24 ordu gelditzen dira Tolosako sanjoanetako suziria lehertu eta festei hasiera emateko; astelehen gauera bitarte luzatuko dira. Lau egunetan askotariko ekitaldiak izango dira, urtetik urtera parte-hartze handiagoa duten jaietan. Aurten, gainera, nobedadeak eta itzulerak izango dira. Tolosako Udal Txistulari Bandak eta Udal Musika Bandak, adibidez, Xaxu konfiterua kantuaren txisturako eta bandarako moldaketa joko dute lehen aldiz, San Joan egunean kontzertuan; Berdura Plazan izango da, 13:00etan hasita.
Nostalgiak bultzatuta
Bihar bertan, Peachy Joke musika talde tolosarra oholtzetara bueltatuko da, zortzi urteko etenaren ondoren. Iñaki Gereñu taldeko kideak adierazi du «gogotsu» daudela. «Iaz elkartu ginen, nostalgiak bultzatuta, entseguak egiten hasteko, baina, hasiera batean, ez genuen helburu jakinik. Duela zortzi urte lasaitasuna behar genuen, atsedenaldi bat, eta orain gogotsu gaude, herritar eta lagunen aurrean aritzeko. Hasiera berri bat izan daiteke guretzat. Kontzertu gehiago egiteko aukera sortuz gero, gu prest egongo ginateke. Taldean, behintzat, badaukagu horretarako asmoa eta ilusioa».
2008 eta 2015 urteen artean bost disko kaleratu zituen taldeak, eta horietarako sortutako kantuak joko dituzte bihar. «Urtarrilaz geroztik aritu gara biharko emanaldia prestatzen. Abestiak asko landu ditugu, eta mimo handiz prestatu dugu kontzertua», azaldu du Gereñuk.
Nogen taldearen aurretik ariko dira, Plaza Berrian, 20:30ean hasita. «Agertokiak ez digu errespeturik ematen. Oso lasai eta oso seguru gaude. Etenaldiaren aurretik 800 kontzertu inguru egin genituen, eta horietako batzuetan, mundu mailan oso ezagunak diren taldeekin aritu ginen, besteak beste, ZZ Top».
Eskopetari berriak
San Joan egunak emango die amaiera aurtengo jaiei. Egun horretan eskopetarien alardea izan ohi da ekitaldi jendetsuena; 1.600 parte hartzaile inguru izango dira aurten, 19 konpainiatan banatuta; horietako bat estreinakoz ariko da: Berazubi auzoa. 80 lagun inguruko konpainia osatu dute; horietatik erdiak auzokoak izango dira. Loredun txaleko urdin iluna jantziko dute, lepoko hori batekin, alkandora zuriaren gainetik; txapela ere zuria jantziko dute.
Agustin Artola izango da konpainiako kapitaina. «Urduritasuna eta ilusioa nahasten dituen sentimendu bat dugu, parte hartzaile gehienek lehen aldiz parte hartuko dutelako alardean. Hala ere, nabarmendu behar da txirularien entseguan espero genuena baino emaitza hobea izan dutela», aurreratu du.
Auzotarren proposamena izan zen konpainia osatzea, nahiz eta ez den saiatu diren lehen urtea izan. «Gustuko dugu herriko kultur ekimenetan parte hartzea, eta noski, San Joan jaietan ere aritu nahi genuen. Guztia espero bezain ondo ateratzea nahi dugu; helburu nagusia, behintzat, ondo pasatzea izango da».
'11 ikusteko jaioak'
Alardea amaitu ondoren, Tolosako Kalean txarangak girotuko du herria. Ekainaren 24a egutegian «gorriz markatutako eguna» dela esan du Ibai Olazabal txarangako kideak. Arratsaldez eta gauez aritzen dira Alde Zaharrean. «Ekitaldi oso jendetsua izaten da, batez ere, arratsaldeko saioa. Ordu eta erdi jotzen dugu afal aurretik, eta iaz, 45 minutu behar izan genituen Plaza Berritik Euskal Herria Plazara joateko. Gauean lasaiago egoten gara, batez ere, San Joan eguna astegunez egokitzen den urteetan».
Iaz 10 urte bete zituen txarangak, eta berriki, 11 ikusteko jaioak diskoa kaleratu dute. «Ez dugu helburu jakin batengatik egin, ilusioa eta ahalmena genituela uste genuelako baizik». Disko bat grabatzea prozesu gogorra dela esan du Olazabalek. «Ordu asko eskaini behar dizkiozun proiektu bat da, abestiak idazteko, entseguak egiteko, eta noski, estudioan grabatu eta zuzenketak eta nahasketak egiteko. Asko gozatu dugu grabaketan, taldean giro oso ona dagoelako».
Askotariko estiloak lantzen dituzten Euskal Herriko nahiz nazioarteko zenbait talderen 11 abestik osatzen dute diskoa. «Abestiak diskorako propio idatzi ordez, azken urteetan kalean jo ditugunak grabatu ditugu ondoren estudioan. Izan ere, lehenik, kalean nolako erantzuna zuten ikusi nahi genuen. Orain arte diskoa entzun dutenen aldetik erantzun ona jaso dugu».
Proba pilotu bat, Orbelan
Festen atarian jai berdinzaleen aldeko aldarria egin du Goiuri Ezeiza Kultur eta Berdintasun zinegotziak: «Festa baketsu, alai eta parte hartzaileak bizi nahi ditugu Tolosan, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta». Zentzu horretan, indarkeria matxistaren aurkako Libre nonahi kanpaina indartu du aurten udalak. Izan ere, ostalaritzari begirako protokolo bat landu du Berdintasun Sailak. «Jai giroko gune nagusietako bat dira, eta orain arte egin dira lanketa txiki batzuk, baina modu sakonagoan gaiari heltzeko unea dela hausnartu ostean, protokolo hau martxan jartzea erabaki dugu», azaldu du Ezeizak. Esperientzia pilotu modura, Orbela tabernarekin egingo dute lanketa, protokoloaren bideragarritasuna kontrastatu eta baloratzeko.
Indarkeria matxistarik gabeko Gune Morea ere kokatuko du udalak, informazio eta arretarako, Andragoran. Larunbatetik astelehenera bitarte egongo da zabalik —biak barne— 00:00etatik 05:00etara. Udaltzaingoak ere 24 orduz emango du arreta, 943 675 858 telefonoan.