Belako, Janus Lester eta Mikel Urdangarin Tolosan ikusteko aukera

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 27a, 17:58

Irailaren 27tik 29ra Zumardiaundian ospatuko den ‘Kultura Plazara’ jaialdian ariko dira; aurrez, udako hilabeteetarako, kultur ekitaldien eskaintza zabala prestatu du udalak.

Tolosako Udalak udako eskaintza aurkeztu berri du. Uztailaren 5etik irailaren 29ra bitarte, musika, antzerkia, dantza, literatura, zinema edota haurrentzako ekintzak uztartuko ditu egitarauak. Goiuri Ezeiza kultura zinegotziak esan duenez, hitzordu gehienak kalean izango dira, «kulturaz plazan gozatzea baita helburu nagusienetako bat». 

Hiru dira aurtengo eskaintzaren berrikuntza nagusiak. Alde batetik, Kultura Plazara jaialdia iraila amaieran ospatuko da aurten, eta Zumardiaundian; azken urteetan uztailean egin izan da, eta Zumarditxikian. Zinema ere izango da aurten Leidor aretoan; ia astero pelikula bana proiektatuko da, igandeetan eta astelehenetan. Horrez gain, haurrentzako ekintzak antolatu dira, herriko hiru ludotekekin elkarlanean.

Goi mailako emanaldiak eta sortzaileen azoka

Aurten, udari itxiera emango dio irailaren 27tik 29ra ospatuko den Kultura Plazara jaialdi nagusiak. Hiruna emanaldi izango dira lehen bi egunetan. Ostiralean, Amaia Elizaran tolosarrak dantza ikuskizun berria egingo du eta Janus Lester eta Belako taldeen kontzertuez gozatu ahal izango da. Larunbatean, Alurr dantza taldeak Zamaltzain ikuskizuna eskainiko du, eta iluntzean, Mikel Urdangarin eta Mugan arituko dira.

Igandean, berriz, Tolosaldeko sortzaileen azokak itxiko du jaialdia. Artea, arropak, serigrafia, pinturak, bitxiak edota bestelako lanak sortzen dituzten ekoizleek parte hartu ahal izango dute azokan. Parte hartzeko deialdia zabalik da, eta interesatuek mezua bidali beharko dute kultura@tolosa.eus helbidera, honako datuak adieraziz: izen-abizenak, ekoizten duenaren inguruko xehetasunak, harremanetarako telefono zenbaki eta helbide elektronikoa, sare sozialak eta sortzen dituen lanen argazki pare bat. Uztailaren 15a izango da izena emateko azken eguna.

Zinema

Aurtengo uztaila eta abuztuan zinema eskaintza izango da Leidor aretoan, azken urteetan zinema zaleek egindako eskariari erantzunez. Filmak igandeetan –19:00– eta astelehenetan –19:30– proiektatuko dira, uztailaren 7an hasita; astelehena ikuslearen eguna izango da. «Udako zinema bonua sortu beharrean, udazkeneko zinema bonua erosteko aukera aurreratu egingodugu, eta uztailaren 1etik aurrera erosi ahal izango da. Hortaz, udako eta udazkeneko zinema saioak bonu bera erabiliz ikusi ahal izango dira, beti ere, erositako bonuaren araberako kopuruaren barruan», azaldu du Ezeizak.

Haurrentzako ekintzak

Parte hartze bidezko aurrekontuen aldaketak tarteko, herriko gazteentzat ekintza puntualak antolatzera bideratu da aurrekontuaren zati bat. Ekintza horiek herriko hiru ikastetxeetako ludotekekin elkarlanean antolatu ditu udalak, guztiak batu daitezen. «Ludotekek behar bereziak dituzten haurrei arreta eman ahal izateko, formazio zehatza duten begiraleak ere kontratatuko ditugu», gaineratu du zinegotziak. 

Uztailaren 12an, San Fermin txiki eguna ospatuko da, Plaza Zaharrean. Txupinazoa, Erraldoi eta Buruhandien konpartsako zezentxoekin entzierroa eta dultzaineroak izango dira. Ondoren, hamaiketakoa egingo dute Plaza Zaharrean. Uztailaren 19an, berriz, ur-parkea jarriko da Larramendi auzoan. 11:30etik 13:30era, ludoteketan izena eman duten haurrentzat izango da; 16:30etik 19:00etara, berriz, irekia, nahi duen ororentzat.

Horrez gain, datorren astean abiatuko dira udalak antolatutako gazte auzolandegiak; ia leku guztiak agortuta, bost talde osatu dira aurten: ingurumen auzolandegietako bi, auzolandegi artisitikorako beste bi, eta Irulegi eta Murillo de Gallegoko auzolandegi itxietarako talde bat. «Lehen bi taldeetako gaztetxoak Iurreamendiko baratze parkean arituko dira auzolanean, bide batez, baratzezaintza ere gertutik ezagutu dezaten», esan du Ezeizak.

Literatura

Udal liburutegiek ere udako eskaintza prestatu dute. Alde batetik, udal liburutegiko terraza zabalduko dute uztaila eta abuztuan, bertan irakurri ahal izateko. Haur liburutegian ere Biblioporrak egitasmoa abian da. 0 eta 16 urte bitarteko haurrentzat liburu proposamenak daude eskuragarri haur liburutegiko ganbaran, adinaren eta hizkuntzaren arabera sailkatuta.

Usabal kiroldegiko igerilekuan ere izango da liteaturaz gozatzeko aukera. Etxola jarriko dute, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 19:00etara, liburuak bertan hartu eta irakurtzeko. Etxera maileguan emateko eskaera ere egin ahal izango da bertan, bai etxolan dauden liburuekin, baita liburutegian daudenekin ere.

Landa auzoetara, autobusez

Ohikoa den moduan, Beste plazak lelopean, auzo batzuetara zabalduko da udako kultur eskaintza. Landa auzoetako emanaldietarako autobus zerbitzua eskainiko da. Emanaldia hasi baino ordubete lehenago irtengo da autobusa San Frantzisko pasealekuko geltokitik. Izena ematea beharrezkoa izango da, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.

Egitaraua
  • Uztailak 5, ostirala. 19:30, Berazubi. Antzerkia: Dale Ramon!, Trapu Zaharra taldearekin. Sergio Arrospide eta Santi Ugalde.
  • Uztailak 7, igandea (19:00) eta uztailak 8, astelehena (19:30) Leidor aretoa. Zinema: Del Reves 2 (Inside Out 2).
  • Uztailak 12, ostirala.
    • Plaza Zaharra. San Fermin Txiki eguna. Txupinazoa, haurren entzierroa, dultzaineroak eta hamaiketakoa.
    • 22:30, Plaza Zaharra. Kontzertua: Sara Azurza. Iker Lauroba, Haritz Lauroba eta Julen Barandiaranek lagunduta.
  • Uztailak 14, igandea (19:00) eta uztailak 15, astelehena (19:30) Leidor aretoa. Zinema: Horizon: An American Saga. 1. kapitulua. Astelehenan, jatorrizko bertsioan.
  • Uztailak 19, ostirala.
    • Ur-parkea Larramendi auzoan. 11:30etik 13:30era ludoteketako haurrentzat; 16:30etik 19:00etara, irekia, nahi duen ororentzat.
    • 20:00, Lopez-Mendizabal pasealekua. Kontzertua: Tolosako Udal Musika Banda.
  • Uztailak 21, igandea (19:00) eta uztailak 22, astelehena (19:30) Leidor aretoa. Zinema: Gru 4. Mi Villano favorito.
  • Uztailak 25, osteguna. 22:00, San Esteban auzoa. Burbuila magikoak ikuskizuna. Xaboi burbuilak musikaren erritmora aireratzen ditu.
  • Abuztuak 11, igandea (19:00) eta abuztuak 12, astelehena (19:30) Leidor aretoa. Zinema: Padre no hay más que uno 4: campanas de boda.
  • Abuztuak 12, astelehena. 20:00, Andre Maria parrokia. Organo kontzertua: Matias Sagreras.
  • Abuztuak 18, igandea (19:00) eta abuztuak 19, astelehena (19:30) Leidor aretoa. Zinema: Vidas perfectas.
  • Abuztuak 23, ostirala. 19:30, Larramendi auzoa. Antzerkia, publiko guztientzat: Welcome & Sorry.
  • Abuztuak 25, igandea (19:00) eta abuztuak 26, astelehena (19:30) Leidor aretoa. Zinema: Odio el verano.
  • Abuztuak 30, ostirala. 20:00, San Frantzisko pasealekua - Txurreria. Kontzertua: The Donkey Riders. Jon Aira, Marti Elias eta Iker Piris.
  • Irailak 1, igandea. 18:00, Aldaba auzoa. Bakarrizketa: Ztandap, binakako elkarrizketak. Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai.
  • Irailak 7, larunbata. 18:00, Bedaio auzoa. Ikuskizun familiarra: Grimm Anaien Parkea, Erre Produkzioak taldearen eskutik. Maria Martinez, Gorka Minguez eta Alfonso Diez.
  • Irailak 14, larunbata. 18:00, Urkizu auzoa. Kontzertua: Kalakan.
  • Irailak 27-29. Zumardiaundia. Kultura Plazara jaialdia.
    • Irailak 27, ostirala.
      • 19:30. Dantza: Amaia Elizaran eta Neønymus musikaria.
      • 20:00. Kontzertua: Janus Lester.
      • 22:30. Kontzertua: Belako.
    • Irailak 28, larunbata.
      • 13:00. Dantza: Alurr dantza taldearen Zamaltzain ikuskizuna.
      • 20:00. Kontzertua: Mikel Urdangarin.
      • 22:30. Kontzertua: Mugan.
    • Irailak 29, igandea.
      • 11:00. Tolosaldeko sortzaileen azoka. Produktuak: artea, arropa, serigrafia, pintura, bitxiak… Izen-ematea uztailaren 15era arte, kultura@tolosa.eus helbidera idatzita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!