Topa! jaialdia hartuko du Tolosak hurrengo larunbatean

Ataria 2024ko eka. 21a, 16:00

Adinekoekin solasteko Banku partekatua izeneko ekimena burutu zuten. Kutxafundazioa

Hitzetik Ekintzetara egitasmoko bigarren edizioa borobiltzeko jaialdia izango da, Tolosako Euskal Pizkundea plazan, goiz osoan.

Datorren larunbatean, hilak 29, amaituko da Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren bigarren edizioa, Tolosako Euskal Pizkundea plazan egingo den Topa! jaialdiarekin. ArantzazuLab, Kutxa Fundazioa eta Kalea(n) Bizi egitasmoak elkarlanean antolatu dute itxiera ekitaldia.

Hiri eta komunitate jasangarriak sustatu asmoz, Gipuzkoan zehar herriz herri antolatu dituzte ekitaldiak, azken hilabeteetan. Komunitatea indartu eta hiri inklusibo, seguru, erresiliente eta jasangarriak lortzea da ekimenaren helburua. Espazio publikoan marjinazio eta kalteberatasun egoerak jasaten dituzten taldeen parte hartzea eta ikusgarritasuna sustatzea, hauen ahalduntzea eta hiri diseinuan integratzea, gai hauen inguruko sentsibilizazioa egitea eta elkarrizketa eta parte hartzea sustatzea dira, besteak beste, ekitaldiaren funtsak.
 
Hala, antolatzaileek azaldu dutenez, Topa! jaialdiak gozatzeko eta harreman berriak eraikitzeko aukera emango du, herritarren parte hartzea, elkartrukea eta hausnarketa bitarteko. Jaialdian parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da, eta Kutxa Fundazioaren webgunetik egin ahalko da eguna.
 
Aurtengo edizioak lurraldeko 20 eragile baino gehiagoren laguntza izan du, eta, guztira, 16 jarduera antolatu dituzte Gipuzkoan zehar: gure hirien etorkizunari buruzko irudikapen artistikoa, Tabakaleran 70 pertsona baino gehiago bildu zituena; adinekoen eta boluntarioen arteko elkarrizketak; Antiguo auzoan hogeita hamar bat herritarrek egindako ibilaldia, irisgarritasunari eta iraunkortasunari buruz hausnartzeko; eta belaunaldien arteko beste bat, Arrasaten 100 pertsona baino gehiago bildu zituena. Halaber, birziklatutako latak baliatuz instalazio artistiko bat egin zen Eibarko Gipuzkoa plazan, aukeratu gabeko bakardadea ikusarazteko eta horri buruz hitz egiteko, baita garai bateko jolasak gogoratzeko eta haurrak eta adinekoak elkartzeko jarduera ere Zumarragan.
 
AHIKU Arkitektura, Anakon, Ashoka España, Artaziak, Coro Easo, Debegesa, UPV/EHUko Arkitektura Ikasleak eta CAVIAR Ikerketa Taldea, Eibar Lanbide Heziketako Institutua (IMFP), Elkartu, Emaus Fundazioa, Etiopia utopia, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa (GKEF FGDA), Gure Txoko Elkartea, Gurutze Gorria, Helduak adi, Irati Santxez (Ekoliderra), Jatorkin Al-Nahda Elkartea, Matia Institutua, Matiazaleak, Mindara Elkartea, Naizen Elkartea, Pausoka, SOS Arrazakeria Gipuzkoa, The Languages of Energy eta beste hainbat eragilek antolatu eta gauzatu dituzte proposamenak.

Egitaraua:

  • 10.00-10.30. Ateen irekiera. Sarreran edizio honetako KLIK Programaren testuinguruan gauzatu diren jardueretan bizitako esperientziak jasotzen dituzten panelekin seinaleztatutako erakusketa egongo da.
  • 10.30-11.00. Ongietorria eta lehen ekintza esperimentala: Aurreiritziak hautsiz. Desberdinak konektatzea eta elkarren artean komunean dutena aurkitzea ditu helburu esperientziak.
  • 11.00-12.40.  Jolas parte-hartzaileak: harremanen inguruko hausnarketa, ikuspegi desberdinak landuz. Adinen araberako 5 guneetan banatuta egongo da eta gune bakoitzean jolas desberdin bat egingo da.
  • 12.45-14.00. Mahai-ingurua: mokaduak eta konexioak. 
  • 14.00. Jardunaldiaren itxiera eta elkartrukea: etorkizunean elkar laguntzeko opariak.
     

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!