«Aparkalekuen arazoa aspalditik datorren kontua da»

Ataria 2024ko ira. 26a, 19:45

Tolosako udal gobernuak Mugikortasun Astearen, Rondilla oinezkoentzat izatearen, aparkalekuen eta saltokien geldialdiaren inguruan hitz egin du. Urte hasieran, Hirigintza Sailak aparkalekuen azterketa integrala abian jarri zuela esan du.

Udal gobernuaren esanetan, «Tolosan daukagun aparkalekuen arazoa ez da oraingoa; aspalditik datorren kontua da. Eta esparru askotan eragiten du: bizilagunengan, bisitariengan, saltokiengan…». Egoera horri irtenbidea bilatu nahian, urte hasieran, Hirigintza Sailak aparkalekuan azterketa integrala abian jarri zuela esan du: «Udal gobernuaren agintaldiko asmo nagusienetako bat da, eta halaxe dago jasoa Agintaldi Planean. Lan horren helburua da ikustea Tolosan non sortu daitezkeen aparkaleku gehiago. Eta, horri lotuta, horietako bakoitzak teknikoki, juridikoki eta ekonomikoki zein behar dituen, ea zer nolako zailtasunak dituen, edota zer denbora eskatzen dituen». 

Udal gobernuaren esanetan, «aditua den arkitektura estudio bat», dokumentu ugari ari da kontrastatzen eta ordenatzen: planeamenduak, planoak, orubeen egoera, jabetzak edo egin beharreko tramiteak aipatu dituzte, besteak beste. «Lana amaitu eta informazio guztia eskuartean izanda, soluzio zehatzetara bidean eman beharreko hurrengo urratsen informazioa emango dugu» jakinarazi dute udaletik, gai honekin geldirik ez daudela gehituz.

Eragileekin ere harremanetan egon direla esan dute: «Udal ordezkariek eragileekin izandako barne bileretan, aldiz, eman da horren berri, hala nola, Tolosa&Co elkarteko teknikari eta zuzendaritzako kideekin egindakoetan. Bilera horietan Mugikortasun Asteko asmoen eta azterketaren berri eman izan zaie».

Udal gobernuaren ustetan, bada, dena den, «mahai gainean jarri beharreko beste eztabaida bat», aparkalekuen gaiari lotuta. «Gustu handiz sortuko genituzke erdigunean dauden aparkaleku publikoetarako pizgarriak, beste herri batzuetan daudenen antzerakoak. Lehen orduren bat doan, saltokietara erostera datozenei errazteko, eta gauetan, bertako bizilagunentzat». Bi arazo horiei, «aldibereko soluzio posible bat» ematea da udalaren asmoa. «Hori, tamalez, nahi izanda ere, ezin dugu gaur gaurkoz gauzatu, emakida bat dagoelako indarrean, eta ezin delako kontratua inolaz ere aldatu. Ikusi besterik ez dago kiroldegiaren aferan zer suposatu duen horrek. Argi dugu herentzian jaso dugun eredu horrek ez dituela asetzen bizilagunen edota merkatarien egungo beharrak», gaineratu dute.

«Hautsak harrotuta»

Halaber, pasa den asteburuan, Mugikortasun Astearen testuinguruan, Rondilla eta San Frantzisko bi egunez –hiru, muntaia lanak kontutan hartuta– autorik gabeko gune bihurtu izanak «hautsak harrotu» dituela adierazi dute. «Europa osoan egiten den egitasmo bat Tolosara ekarri besterik ez dugu egin nahi izan, eta, bide batez, aprobetxatu nahi izan dugu Rondilla oinezkoentzat nola izan zitekeen irudikatzeko, eta proba bat eginez, horren inpaktua neurtzeko. Hiru egunetako kontua izan da, besterik ez».

Bai egitasmoa aurkeztu genuenean, eta baita astelehenean Andu Martinez de Rituerto alkateak komunikabideetara bidali eta sare sozialetan argitaratu zuen balorazio-gutunean ere, halaxe adierazi zuen: «Rondilla kalearen peatonalizazio proiektua ez da gauzatuko oraingoz, egun Tolosa oraindik ez dagoelako prestatuta halako zerbait egiteko. Besteak beste, aurretik, bestelako lan batzuk daudelako egiteko, adibidez, aparkalekuen gaia bideratzearena».

Rondilla oinezkoentzat jartzeko proiektua «aspaldiko kontua» dela esan du udal gobernuak. «2019an alderdi guztiok onartu genuen Mugikortasun Planean dago jasota, egin beharreko lehen proiektuetako bat bezala zehaztuta, gainera. Hirigintza proiektua ez dago sortuta, eta aztertu beharko dugu zer eta nola egin».

Onurak, bi esparrutan

Udal gobernuaren ustez, aldaketa horrek «onurak ekar ditzake, bi esparrutan». Batetik, merkataritzan. «Jakina da, eta hala adierazten dute azterlan askok, oinezkoentzat jartzeak mesede egiten dietela inguruko saltokiei. Asmorik onenarekin, norabide horretan dago planteatuta proiektua». Bestetik, Alde Zaharraren bizigarritasunean, «gune atseginagoak sortzeko eta bizitasuna emateko. Helburu horrekin bat eginda, martxan daukagu Alde Zaharra Biziberritzeko Plan Integrala. Lanketa horretan ere, Alde Zaharreko merkataritza sustatzeko ekintzak jasotzea da helburua».

Udal gobernuak adierazi duenez «kontziente» dira gaiak kezkak eta zalantzak sortu dituela. «Entzungo ditugu, baita bideratzen saiatu ere. Etorkizunean pentsatzen jarrita, helburu berak partekatzen ditugulakoan gaude, eta norabide horretan bidelagun izan nahi duen orori luzatuko diogu eskua».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!