Eukene Larrartek erorikoa izan du Txekiako proba batean

Ataria 2024ko abuztuaren 30a

Tolosako pistako txirrindularia ospitalera eraman zuten atzo. Tolosaldeko Ataria-ri gaur eguerdian adierazi dionez, oraindik ospitalean jarraitzen du: «Buruan kolpea hartu nuen eta puntu batzuk dauzkat. Atzo konortea galdu nuen, baina ondo nago. Ez daukat ezer hautsita».

Udan, nazioarteko hainbat probatan lehiatu da Eukene Larrarte. Abuztuaren 18an, Eslovakian, podium-era igotzea lortu zuen Naya Mangas-ekin bikotea osatuz. Olinpiar Jokoetarako txartelik gabe geratu ostean, GP Presov-eko hirugarren postuak indarrak eman zizkion tolosarrari.

Atzo, aldiz, Txekiako proba batean bost txirrindulari erori ziren lurrera, tartean Larrarte eta Mangas. Kolpe fisikoa baino psikologikoa izan dela onartu du tolosarrak: «Kolpe psikologiko oso handia izan da. Oso urte txarra izaten ari da. Berriro burua altxatzen hastera nindoanean, hauxe etorri da». 

Larrartek esan duenez, erresonantziaren emaitzetan dena ondo dagoela azaltzen da. Ondorioz, medikuaren altaren zain dago tolosarra. Hasiera batean, igandean etxerako buelta egitea pentsatzen zuten, eta planarekin jarraituko dutela dio Larrartek: «Igandera arte lasai egongo gara, errekuperatzen. Pentsatu bezala egingo dugu itzulerako bidaia».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!