Asteburuko irudia

Naiara Roldan de Aranguiz 2024ko irailaren 21a

Mugikoratsun Astearen barruan, San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kalea kotxerik gabeko gune bihurtu dira. Ohiko irudia izaten da kotxeen joan-etorria eta kotxeak aparkatuta egotea bertan, bada, gaurkoan oinezkoek, bizikletek eta patineteek hartu dute Tolosako erdiguneko errepidea.

Gaur eta bihar, kotxerik gabeko guneak izango dira San Frantzisko pasealekua eta Rondilla kalea. Bertan, ohikoak izaten diren kotxeen espazioetan loreontziak eta eserlekuak kokatu dituzte, Mugikortasun Astearen markoaren barruan.

Ekimenaren bitartez Tolosako Udalak jarrera jasangarriagoak bultzarazteko asmoa du. Esaterako, erdigunetik kotxeak kentzeak ekar ditzakeen onurak azpimarratuz: «Oinezkoentzako kaleak, komertzio txikiarentzat bultzada». Edota kontzientzia sortu kotxeek hartzen duten espazioaren inguruan; izan ere, kotxe bakoitza «batez beste, bere bizitzaren %95 geldirik» dagoelako.

Bigarren eskuko azoka

Goizean goiz, bizikleten bigarren eskuko azoka egon da kokaturik San Frantzisko kaleko errepidean. Jende ugari bertaratu da, bizikletak probatu eta tratua egin asmoz.

Zumardia taldeak bere postua jarrita zuen bertan, haur eta helduentzako aisialdi eredu biziaren aldeko aldarria eginez.

Honela, eguraldiak laguntzen badu, Mugikortasun Astearen egitaraua bihar artean luzatuko da Tolosan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!