elkarrizketa

«Oso positiboa izaten ari da mendi lasterketetan daramadan ibilbidea»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia 2024ko ira. 11a, 15:59

Hamar urtez futbolean aritu eta gero, duela bi urte lasterketetan parte hartzen hasi zen, tartean emaitza onak lortuz.

Ia bere kirol ibilbide guztia emakumeen Tolosako futbol taldean igaro eta gero, azken bi urteetan korrika egiteari ekin dio Ainhoa Garikanok (Tolosa, 1999). Azken denboraldi honetan, mendi lasterketetara ere egin du jauzia emaitza bikainak lortuz, tartean, T2T lasterketako podiuma edo Segura-Zerain lasterketan lortutako garaipena, besteak beste. Gozatzen ari da mendian korrika.

Nola gogoratzen dituzu kirolean egindako lehen urratsak?

Egia esan, kirolean betidanik aritu izan naiz, kirol pila bat egin ditut txikitatik. Futbolean hasi, eta euskal dantza eta baleta ere egin ditut beste hainbaten artean. Nik uste ia denetik probatu dudala. Futbola, 2023an utzi nuen, 23 urte nituela, beraz, 10 urte inguru igaroko ziren bidean. Hala ere, lehendik ere ibiltzen nintzen futbolean nahiz eta ez nuen lehiatzen.

Asko kostatu al zitzaizun futbola uztea?

Egia esan, uste nuena baina gutxiago. Azken urteetan askotan esaten nuen utzi egingo nuela, baina kosta egiten zitzaidan erabakia hartzea. Baina azken urte honetan pentsatutakoa aurrera eramatea erabaki nuen. Horrez gain, apustu bat ere banuen lagun batekin. Futbola utziko nuela esaten nuen aldiro, eta, inoiz betetzen ez nuenez, apustu bat egin nuen lagun batekin. Lagunari esan nion oraingo honetan benetan futbola utziko nuela, eta berak ezetz esan zidan, beraz, apustua egin genuen. Esan zidan, benetan futbola utziko banu, berak kopeta-ilea moztuko zuela. Aldiz, jokatzen jarraitzen banuen, nik moztu beharko nuen. Azkenean, futbola utzi nuen, eta nire lagunak kopeta-ilea moztu behar izan zuen.

Orain ohikoagoa da futbola nesken artean, baina, zure garaian ez zen hain ohikoa oraindik. Nolatan hasi zinen futbolean?

Ahizpa zein anaia zaharragoak dauzkat, eta betidanik ibili izan dira biak futbolean, eta, noski, ni haien atzetik. Nik uste hortxe hasi zela nire zaletasuna. Ikastolako jolastokian ere beti saiatzen nintzen futbolean jokatzen. Futbol-eskolan urtebetez jokatu nuen, eta ondoren Tolosako futbol taldeko infantilen taldean sartzeko aukera izan nuen. Geroztik, utzi arte hor jardun nuen.

2016an Realetik ere deitu omen zizuten.

Bai, entrenamendu batzuetara joateko deitu zidaten. Egia esan, niretzako sekulako esperientzia izan zen Realarekin entrenatzeko aukera izatea. Entrenamenduetara joan eta Realean zegoen maila ikustea sekulakoa izan zen.

Azkenaldian korrika ikusi zaitugu. Noiz hasi zinen?

Korrika betidanik egin izan dut. Tolosako lasterketetan, esaterako, Ero-Etxe edo San Silbestrean beti ateratzen nintzen. Horiez gain, krosen batean ere ateratzen nintzen. Baten bat irabazi ere egin nuen, baina ez nien garrantzirik ematen. Urte batzuetan korrika utzita izan nuen, eta orain dela ez urte asko berriz ere hasi nintzen korrika. Batez ere errepidean hasi nintzen, esango nuke pandemiaren ondoren. Pandemian, ateratzeko aukera genuen tarte horietan hasi nintzen korrika.

Zein izan zen errepidean egin zenuen lehen lasterketa?

Esango nuke pandemiaren ondorengo lehen Behobia-Donostia izan zela. Hasieran, ez nuen dortsalik hartu eta bi aste lehenago pentsatzen jarri nintzen, segituan Behobia zela eta ea dortsalik lortzerik izango nuen. Azkenean dortsal bat lortu nuen internetetik, eta beste baten izenean zegoen arren nire izenean jartzea lortu genuen. Behobia bezperan futboleko partida izan nuen, eta jokatu ostean zalantzan nengoen lasterketan ateratzearekin, baina azkenean atera nintzen. Oso lasai joan nintzen, eta oso gustura egin nuen.

Errepidean korrika aritzea oraindik ere gustuko duzu, ala alde batera utzita daukazu?

Bai gustuko dut, baina nik uste geroz eta gutxiago. Orain gustukoago dut mendian aritzea.

Noiz eman zenuen mendi lasterketetara jauzia?

Lehen mendi lasterketa iazko urtean egin nuen, Villabonako Trikuarri mendi lasterketa. Lagun batzuk ateratzekoak zirela esan zidaten, eta ni ere animatu nintzen azkenean. Ez nuen entrenamendu berezirik egin hura prestatzeko.

Gustura bukatu al zenuen?

Bai bai, gustura. Egun horretan euri asko egin zuen, eta kaleetan sekulako errekak sortu ziren. Bertan korrika aritzea errekan aritzea bezela izan zen, eta egia da arrisku hori ez zitzaidala asko gustatu.

Geroztik, zein izan da zure mendi lasterketetako ibilbidea?

Geroztik T2Tn izena eman nuen, eta, momentu horretan esan nuen prestatu egin behar nuela, 24 kilometro ez baitira erraz egiten. Gainera, ikasgelako bi lagunek esan zidaten Garineko (Beasain) lasterketan atera behar zutela, 11 kilometroko lasterketan, eta, haietako batek, batera lasai lasai egin genezakeela esan zidan. Lehenengo lasterketa hori, lasai edo inongo presarik gabe egin nuen. Kontua da nirekin egingo zuela esan zidan laguna ez zela atera azkenean, eta bakarrik egin behar izan nuela. Horrez gain, beste bi edo hiru lasterketa gehiago egin nituen T2T lasterketaren aurretik.

Nola sentitu zara mendian?

Ondo, gustura. Egia esan errepidearekin alderatuz oso desberdina da.

T2T baino lehenago, Zaldibian lehiatu zenuen. Nola sentitu zinen?

Oso ondo. Uste dut bederatzi neska irten ginela. Hasieran, atzean hasi nintzen, baina, pixkana neskak aurreratzen joan nintzen, eta segituan ohartu nintzen jada lehen postuan nindoala. Esan zidaten bigarren neska nahiko urruti zegoela, eta hor hasi nintzen lehenengo geratuko nintzela asimilatzen.

Hori izan al zen zure lehen garaipena?

Ez. Lehenago Arriarango (Beasain) 11 kilometroko mendi lasterketa ere jokatu nuen, eta horixe izan zen nire lehen garaipena.

Nola sentitu zenuen lehen garaipen hura?

Egia esan ez nuen ezer espero, ez nekien Arriaran non zegoen ere! Etxetik ateratzean jertse bat eta zapatila batzuk hartu nituen aldatzeko eta kotxez joan nintzen. Lasterketa amaitzean, sari banaketa egin behar zuten, eta nik ez nuen ia aldatzeko arroparik. Nire ikaskide bat ere lasterketan atera zenez, haren Beasaingo etxean dutxatzeko aukera eman zidan, pare bat arropa utzi eta sari bila joan nintzen.

Hauen guztien ondoren, azkenean T2T iritsi zen. Nola joan zen lasterketa?

Egia esan oroitzapen oso ona dut. Ibilbidea ezagutzen nuen lehendik. Uzturreraino banekien noski, baina, Elduaingo aldapa adibidez ez nuen ezagutzen, beraz, lehendik ia hasi nintzen bidea ezagutzen. Giro aldetik sekulakoa iruditu zitzaidan! Jende ezagun pila bat, kuadrillakoak mendira igo ziren animatzera, eta izugarria izan zen.

Espero al zenuen etxeko lasterketan hirugarren geratzea?

Ez ez, banekien denbora aldetik ongi ibiliko nintzela, entrenatuta nengoelako, eta, bidea ongi ezagutzen nuelako, baina ez nuen inola hirugarren postua espero. Niretzat izugarria izan zen! Betidanik ikusten nuen T2T, eta, beti esaten nuen noizbait atera behar nuela, eta, aurten lehen aldiz atera, eta denbora zein postu hori lortzea izugarria izan zen. Datorren urtean berriz ere egiteko asmoa dut, ea dortsala lortzen dudan.

Berriro itzultzeak zer suposatuko du? Orain jada ez zara inork ezagutzen ez duen korrikalari bat herrian.

Bueno, nik uste jendeak ez zuela hirugarren sailkatua, alegia, ni, Tolosar bat, izatea espero. Orain, bueltatzean, lasai hasi nahi dut. Ez dut jendeak pentsatzerik nahi, aurtengo markagatik hurrengoa ere ala izango denik. Nire helburua ahalik eta hobekien egitea izango da.

Zer eman dizute mendiko lasterketek orain arte?

Momentu ahaztezin batzuk eman dizkidate, adrenalina punturen baten eta sufrimendu askoren artean. Hala ere gehiengoa positiboa da.

Distantziak kontutan hartuta, orain harte egindako luzeenak Zaldibiako lasterketa eta T2T izan dira. Datorren urtera begira, distantzia luzeagoak egiteko asmorik baduzu?

Oraingoz ez. 24-25 kilometrokoak egiten jarraituko dudala uste dut. Baina etorkizun batera begira zer egingo dudan esaten ez dakit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!