Zahartzen ari badira ere, ilusioz eta aurrera jarraitzeko gogoarekin daudela dio Xabier Zeberio (Tolosa, 1978) taldekideak. Duela 25 urte sortu zen Alos Quartet talde tolosarra, eta bere urteurrena ospatzeko, lehen aldiz, bira berezia antolatu dute Ameriketara. Denera lau kontzertu eskainiko dituzte Kolonbian eta Kuban. Abentura polita izango dela dio Zeberiok, «gure musika bertan zabaltzeko gogoarekin gaude».
Taldearen 25. urteurrena ospatzeko, bira berezia egingo duzue Ameriketara. Nola iritsi zitzaizuen bertara joateko aukera?
Duela bi urte Bogotako Teatro Mayor Julio Mario Santo Domingo antzokian izan nintzen, Amaia Elizaranekin batera, bi emanaldi eskaintzen. Orain, Alos Quartet taldearekin batera bueltatzeko aukera sortu da. Antzoki horrek Etxepare Institutuarekin hitzarmen bat dauka, eta urtero bi euskal konpainia edo musika talde joaten dira emanaldiak eskaintzera, Ventana Vasca izeneko zikloaren bueltan. Beraz, behin han geundela pentsatu genuen interesgarria izango zela beste kontzertu batzuk lotzea. Horregatik, Bogotatik Kubara salto egitea erabaki genuen. Honela, Kuban beste hiru kontzertu eskainiko ditugu; lehen kontzertua La Habanako Teatro de Bellas Artes antzokian izango da, bigarrena Matanzas hiriko Teatro Jose White antzokian, eta azkenik, La Habanara bueltatuko gara eta Fabrica de Arte Cubano aretoan egingo dugu azken emanaldia.
Zerbait berezia antolatu duzue?
Taldeko bost kide goaz, taldea osatzen dugun laukotea eta gure teknikaria. Gure 25. urteurrenarekin kointziditzen duenez, gure ibilbide guztiko errepertorioa eskaintzea erabaki dugu. Zerbait berria estreinatzeko ere aprobetxatuko dugu, eta lau kontzertuak, printzipioz, berdinak izango dira. Desberdintasun bakarra Kuban izango da. Alegia, Ernesto Oliva izeneko bertako pianista gazte batekin kolaboratuko dugu eta Kubako hiru kontzertuetan gurekin parte hartuko du. Horietan bere konposizio pare bat joko ditugu eta berak gure konposizio pare batzuetan ere parte hartuko du. Interesgarria izango da, eta ikusiko dugu ea zer suertatzen den.
Talde bezala lehen aldia izango duzue Ameriketan. Zer espero duzue?
Ameriketara lehen aldia izango dugu bai, eta abentura polita izango dela espero dugu. Gogo handiarekin gaude, zerbait berezia izango baita seguru. Amerikak badu bere xarma, Bogota ezagutzen dugu eta gutxi gorabehera badakigu zer topatuko dugun. Gainera, bertako antzokia aski ondo ezagutzen dugu. Kuba, ordea, ez dugu ezagutzen eta hori bai izango da abentura. Gainera, bertako egoera nahiko gaizki omen dago, baina taldeko txelojolea kubatarra da eta berarekin izango dugu nahiko laguntza bertan, herrialdea asko ezagutzen baitu. Hala ere, gure musika bertan zabaltzeko gogoarekin gaude. Etxera bueltatuta, bidaiaren making-of bat egiteko asmoa ere dugu.
Kubako egoera kaxkarra aipatu duzu. Arazorik izan duzue antolakuntzan?
Kuban alde batetik bestera mugitu beharko dugunez, garraio egoera oso gaizki dago, ez dagoelako erregaia, ezta autobusik ere. Beraz, alde horretatik dena lotzea asko kostatu zaigu, baina lortu dugu. Hala ere, oso ondo pasatuko dugu seguru eta taldearentzat esperientzia oso polita izango da. Bueltan kontatuko dugu ea zerrekin egin dugun topo.
Mende laurdena bete berri duzue. Nola borobilduko zenituen urte guzti hauek?
Hegan pasa dira eta 25 urte bete ditugula pentsatzeak bertigoa ematen digu. Aitzakia horrekin hasierako argazki batzuk ikusten, zenbat euri egin duen eta zenbat zahartu garen ikusten dugu. Hala ere, pozik gaude egindako bidearekin, ilusioz eta aurrera jarraitzeko gogoarekin. Azkenean, 25 urte anekdota bat da, baina ondo dago atzera begiratzea eta egin ditugun gauza guztiak baloratzea. Aurrera begira ere baditugu hainbat proiektu eta horiei eusteko gogotsu gaude. Pozik gaude hemen gaudelako, eta hori ospatu beharra dago.

