusiko erakusketaren gehigarri moduan.
- Martxotik apirilera. Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia erakusketa Anbiguan. Basterretxeak Altzoko Handiari buruzko operarako egindako txotxongilo eta zirriborroak ikusi ahal izango dira.
- Maiatzetik ekainera. Gonzalo Cañas Olmeda aktore eta txotxongilolariari buruzko erakusketa.
Bestelakoak
- Urriak 12. Aniztasunaren Gala, 19:00etan.
- Urriak 19. Europako Ondare Jardunaldiekin bat eginez, Arketal Frantziako konpainiak eskainitako tailerra familia guztiarentzat, 17:00etan.
- Azaroak 23tik abenduaren 1era. Titirijai Nazioarteko Txotxongilo jaialdia.
- Abenduak 20 eta28. Elkartasun Sarrera ekimena. Abenduaren 20ko Tolosako Musika Eskolaren kontzertuko sarreretan biltzen duten dirua Gazako familiak laguntzeko bideratuko dute. Abenduaren 20tik 28ra sarrera ondoan elikagaiak biltzeko gunea izango dute.
- Martxoak 22. Txotxongiloen Nazioarteko Eguna.
- Maiatzak 18. Museoen Nazioarteko Egunarekin bat eginez ekintzak izango dituzte eta baita Fotopic argazki lehiaketa ere.