Txupinazoaren eguna izatearekin batera, Helduen eguna ere bada gaurkoa, San Joan jaietan. Hamaiketakoa egin ostean, kalejiran Zerkausira joan dira adinekoak, bertan bazkaria egiteko, eta ondoren dantzaldia izan dute.
Erraldoi eta Buruhandiek ere ez dute hutsik egin nahi izan, eta Gernikako Arbolatik Plaza Zaharrera bitarteko bidea euren dantzekin alaitu dute. Udaletxeko balkoian izan da hurrengo arreta gunea. Bertan, Aiora Zulaika Pirritx-ek izan du sanjoanetako txupinazoa botatzeko ardura. Bere alboan izan ditu Tolosako hainbat haur, eta guztiek batera kantatu eta dantzatu dute Maite zaitut abestia, egokitutako hitzekin, eta baita zeinu hizkuntzan ere. Tolosar guztiei aniztasunean festez gozatzeko gonbita luzatu die Pirritxek, «denentzako baitago lekua». Bere pailazo lagunez gogoratu da, eta baita dagoeneko gure artean ez dauden gertukoez ere. Suziria bota eta festa lehertzearekin batera txaranga doinuak zabaldu dira.
Plaza Berrian izango da hurrengo hitzordua. Bertan, Peachy Joke musika talde tolosarraren itzuleraz gozatu ahal izango da. 2008 eta 2015 urteen artean bost disko kaleratu zituen taldeak, eta zortzi urteko etenaren ostean, oholtza gainean jarriko dira. Gaurkoa, gainera, «hasiera berri bat» izango dela eurentzat kontatu dute, eta kontzertu gehiago egiteko aukera sortuz gero, prest daudela esan dute.
Ondoren, sanjoanetako berrikuntzetako bat etorriko da, zezen suzkoa. Inauterietako arrakasta ikusita, San Joan jaietan ere egitea erabaki dute, eta Naparzubia eta Plaza Zaharra zeharkatuko ditu 22:00etatik aurrera. Eguna Nogen taldearen kontzertuarekin borobilduko da. Donostiarrak Plaza Berrian ariko dira.
Egun handiak aurretik
Gaurko egunaren ostean, sanjoanetako hiru egun handiak iritsiko dira. Batetik, bihar, Kuadrillen eguna izango da, eta egunean zehar askotariko ekitaldiak izango dira, musika protagonista izango delarik. Hain justu, Et Incarnatus orkestraren solstizio kontzertua ere izango da bihar. Eguraldiagatik, lekualdatu egin dute, eta Urkizun egin beharrean, Gure Zirkuan izango da emanaldia, eta arratsaldean egin ordez, eguerdian izango da.
Igandea, berriz San Joan bezpera izango da. San Joan sua izango da eguneko ekitaldi nagusia, baina badira nabarmentzeko gehiago ere. Izan ere, jaietako aurtengo beste berrikuntzetako bat igandean izango diren estropadak dira. Arraunak historikoki lekua izan du sanjoanetan, eta aurtengoan TAK-eko batelen arteko desafioa izango da goizean. Hain zuzen, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan aritu diren infantil, kadete eta jubenil mailako taldeak ariko dira nor baino nor gehiago. Gainera, TAK-ek emakumezkoen traineruaren aurkezpena egingo du segidan Plaza Zaharrean eta ontziaren izen berria ere emango dute ezagutzera.
Eta, astelehenean, azken egunarekin iritsiko da festetako egun handia, San Joan eguna. Bordondantzariek eta eskopetariek hartuko dute herria egun osoan zehar. Txaranga doinuak su artifizialak edota erromeria ere izango dira eguna alaitzeko.
EGITARAUA
- Ekainak 22, larunbata. Kuadrillen eguna.
- 10:30. Haurren entzierroa, Plaza Berritik hasita.
- 11:30. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, Plaza Zaharretik.
- 12:00. Kuadrillen Eguneko txupinazoa Plaza Berrian, Jainekin txarangak eta GiroArte dultzaina taldeak alaituta. Txosnagunean hamaiketakoa.
- 12:15. BatuMore Batukada feminista, kalez kale.
- 12:30. Et Incarnatus Orkestraren solstizio kontzertua Gure Zirukuan.
- 14:00. Kuadrillen herri bazkaria Euskal Herria plazan.
- 16:00. Iratzar taldearen erromeria Euskal Herria Plazan. Tartean, Larrain Dantza, Tolosako dultzaineroekin.
- 18:00. Mulambo perkusio-taldearen kalejira, Euskal Herria Plazatik Plaza Berrira.
- 18:30. Gari, Montxo ta Joselontxo haurrentzako ikuskizuna Alondegi plazan.
- 20:00. DJ Txekor, Plaza Berritik hasita.
- 22:30. DUDIK-P taldearen kontzertua Lopez-Mendizabal pasealekuan.
- 23:00. Kontzertuak Plaza Berrian: Xiberoots eta DJ Fulana.
- 00:00. Jainekin txaranga, Alde Zaharrean.
- Ekainak 23. igandea. San Joan bezpera.
- 11:00-14:00. Haurrentzako jolas parkea, Alondegi plazan.
- 11:00. Estropadak Oria ibaian, TAK-ek antolatuta.
- 12:00. San Joan Tenis Txapelketako finalak, Berazubi estadioan.
- 12:30. Sari banaketa eta emakumezkoen Tolosaldea traineruaren aurkezpena, Plaza Zaharrean.
- 16:00-19:00. Haurrentzako jolas parkea, Alondegi plazan.
- 17:00. Udal txistulari bandak, antzinako erronda-bidea eginez, San Joan zortzikoa joko du, udaletxetik abiatuta.
- 19:00. San Joan su txikia Plaza Zaharrean, Eduardo Mocoroa Musika Eskolako ikasleen bandak girotuta.
- 20:00. Lehenengo bezperak Arrameleko San Joan kaperan.
- 20:00. Puro Relajo taldearen kontzertua, Plaza Berrian.
- 22:00. San Joan sua, Andre Maria plazan. Ondoren, Tolosako Udal Musika Banda, Udaberri dantza taldea eta Santa Maria kapera. San Joan zortzikoa jo ondoren, musika banda kalez kale ibiliko da.
- 23:00. Rockalean taldearen kontzertua, Lopez-Mendizabal pasealekuan
.
- 23:00. Raimundo el canastero taldearen kontzertua, Plaza Berrian.
- Ekainak 24, astelehena. San Joan eguna.
- 07:00. Zinegotziei deia etxez etxe, Udal Txistulari Bandaren eskutik.
- 08:30. Diana Udal Musika Bandaren eskutik, Alde Zaharreko kaleetan zehar, Felipe Gorriti plazatik abiatuta.
- 08:45. Diana, Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Banden eskutik, udaletxetik abiatuta.
- 09:00. Diana, Tolosako Dultzaineroak eta GiroArte Dultzaina taldeen eskutik.
- 09:30. Eskopetariak eta Udal Musika Banda Plaza Zaharrean bilduko dira. Diana, desfilea eta, ondoren, San Joan Alardea, Gipuzkoako antzinako foru-milizien oroimenez.
- 10:00. Meza nagusia Andre Maria elizan, Santa Maria Kaperaren parte hartzearekin.
- Ondoren. Prozesioa, Andre Maria plazatik abiatuta. Amaitu ondoren, eskopetari konpainiak Euskal Herria plazan bilduko dira berriro, bertan azken deskargak egiteko.
- 13:00. Tolosako eta Iruñeko Udal Txistulari Banden eta Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertua, Berdura Plazan.
- 16:40. Udalbatza, Udal Txistulari Banda, Udal Musika Banda, bordondantzari eta eskopetariek ohiko ibilbidea egingo dute Plaza Zaharretik abiatuta: Andre Maria plaza, Arramele, Trianguloa plaza eta Zumardiaundia.
- 20:00 eta 23:30. Kalean txaranga, kalez kale.
- 23:00. Suak Zumarditxikian: Vulcano piroteknia.
- 23:30. Muxutruk taldearekin erromeria, Plaza Berrian.
- 23:30. Joxe Mendizabalen kontzertua, Lopez-Mendizabal pasealekuan.