Arantxa Munitari eta Elena Aranbarriri aitortza

Ataria 2024ko ekainaren 17a

Hiru hamarkadatan zeramika eta antzerki ikastaroetako irakasle izan dira hurrenez hurren; Aranburu jauregian hainbat tailerretako ikasleek egindako lanak daude ikusgai.

Aranburu jauregian ikusgai da pintura, zeramika, ehoziri, argazkigintza eta eskulanen tailerretan egindako lanen erakusketa. 200 lan ingururekin osatu dute, eta uztailaren 6ra arte egongo da ikusgai, asteartetik larunbatera, 17:30etik 20:30era.. 

Ostegunean inauguratu zuten erakusketa, ikasle askoren parte hartzarekin. Bertan, Arantxa Munita, hiru hamarkada baino gehiagotan zeramika irakasle eta ikastaroen koordinatzaile izan denari ere aitortza egin zitzaion. Hurrengo ikasturtea hasiko badu ere, ikasturtearen erdian hartuko du erretiroa, eta bere azken erakusketa izango denez, udalak aitortza egin dio. 

Arantxa Munitaren lana ez ezik, gainerako irakasleen lana ere eskertu du Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Lan bikaina egin duzue guztiok, baita ikasleek ere. Hala ere, askotan azken obra ikusten dugu, baina prozesua berari ere garrantzia eman behar zaio. Ikasteaz gain, gozatu eta harremanak egin izana espero dut».

Bestalde, ostiralean beste diziplina baten erakustaldia egin zuten, antzerki tailerreko ikasleena, hain zuzen. Leidor aretoan izan zen emanaldia, eta jende ugari gerturatu zen Marat-Sade antzezlana ikustera. Tailerreko 28 aktoreek hartu zuten parte antzezlanean.

Amaieran Elena Aranbarri, antzerki taldea zuzendu duen irakasleari ere aitortza egin zioten udalak eta ikasleek. Izan ere, aurtengo ikasturtearekin bere irakasle ibilbidea amaitutzat eman du, hiru hamarkada baino gehiagoz antzerkia irakasten aritu eta gero.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!