Haurra zela eskualdeko pilota txapelketa ugari «ilusioz» jokatu zituela kontatu du Xabier Tolosak (Anoeta, 1995), eta maila ona ematen zuen. Horren erakusle, Hitza Pilota Txapelketako kadeteen mailan, finalera iritsi zela, 2010ean, eta Asier Agirre bikotearekin batera 18–13 irabazi zuen Goikolea eta Iruretagoienaren aurka.
2010eko Hitza Pilota Txapelketako finala jokatu zenuen. Gogoan duzu?
Txapelketa bezala oso oroitzapen polita dut. Oroitzen naiz hamalau urterekin sekulako garrantzia ematen geniola txapelketa horri eta beti gure hoberena ematen saiatzen ginen, ahalik eta maila onena erakusten. Txapelketaz gain, gogoan dut harreman berriak sortu edo lagun berriak egiteko oso giro polita sortzen zela, inguruko herrietako pilotari eta jende ezagun ugari etortzen zelako, eta eskualdea ezagutzeko ere aukera ona izaten zen.
Urte batzuk igaro diren arren, finaleko zerbait oroitzen al duzu?
Partidaz ez naiz asko oroitzen, baina gogoan dut Asierrekin txapeldun izan nintzela. Oker ez banago, urte horietan kanpoko pilotari batzuk ere etortzen ziren txapelketa jokatzera eta gu guztiontzat txapelketa oso garrantzitsua zen, eta hori irabazita gusturago, noski.
Agirrek eta zuk finala ez zenutela oso ondo hasi esan zenuten, baina azkenean buelta eman eta irabazi egin zenuten.
Horretaz bai ez naizela oroitzen. Akaso hasierako nerbioak izango ziren, final guztietan bezala. Eraso egingo ziguten guri, baina buelta ematea lortu genuen.
Gerora entrenatzaile bezala aritu zara?
Bai, infantil mailako pilotariak entrenatzen ibiltzen naiz Gipuzkoako Federazioko teknikari bezala, teknifikazio saioetan. Villabonako Behar Zanako Pilota Elkarteko infantil mailakoak ere entrenatzen ditut eta horiek txapelketa hau jokatzen dutenean, ilusioarekin parte hartzen dutela ikusten dut, txapelketa garrantzitsua baita beraientzako. Horrez gain, azkeneko urteetan Ataria Pilota Topaketako finaletako sari banaketan ere parte hartu dut, eta hori garrantzitsua iruditzen zait eskualdeko umeekin harremana izateko eta beraiek erreferentetzat gaituztenez, pilotan jokatzen jarraitzeko ilusioa mantendu dezaten balio duelako. Egunen batean profesionaletara iristen badira ere, halako ekimenetan parte hartzea garrantzitsua da, eta posible bada, ziur joango naizela.
Azkenean, zuri pilotari bezala jokatzea tokatu zaizu, txapela irabaztea, eta orain, parte hartzen dutenei entrenatzea eta sariak banatzea.
Bai, azkenean Tolosaldea oso eskualde pilotazalea da eta ume umetatik pilotari gazteek sekulako ilusioa izaten dute. Horregatik, oso garrantzitsua iruditzen zait eskualdeko pilotariek horrelako ekimenetan eta sari banaketetan parte hartzea. Bere garaian guri ilusioa egiten zigun eta ziur naiz gu joaten baldin bagara ilusioa egingo diela oraingo pilotari gazteei.
Nola ikusten dituzu Ataria Pilota Topaketa bezalako egitasmoak?
Eskualdean egiten diren txapelketak oso garrantzitsuak direla uste dut pilota sustatzeko, baina horrez gain, beste zenbait faktore edo balio berezi dituzte; leku ezberdinetako jendea ezagutzeko aukera ematen dute, harreman berriak sortu, leku desberdinak ezagutu eta pertsona bezala garatzeko ere asko balio dute.
Zein aholku emango zenieke gaur egungo pilotariei?
Pilotari gazteei beti esaten diedan bezala, garrantzitsuena ez dela emaitzak lortzea, baizik eta pilotaz gozatzea. Pilotaz gozatzea lortzen badute, aurrera begira pilotan jokatzen jarraitzeko ilusioarekin jarraituko dute, baina orain, une honetan, emaitzak ez du garrantzia, beraz, disfrutatzeko, garrantzitsuena ondo pasatzea dela. Irabazten badute hobe, baina pilota partida galduz gero, pertsona bezala asko ikasiko dute.