Ainhoa Garikano garaile, Ezkaraiko Picos de la Demanda lasterketan

Ataria 2024ko irailaren 14a

Errioxako herrian jokatutako lasterketako 20 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboko proba irabazi du Soronea-Ammma taldeko lasterkari tolosarrak.

Ainhoa Garikano Belaunzaran tolosarrak lasterketak irabazten jarraitzen du. Gaur, Ezkaraien (Errioxa) jokatu den Picos de la Demanda lasterketako 20 kilometroko eta 900 metroko desnibel positiboko proban azkarrena izan da. Ordubete eta 54 minutu behar izan ditu Soronea-Ammma taldeko korrikalariak ibilbidea burutzeko. Bigarren postuan bere taldekide Maddalen Jimenez sailkatu da, 1.55.06ko denbora eginda, eta hirugarren, Ania Hernandez izan da, 1.59.58ko markarekin. 

Eskualdeko lasterkari gehiago ere izan dira lasterketako proba desberdinetan, eta horietako batzuek lehen postuetan sailkatzea lortu dute. 21 kilometroko proban, gizonezkoen mailan, Hassan Ait Xaou Soronea-Ammma taldeko korrikalari billabonatarra bosgarren postuan helmugaratu da, 1.35.09ko denbora eginda, Dani Lopez irabazlearengandik (1.32.17) ia 3 minutura. Billabonatarra onena izan zen beteranoen A mailan.

42 kilometroko eta 2.600 metroko desnibel positiboko proban, Ait Xaouen taldekide Iban Agirrezabala berastegiarra laugarren izan da, 4.24.25eko denbora eginda, eta Dario Ajo irabazlearengandik ia 20 minutura. Lasterketaren erdialdean hirugarren zen Agirrezabala, baina oso gertu zuen Ander Iza laugarren sailkatua, helmugan hirugarren izan zena.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!