Burbuila magikoen ikuskizuna bihar, San Esteban auzoan

Ataria 2024ko uztailaren 24a

Iturria: Burbujas Mágicas Pomper

Tolosako Kultura Plazara ekimenak San Esteban auzoan egingo du geldialdia bihar; ez da auzoetan egingo duten ekitaldi bakarra, Larramendi, Aldaba, Bedaio eta Urkizun ere izango da zer ikusia.

Tolosako Udalaren udako kultur eskaintzaren barruan burbuila magikoen ikuskizuna izango da bihar, San Esteban auzoan, 22:00etatik aurrera. Lady Pompiduk eta Lord Pomperrek beren xaboi sorkuntza magikoak erakutsi eta partekatuko dituzte Ttonttor elkartearen aurreko plazan, eta udalak esan du burbuilak airean hegan egingo dutela musikaren erritmora, eszena koloretsuak osatuz.

Kultura Plazara ekimena irailaren 29ra bitarte luzatuko da eta biharkoa ez da auzoetan egingo duten ekitaldi bakarra. Abuztuaren 23an Larramendi auzoan Welcome & Sorry antzezlana ikusi ahal izango da 19:30etik aurrera; irailaren 1ean Aldaba auzoan Ztandap, binakako elkarrizketak bakarrizketa ikusi ahal izango da 18:00etan; irailaren 7an Bedaioren txanda izango da eta  Grimm Anaien Parkea ikuskizuna egongo da 18:00etan; eta irailaren 14an Urkizun, Kalakan taldearen kontzertua ikusi ahal izango da. Irailaren 27tik 29ra Zumardiaundiak Kultura Plazara jaialdia hartuko du, udako eskaintzari amaiera emanaz. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!