Hitzetik Ekintzetara egitasmoaren amaiera ekitaldia egin dute

Ataria 2024ko ekainaren 29a

Tolosako udaletxearen osoko bilkura aretoan elkartu dira, Topa! jaialdia egiteko.

ArantzazuLab, Kutxa Fundazioa eta Kalea(n) Bizi egitasmoak antolatutako Hitzetik Ekintzetara ekimenaren Topa! jaialdia egin dute gaur goizean zehar Tolosako udaletxearen osoko bilkura aretoan. Leire Olano Kutxa Fundazioaren kideak azaldu duenez, Hitzetik Ekintzetara egitasmoaren helburua da «herritarren aktibazioa eta parte hartzea sustatzea Agenda 2030aren inguruan. Aurten izan da bigarren urtea martxan jarri dela, eta maiatza eta ekaina bitartean Gipuzkoan zehar ekintza ezberdinak egin dira, Klik izenekoak, herritarrengana iristeko. Klik horiek sortu dira elkarte ezberdinen baitan, elkarlan batzuk sortuta edo jada martxan dauden proiektu batzuei bultzada emanda. Guztira hamasei ekintza egin dira, eta gaurko ekitaldiarekin itxiera eman zaio egitasmoari».

Urtero garapen jasangarriko helburu bat hartu izan da Hitzetik ekintzetara egitasmoan, eta aurtengoa hamaikagarrena izan da, «hiri eta komunitate jasangarriena», Olanok azaldu duenez. «Horren barruan, hiru gai jorratu dira egitasmoan zehar: ongizate mentala, bakardade ez aukeratua eta belaunaldiartekotasuna».

Informazio gehiago albiste honetan

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!