Inauteriak 25

Inauterietan espazio publikoaren erabilera antolatzeko prozesua abiatuko du udalak

Ataria 2024ko ira. 30a, 19:58

Baketik Fundazioak dinamizatuta, hiru saio egingo dituzte urrian zehar eragileekin. Erabilera ereduak identifikatzea, norbere behar eta zailtasunak mahai gainean jartzea eta, elkar ulertuz, antolamendurako hobekuntzak jasotzea izango dira helburuak.

Inauterietan espazio publikoaren erabilera modu antolatuagoan egin eta guztien arteko elkarbizitza sustatzeko eragileekin hausnarketa saio batzuk egingo ditu udalak. «Zaila izaten da eragile bakoitzari bere lekua egitea, beste inoren jardunean eragin gabe. Gune batzuk oso beteta izan ohi direnez, gainera, zailtasunak eta elkarbizitza arazoak sortzen dira zenbait unetan», esan du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak. 

Elkarlanean, espazioen banaketa modu antolatu eta orekatuan egitea sustatu nahi du udalak. «Orain arte eragile bakoitzarekin modu independentean landu izan dugu gaia. Egoera orokorra ikusita, eragile bakoitzak dituen behar eta zailtasunak azalduz, gainerakoenak zeintzuk diren jakitea eta ulertzea izango da helburua. Azken finean, guztiok kontziente izan behar dugu elkarrekin bizi behar dugula. Den-denek dute lekua inauterietan, baina elkarbizitza hori nola egin antolatu behar dugu, eta horretarako elkar-entzute eta talde-hausnarketa ariketa bat egokia dela iruditu zaigu», azaldu du Gartziak.

Horretarako, hiru saio egingo dituzte urrian zehar, aste honetatik hasita. Baketik Fundazioko adituek egingo dituzte dinamizazio eta bitartekari lanak, eta inauterietan parte hartzen duten eta espazio publikoaren erabilera egiten duten eragile ugarik parte hartuko dute: txarangak, karrozak, konpartsak, txosnak… Ondoren, saio horietan sor litezkeen hobekuntzak inauterien antolaketan kontutan hartu nahi ditu udalak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!