«Ez dugu saltoki txikirik gabeko Tolosa bat nahi»

Ataria 2024ko ira. 26a, 19:48

Tolosa&Co merkatarien elkarteak deituta, ordubete lehenago itxi dute saltoki askok, bizi duten egoera salatu eta konponbideak eskatzeko. Elkarteak esan duenez, 200 pertsona baino gehiagok egin du bat deialdiarekin.

Ohikoa baino lehenago itxi dituzte gaur Tolosako hainbat dendatako ateak. Izan ere, Tolosa&Co merkatarien elkarteak deituta, 19:00etarako itxi dituzte saltokiak, eta Trianguloa plazan elkartu dira merkatariak, «konponbideak eskatzeko».

Salatu dutenez, «Tolosan dagoen aparkaleku arazoarengatik» bezeroak galtzen ari dira. Denbora asko daramatela konponbide baten eske diote, eta «soluzioak baino oztopoak» jaso dituztela. Hala, igaro berri den asteburua jarri dut adibide moduan. Mugikortasun Astea baliatuta, Tolosako Udalak Erdigunea autorik gabe egitasmoa burutu zuen, herriko erdigunea trafikoari itxiz, eredu jasangarriagoen inguruan gogoeta sustatzeko. Dendariek esan dutenez,«gehiengoarentzat nahiko asteburu gogorra» izan da. Bezero oso gutxi izan ditugu eta izan ditugunak haserre etorri dira aparkatzeko buelta asko eman behar izan zituztelako eta batzuen kasuan gaizki aparkatu ere. Gainera, seguru gaude aparkatzeko zortea izan ez zuten bezeroak, beste denda edo merkatalguneetara joan zirela».

Merkatari elkarteko kideek esan dute «eroso ibiltzeko eta erosteko Tolosa bat, polita, txukuna, garbia, jendez betea...» nahi dutela eurek ere, «baina ezin dugu onartu gure bezeroak galtzea eta gure dendak itxi behar izatea honen truke». Era berean, bertakoentzat aparkalekuak beharrezkoak direla ulertzen dutela adierazi dute, eta bizilagunen eta komertzioen ordutegiak kontziliatzearen beharra nabarmendu: «Horretarako bertakoen aparkalekuen ordutegia 19:00etatik 20:00etara atzeratzeko eskaera behin eta berriz egin arren, ez dugu ezer lortu eta bezeroak galdu ditugu honen ondorioz». Bezeroak ez galtzeko erraztasunak eskaini nahi dituztela esan dute, eta adibideen artean aipatu dute denbora bat doan aparkatzeko aukera bertako komertzioan erosteagatik eta garraio publikoan zerbitzua areagotzea.

Bestalde, gastu «oso handiak» dituztela ere aipatu dute, eta geroz eta bezero gehiago galtzen ari direnez, horiek ordaintzea geroz eta zailago egiten ari zaiela. Zaborren tasa jarri dute adibide moduan: «urtero geroz eta handiagoa da, nahiz eta etxean baino zabor gutxiago sortu saltokien gehiengoetan, arropa denden kasuan bezala».

Halaber, kaleen garbitasuna eta argitasuna ere funtsezkotzat dute merkatarien elkarteko kideek: «saltokiak kaleak biziz eta argiz betetzen saiatzen gara, baina askotan ez da erraza. Tolosako kaleak ilunak daude, beldurra ematen du kale zehatz batzuetatik pasatzea eta ziur gaude bezero eta bizilagunak ere horrela sentitzen direla. Argi eta zainketa handiagoa behar dugu lehengo urtean bizitako lapurreten egoera saihesteko. Garbiketari dagokionez, gure denden atariak kaleak dira eta egunero ikusten dugu garbiketa oso eskasa dela, geroz eta eskasagoa, nahiz eta kontziente garen kaleak garbi mantentzea denon ardura dela, guk gure esku dagoen guztia egiten dugu horrela mantentzeko».

Tolosan antolatzen diren azoka bereziei ere egin diete erreferentzia merkatariek, salatuz, «baztertuta» sentitzen direla. «Tolosa azoka bereziez betetzen da herria harro sentitzen den gauza onenak erakusteko, inguruko bisitariak eta urrutiko turistak erakarriz, baina horien artean ez dugu inoiz merkataritza eta saltokiak agertzen direla ikusten. Elkarteak sortzen dituen ekimenak soilik ditugu merkataritza bultzatzeko helburuarekin».

Komertzioa «itotzen» ari dela esan dute dendariek, eta jakitun dira faktore asko ari direla hori eragiten. Bada, saltoki txikirik gabeko Tolosa bat ez dutelako nahi, entzunak izatea eskatu dute eta arazoari konponbideak ematea. Lehendabizi Trianguloa plazan elkarretaratzea eginez, eta ondoren, Tolosako kaleetan manifestazioa eginez zabaldu dute mezua. Dendarien elkarteak esan duenez, 200 pertsona baino gehiago elkartu dira, «bai elkartearen baitakoak zein kanpokoak», eta eskerrak eman dizkie guztiei. «Espero dugu eragina izatea eta Tolosako merkataritzaren arazoei soluzioak ematea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!