Bileran aipatutako ideia nagusiak, hamar puntutan laburbilduta:
- Parte hartze oso altua. Parte hartze oso altua izan dute jaiek egunero, baina, batik bat, Kuadrilla Egunean eta San Joan eguneko eskopetarien alardean. «Antolatutako ekitaldi gehienetan ere jende ugari batu da, hala nola, kontzertuetan, haurrentzako jolas eta ikuskizunetan, eta txapelketetan».
- Gertakari larririk ez. Ez da gertakari larririk izan, lapurreta eta saltokiren batean eragindako kalteren bat salbu.
- Zezen suzkoa. Ederra izan zela ondorioztatu dute, beste behin, nahiz eta ez zen inauterietakoa bezain jendetsua izan. «Zentzu horretan, ordua atzeratzeko ideia planteatu da, afal ondorenean asti gehiago izateko. Datorren urtera begira aztertuko da aukera hori», ondorioztatu zuen jai batzordeak.
- Kuadrilla Egunean fintzeko hiru ideia. Giro ederra izan zen egun osoan zehar, goizeko jolasetatik arratsaldeko erromeria eta kalejiretaraino. Hala eta guztiz ere, are gehiago fintzeko puntu batzuk ere ikusi dira.
- Txupinazoa. Suziria modu seguruagoan botatzeko neurriak hartu behar direla nabarmendu dute, ezustekorik gerta ez dadin.
- Bazkal ondorengo sarrera-irteerak. Bazkariaren ondoren, Euskal Herria plazara garbiketako ibilgailuen sarrera beste modu batera antolatzeko aukera aztertu behar dela ondorioztatu zuten, kuadrillen kalejirarekin bat egin ez dezan.
- Zaborra. Hala eta guztiz ere, bazkarian sortzen den zabor kopurua oso handia da urtero. «Eragina gutxitzeko zein neurri hartu baloratu beharko da datorren urteko antolatzaileekin, nahiz eta kuadrilla bakoitzak ere ardura handiagoa hartu beharko lukeen».
- San Joan suaren ondorengo ikuskizuna, laburragoa. Euriak baldintzatu zuen San Joan suaren ondorengo ikuskizuna. Horren ondorioz, beste batzuetan baino motzagoa izan zen. Bada hori begi onez ikusi duenik ere, eta hurrengo urteei begira ekitaldia laburtzeko proposamena ere egin du parte hartzen duen eragile batek. «Aukera horren inguruan hausnartuko da parte hartzen duten taldeekin, nahiz eta aldaketarik egitekotan beharrezko ikusten den eragileen adostasuna izatea».
- Eskopetarien jarrera ona. Eskopetarien alardearen neurriak zorrotz betetzeko deia egin zuten udalak eta konpainiek, eta parte hartzaileen jarrera ona nabarmendu dute. «Kontrol guztiak ondo egin ziren eta ez zen gertakari negatiborik izan». Bide beretik jarraitzeko nabarmendu dute.
- San Joan egunean, Trianguloan leku gehiago publikoarentzat. San Joan egunean, arratsaldean Trianguloa plazan egiten den eskopetarien bilkurarako espazioa berrantolatu zuten aurten: konpainia guztiak Rondilla kalearen aldean eta errepidean bertan jarri ziren. Horrela, bilkura, Bordon Dantza eta udal ordezkarien dantzak ikustera gerturatzen ziren herritarrei leku gehiago eskaini zitzaien. «Aldaketak ondorio positiboa utzi du: azken urteetan baino jende gehiago batu da une horretan», ondorioztatu zuten bileran.
- Garbiketa. Garbiketa zerbitzua indartu bazen ere, egun batzuetan are gehiago indartu beharra dagoela ondorioztatu zuten bileran. «Kuadrilla Egunaren eta San Joan egunaren ondoren, esate baterako, zabor kopuru altua zegoen kaleetan. Garbiketa enpresak berak aitortu zuen aurreikuspen guztiak gainditu zirela egun horietan, eta uste baino zailagoa izan zela beraien lana».
- Kontzertuak. Jendetsuak izan dira plaza guztietan antolatu diren hitzorduak. Kontzertuen amaiera ordua aurreratu zen egun bat baino gehiagotan, horietako bat arratsaldera mugitu eta gauerako bakarra utziz. «Begi onez ikusi da aldaketa hori. Hala eta guztiz ere, atsedenaren eta festaren arteko oreka hobea lortzeko bidea dago egiteko».
- Langile askoren lana. «Brigadako langileak, kultura eta festetako teknikariak, udaltzainak, garbitzaileak... Lan ikusezinak dira askotan, baina guztien lana nabarmentzekoa izan da festetan zehar, guztia behar bezala egon zedin», adierazi du udalak.