ELKARRIZKETA

«Pentsatu nuen sufrimendua amaitu zela»

Eukene Larrarte txirrindularia. Z.I.S.

Olinpiar Jokoetarako txartelik gabe geratu ostean, Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrak luze eta zabal hitz egin du. «Gaizki» pasatu du, presio «handiegia» sentitu baitzuen. Orain, erronka berriei begira jarri da, Olinpiar Jokoen «konnotaziorik» gabe.

Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko bideak ito egin zuen Eukene Larrarte (1998, Tolosa) txirrindularia. Apirilaren 14an kiroleko zitarik garrantzitsuenera joateko aukerarik gabe geratu zen, «momentu okerrenean» zegoen, eta sufrimendua amaitzea besterik ez zuen nahi. «Bere esentzia guztiz galdu» duen arren, «arrastoa utzi» dio, eta asko ikasi du. Kudeaketa emozionalaz hitz egin du, eta nabarmendu, errendimendurik onena emanda ere, burua «ondo» ez badoa, zaila dela ondo korritzea. Aurten geratu zaion zapore txarrari buelta eman, eta datorrenari begira gogotsu dago: ortzi-mugan du urriko pistako Munduko Txapelketa, eta errepidean ere lehiatu nahi du. Talde baten bila dabil. Tolosarrak argi eta garbi adierazi du ahoz goran txirrindularitza nola ikusten duen.

Zer moduz zaude?

Ondo nago, lasai. Apirilaren 14an gelditu nintzen justu Olinpiar Jokoetatik kanpo. Hilabete hauetan gaizki pasatu dut. Batez ere lehiaketa alde batera utzi dut, ez dut entrenatu, eta gradu amaierako lanean jarri dut arreta osoa. Lagunekin egon naiz, familiarekin, kontzertuetara joan naiz... Gauza normalak egin ditut. Pozik nago bizikletaz ez naizelako nazkatu. Momentuan gogaitu nintzen, eta urte luzetako nekea izan nuen; bidaiatu, lehiaketa, presioa... Baina bizikletan ibiltzen jarraitu dut, eta horregatik pozik nago, bizikleta gustatzen zait. Berriro ere entrenatzeko gogoa etorri zait, bi hilabete beranduago, baina etorri zait [barrez]. 

Beldur zinen bizikleta gainean ibiltzeko gogorik ez zenuela izango?

Sekulakoa. Psikologoarekin beldurraz asko hitz egiten dut, kosta egiten baita askotan esatea zeri diozun beldurra. Sekulako beldurra nuen geratzeko. Urte hauetan guztietan ez naiz inoiz geratu, ezta hilabete bat ere. Beti pista-errepidea, pista-errepidea zurrunbiloan murgilduta nengoen, eta gustura egiten nuen, gainera. Baina lehen aldiz gorputzak esan zidan geratzeko. Eta gero beldurra nuen, egunetik egunera ez nuelako gogoa entrenatzeko. Aurrerago, ordea, ulertu dut bizikleta gustatzen zaidala, ateratzen naiz buelta bat egitera, eta adibidez, gaur gogoa dut entrenatzera joateko erlojuari begiratu gabe. Beldur hori banuen, baina orain garbi geratu zait ezetz, eta orain lehiaketarako gogoa sartu zait berriro.

 

«Ulertu dut bizikleta gustatzen zaidala; gaur gogoa dut entrenatzera joateko erlojuari begiratu gabe»

 

Nola gogoratzen duzu apirilaren 14ko egun hori?

Hainbeste gauza ari naiz egiten denbora honetan, oso gutxi pentsatu dudala egun horretan. Baina gogoratzen naiz buruz nire momenturik okerrenean nengoela. Hala ere, eguna oso lasai hartu nuen. Uste dut iritsi nintzela puntu batera, non banekien lekuz kanpo nengoela, pasata nengoela. Azken bi Munduko Kopetan, Australiakoaren ondoren batez ere, honela aurre egin nien: «Atera, egin ezazu hoberena, eta kito». Baina Olinpiar Jokoetara joateko burbuila alde batera utzi nuen. Konturatu nintzen ez nuela gaitasunik joateko, presioak menperatu zidalako, emaitzak ez nituelako lortzen, eta ez nintzelako asmatzen ari. Beraz, egun hori gogoratzen dut nahiko lasaia izan zela. Sailkapena ez nuen gainditu, eta kanpoan geratu nintzen. Agian erreakzio normala edo selekzioan espero zutena zen negar batean hastea, zuzenean kanpora joan bainintzen, baina oso lasai geratu nintzen, lasaitu ederra hartu nuen. Nork esango zuen. Pentsatu nuen sufrimendua amaitu zela. Gero telefonoa hartu nuen, entrenatzailearekin hitz egin nuen, eta hor negarra egin nuen lasai, baina ez nintzen negarrez ari kanpoan geratu nintzelako, nire sufrikarioa amaitu zelako baizik. Orain dolu handiagoa pasatzen ari naiz, Eurosport jartzen dudan bakoitzean, eta Parisen Olinpiar uztaiak ateratzen direnean. Azkeneko asteetan batez ere mina sortzen zait, baina momentuan arindu ederra sentitu nuen.

 

«Orain dolu handiagoa pasatzen ari naiz, 'Eurosport' jartzen dudan bakoitzean, Parisen olinpiar uztaiak ateratzean»

 

Gozatu baino gehiago, sufritu egin duzu. 

Bai, azkenean bi urte izan dira: iazkoa sailkatzeko, eta aurtengoa. Europako Txapelketa pixka bat banatu egiten dut Olinpiar Jokoetatik, proba hori ez delako olinpikoa. Independentea izan zen, eta horrek uste dut ez didala ezer negatiboa ekarri. Kontrara, justu segurtasuna eman dit. Inork ez dit zilarrezko domina hori kenduko, nirea da, jada lortu dut. Hortik zuzenean Munduko Kopak jokatu nituen, eta oso emaitza onak lortu nituen. Nire helburua ez zen Olinpiar Jokoetarako sailkatzea. Guk jarri genuen helburua hauxe zen: «Goazen ezagutzera zer den hau». Zer da sailkatzea? Zer estrategia erabili behar dugu Omniumean? Uste dut korronte horrek harrapatu ninduela. Lehenengo urtean hain ondo egin nuen... Munduko Kopan zazpigarren edo zortzigarren egin nuen; Munduko Kopa batean! Aurten, aldiz, gaizki hasi nintzen... gaizki ibiltzen nintzen Olinpiar Jokoetarako sailkapen probetan. Begira zer den: agian aste batean nazioarteko lasterketa bat irabazten nuen, maila onekoa, eta datorren astean beste lehiaketa batean, Munduko Kopa batean, ez nuen asmatzen, eta ez dut esaten Munduko Kopa bat irabazi behar nuenik ere. Dena zen Olinpiar Jokoen konnotazioagatik. Nire esentzia guztiz galdu nuen. 

Zer lanketa egin duzu psikologoarekin?

Alor pertsonalean denok ditugu gure gauzak, eta azkenean errendimendua nahi baduzu, arlo pertsonalean, emozionalean ere bai, baina bereziki pertsonalean, ondo egon behar duzu. Saio batzuk gehiago dira errendimendua ateratzeko, eta beste batzuk, berriz, alor pertsonalari dagozkionak, baina azkenean dena bat da. Zuk errendimendua nahi baduzu, ondo egon behar duzu, eta agian konturatzerako ni mareak jan ninduen, eta Olinpiar Jokoen helburua guztiz itxuraldatu nuen. Obsesioa ere ez, baina presio handia jarri nuen neure buruarengan. Psikologoarekin landu nuena izan zen lehiaketetara joatea, eta bigarren urtean, behintzat, disfrutatzen saiatzea. Adibidez, Hong Kongen lehiaketa ez zitzaidan ondo atera, baina lortu nuen, behintzat, bidaiaz disfrutatzea. Egun bat eduki genuen libre, eta Hong Kong ezagutu nuen. Hemendik urte batzuetara horretaz gogoratuko naiz, ez zein Munduko Kopa txarra atera zitzaidan.

Horrez gain, eszenatoki posible guztiak landu ditugu. Esaterako, ondorengo galdera luzatu zidan: «Ez baduzu lortzen, zer Eukene, prest zaude horretarako?». Ba bai prest nago, mundua ez da bukatu, eta hurrengo egunean esnatu nintzenean, ondo nengoen, eta oraindik ere jarraitzen dugu lantzen, aje mental hori etortzen zaizulako. 

Bideo bat grabatu zenuen Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu berri. Irabazten denean erraza da komunikabideen aurrean agertzea, galtzen denean ez da hain erraza. 

Saiatzen naiz beti komunikabideei kasu egiten. Zure mesedetan ari zarela iruditzen zait, nik erabiltzen dut plataforma bat esateko zer sentitu dudan edo nola joan den lasterketa. Gogoratzen naiz Olinpiar Jokoetarako sailkapena lortzen ari nintzela, esan nuela «ezin dut Jokoez gehiago hitz egin, ezin dut»; gaizki ari nintzen pasatzen eta geldialdi bat behar nuen. Bukatu zenean ere, adibidez, Track Pistarekin hitz egin nuen, komunikabide honek guri buruzko albisteak ematen dituelako, beti-beti. Pertsonalki ere asko babestu ninduen, bera izan zen Espainiako nire lehen txapelketa eta gero, 17-18 urte nituela, lehen elkarrizketa egin zidana, eta begira zenbat aldatu den. Idatzi zidan animoak emateko, eta esan nion bideo bat bidaliko niola. Ez beregatik bakarrik, baita niregatik ere. Ez da azalpen bat ematea, nire sentimenduak zein diren esatea baizik. Eskerrak ematea nirekin egon direnei, eta jakitea ere zer gertatzen den kanpoan geratzen zarenean. Bai esan behar dizut, ez duzunean lortzen, dei gutxiago jasotzen ditugula, normala izan daiteke ere bai.

Adibidez, Europako Txapelketan txapeldunorde geratu zinenean eta Olinpiar Jokoetarako txartela lortu ez zenuenean, egon da alderik?

Bai, sekulakoa. Europako Txapelketaren ondoren benetan estresatu egin nintzen. Elkarrizketa asko egin nituen, eta oraingo honetan, adibidez, oso gutxi. Asko eskertzen dut deitu egin didatelako Emakumeen Itzulian iruzkinak egiteko, baina ezin da alderatu. Garaipena askoz gehiago baloratzen da, baina askotan ere kirolariak karta batzuk bezala gara, eta ahaztu egiten dira gutaz. Guk ere behar dugu egunkari batean, irabazten dugunean gutaz idazten duten bezala, irabazten ez dugunean idatz dezatela; ahotsa behar dugu «hau gertatu zait eta kanpoan geratu naiz» esateko. 

 

«Irabazten ez dugunean ere behar dugu ahotsa esateko 'hau gertatu zait eta kanpoan geratu naiz'»

 

Aipatu duzu dolua gehiago ondoren izan dela, azken hilabete hauetan.

Oso zapore txarrarekin geratu naiz. Azkeneko urtean nahiz eta nazioarteko lasterketan sentsazio oso onak izan, ez didazu sinetsiko, baina fisikoki inoizko formarik onenean egon naiz, azkenean horiek zenbakiak dira. Baina burua eta kudeaketa emozionala ez zegoen hor. Sentsazio txarra geratu zait Munduko Kopetan, batez ere nola korritu nuen ikusita. Gogoa dut orain zapore ona berriro berreskuratzeko, eta bai, argi dut pila bat ikasi dudala honetatik. Egon naiz kirolari baten egoerarik muturrenean, Joko Olinpiko batzuetan sailkatzen... Pila bat ikasi dut; jendeak nola korritzen duen, zein estrategia erabiltzen duen. Akats asko egin ditut, baina orain askotan joaten naiz beste lasterketa batera, eta gogoratzen naiz zein akats egin nituen, eta saiatzen naiz berriro ez errepikatzen. Badakit honek arrastoa utzi didala, eta ikasi egin dudala.

Zer balorazio egiten duzu denboraldiaz?

Pixka bat arraroa izan da errepidean ez naizelako lehiatu. Baina alde horretatik ere askoz lasaiagoa izan da, lehen aldiz arreta osoa pistako lasterketetan jarri dudalako. Hilabetero Munduko Kopa bat genuen, eta gainera ez ziren etxe ondoan: Hong Kongen, Australian, eta Kanadan. Gutxienez astebete lehenago joan behar duzu hara... Alde horretatik ondo, lasaitasuna izan dudalako, bestela saltoka ibiliko nintzateke errepidea eta pista uztartzen. Baina faltan bota dut dut ere taldea, taldekideak... Bizkaia-Durangoko taldekideak faltan botatzen ditut. Baina ez dut ahaztu nahi pistan eman dudan aurrerapausoa. Egia da urtea tristea izan dela, oso gogorra... baina oraindik ez da urtea bukatu.

Eta orain errepidean korritzeko asmoa duzu?

Errepidean dudan aukera txikia da, eta laguntzen ez dizutenean are gutxiago. Argi eta garbi esango dizut, Euskal Selekzioak, adibidez, Eibar Hiria Sari Nagusia korritu zuen, eta niri ez zidaten deitu. Jende gaztea nahi zuten, eta ondo iruditzen zait, baina momentu txarretan dei bat egitea laguntzeko... are gehiago jakinda talde gabe nagoela, eskertuko nukeen. Espainiako errepideko federazioa ere, zazpi txirrindularitik pista taldeko nire sei taldekide eraman zituen Vuelta Andaluzia eta Eibar korritzera, eta niri ez zidan deitu ere egin. Uste dut ordaintzen ari naizela Olinpiar Jokoetarako ez sailkatu izana, hori da nire zigorra edo ordainsaria nolabait. Errepidean ez dut talderik, baina egon dira aukerak lasterketak korritzeko eta sinpleki deitu behar zidaten pertsonek ez didate deitu. Errepidea egiteko gogotsu nago, mutiletan junior lasterketak begiratuko ditut, eta nesketan Espainiako Kopa lasterketaren bat ateratzen bada, korritzen saiatuko naiz. Eta datorren urterako, taldea bilatzen saiatuko naiz.

 

«Ordaintzen ari naiz Olinpiar Jokoetara ez sailkatu izana, hori da nire zigorra edo ordainsaria»

 

Kontinental mailan zenbait euskal talde desagertu dira aurten araudi berria dela-eta. Bizkaia-Durango tartean. Nola ikusten duzu kontu hori?

Sekulako hutsunea ikusten dut. Torneo euskaldunak eta Espainiako Kopak uste dut geratu direla geratu behar ziren tokian, amateur mailan, alegia. Baina ikusten dut nesketan amateur mailak ez duela mutiletan duen saltoa. Amateurretan lasterketa batzuk egiten badituzu, profesionaletan bide bat ireki dezakezu, baina nesketan bidea Laboral Kutxa da. Oso maila altuan dagoen taldea da, ez dago World Tour mailan, baina Tourra korrituko du, baita Giroa ere. Movistar, Eneicat ere hor daude... Asko mugatu da, eta ez da ondo kudeatu, hutsune handi bat dago, eta etorkizunera begira ez dakit zer gertatuko den. Hor lotura lana egiten zutenak Bizkaia eta Sopela ziren, eta orain lotura hori ez dago. 

Aipagarria da Zatika bezalako talde bat Euskal Herri mailan egiten ari dena, pixka bat ardura hori hartu du. Eibar korritu zuten, bai eta Durangon ere. Pixkanaka nazioarteko lasterketak ari dira korritzen, eta gero estatu mailako lasterketetara txirrindulariak eramaten ditu. Ziklista asko ditu, eta  eskualdeko gehienak hortxe daude. Ikasten ari diren neskak dira, eta ez zaie presioa sartzen alde horretatik. Halako taldeak behar dira, eta Zatika oso lan garrantzitsua egiten ari da. Baina momentu honetan nahaste handia dago, profesionalismoa emakumeetan ez baita ari proportzionalki joaten. Orain nazioartean, adibidez, lasterketa pila bat daude, baina taldeak ez dira iristen, ez daudelako txirrindulariak bi lasterketetan parte hartzeko aldi berean, bikoizteko, alegia. Eta gero geratu gara batzuk bidean ezer gabe.

Kontinental mailan ezarri zituzten baldintzak taldeentzat, beraz, ondo al daude?

Nire belaunaldiaren kasuan, jubeniletan hasten zara, eta eliteekin korritzen genuen. Eta gero bidea zen Sopela, Bizkaia edo Meruelo. Horietako batera joaten zinen, eta kito. Profesional izatea utopia bat zen. Sopelak edo Bizkaia-Durangok Giroa edo nazioarteko lasterketak korritzen dituzten arren, txirrindulariek ez zuten horretan jarduten, ikasten ari ziren. Adibidez, Alicia Gonzalez ziklistak Biokimikako ikasketak ditu. Horrekin esan nahi dut orain Movistarren edo profesionalak diren guztiek ikasketak egin dituztela. Zer gertatzen da? Orain Laboral Kutxa batean bidea ikusten duzu, baina oraindik uste dut guk buruan ez dugu profesional izatea sartuta. Orain da ikasketak egiten ditut, baina profesionala izateko aukera dut. Baina oraindik ez da egiten apustu hori.

Nik ikasketak egitea defendatzen dut, baina agian ikasgai gutxiago hartuta, eta apustu eginda profesionala izateko. Oraindik ez da bide hori argi ikusten. Gero, berriz, beste batzuk erdian gaude; ikasketak atera berri ditugunak, baina ez dugunak ezer. Orain ere gaztetasuna bilatzen da, ni 26 urterekin zaharra naiz [barrez]. Oraintxe bertan ez dakit junior batek edo 23 urtez azpikoan dagoen batek, argi duen zer egin behar duen Laboral Kutxara edo Movistarrera pasatzeko. Ematen du nazioarteko lasterketetan maila eman behar dutela; amateur mailan, ez baitu balio Espainiako Kopa bat irabazteak. Orduan zer pentsatzen dute? Ba ikasten jarraitu behar dela.

Urrian duzu pistako hurrengo txapelketa. 

Aurreko astean esan nion prestatzaileari berriro ere hasi nahi nuela ondo entrenatzen. Epemuga gradu amaierako lana entregatu arte zen. Lehenengo egiten nuen hori, eta ez banuen denbora gehiago kirola egiteko, ez nuen egiten. Mendian ibili naiz, baita korrika eta bizikletan ere. Gogoa dut entrenatzeko. Helburuak oraindik zehazteko ditut, baina esan nion begiratzeko lasterketak. Pistan nazioarteko lasterketak uztailean eta abuztuan dezente daude; Txekiar Errepublikan, Alemanian... Horietara joateko gogoa dut. Nahi dut ikusi zer den lehiatzea, Olinpiar Jokoen konnotaziorik gabe. Urrian Munduko Txapelketa da. Espektatibarik gabe joango naiz, berriro ere korritu nahi dut Paris 2024an pentsatu gabe. 

Eskualdean Oriako Txirrindulari Eskola dago. Ezagutzen dituzu bertako neskak?

Bai, kadete mailakoak oraindik ez dira joaten nazioarteko lasterketetara edo Espainiako selekziora. Baina junior mailan eskualdean Ayala Serrano, Maider Olano, Izaro Etxarri eta Andoaingo Irati Aranguren daude. Espero dut inor gehiago ez ahaztea, baina lau horiek, adibidez, Espainiako selekzioarekin ari dira korritzen errepidean. Sekulako maila polita dugu. Baina orain ikusi nahi dut txirrindulari horiekin zer kudeaketa egiten den. Argi eta garbi errua Espainiako Federazioari botatzen diot, gauzak egiten dituen moduagatik, klubak ahal dutena egiten ari dira. Azpimarratzekoa da Oriakok aurten lehen aldiz 23 urtez azpikoen eliteen nesken taldea atera duela, orain arte bakarrik kadeteak eta jubenilak bakarrik zituzten, eta nesketan apustu hori egin du. Zatikarekin batera, nesketan erreferentziazko taldeak beraiek dira, baina profesional izatetik urruti, noski. 

 

«Argi eta garbi errua Espainiako Federazioari botatzen diot, gauzak egiten dituen moduagatik»

 

Zure kasuan talderen batekin hitz egin duzu errepiderako?

Bai, zerbait hitz egin dut, eta saiatzen ari naiz. Agian kanpora joango naiz. Lehen aldia izango da ez dudala loturarik hemen, lehen unibertsitateak lotzen baininduen. Agian errepideko talde bat ateratzen bazait pistan ere ikusiko nuke, ez dut utzi nahi. Taldearekin korritzen jarraituko nuke, baina Espainiako Federazioarekin dudan harremana ez da ona. Momentu honetan pisu emozional negatibo bat da, ez dago giro ona. Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu eta gero, nahiko tratu txarra eduki dut, eta oraintxe bertan asko ilusionatuko ninduke errepideko talde batek. 

Errepideko taldea belgikarra edo euri asko egiten duen lekuren bat izango ote da?

Egia esan oraindik ez dakit. Ez dut ezer, bestela pistaren bat emango nizuke [barrez]. 

Euskal Herrian igotzaile asko daude, ez, ordea, hainbeste lasterketa bat korritzen dutenak, klasikoak korritzen dituzten. Belgika aldera edo Europako iparraldera joan behar dute halako ziklistek?

Ez du zertan. Nik dudan beste handikapa da, pista ez dudala inoiz alde batera utzi. Hemen errepidean, bai nesketan, bai mutiletan, ez dute begi onez ikusten beste modalitateak egitea. Hala ere, demostratzen ari dira diziplina desberdinak egitea guztiz bateragarria dela. Niri askotan esaten didate pista utziko banu errepidean gehiago ibiliko nintzatekeela edo kilo batzuk gutxiago edukita hobeto igoko nintzatekeela. Espainiako egutegia begiratuta, adibidez, maiatzean izan ziren lasterketa gehienak: Itzulia, gora dena; Durango-Durango zer esanik ez, Eibar Arraten amaitu zen, Burgosek eta Espainiako Vueltak denetarik izan dute, baina egia da beti tendentzia dela goraka izatea. Profil hori bilatzen da, eta hortik kanpo gaudenak zailagoa dugu, eta hori errealitate bat da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!