Tolosako kultur etxeko azken solairua izan du lantoki azken 35 urteetan Arantxa Munita Irisarrik (Irura, 1958). Mantala soinean, buztina esku artean, eta pintzela, oxidoa eta koloreztatzaileak inguruan dituela joaten zaio eguna. Mahaietan piezak daude han eta hemen, anabasa itxura duen txukuntasunean. Zeramikaria da bera eta erretiroa hartzeko atarian denean, margarita hostogabetzen ari da, erretiroa hartu edo ez erabaki nahian.
Lantokia eta sormeneko txokoa duzu kultur etxea. Erretirorako garaia iritsi eta lanean jarraitzeko ideiak tentatzen zaitu oraindik. Gustuko tokian aldaparik ez?
Erabakia hartzea kostatzen ari zaidala onartu behar dut. Espazio eder honetan zeramika irakasle izan naiz 1987 urteaz geroztik. Debako Arte Eskolan azken urtean ikasten ari nintzela, zeramika tailerra martxan jartzeko aukera sortu zitzaidan eta ordutik hemen egon naiz, beste hainbat tokitan ere klaseak eman ditudan arren. Oso gustuko ditudan ofizioak dira zeramikagile eta irakaslearena, oso ondo uztartzen dira.
Zer da zeramika zuretzako?
Zeramikarekin lehen harremana Mexikon izan nuen eta ikaragarri erakarri ninduen. Lurra materia noblea da, eskuekin moldatu daiteke eta gustuko dut harreman hori. Asko lagundu dit bizitzan sortu zaizkidan egoerei aurre egiten, pentsatzeko denbora duzu, hausnartzeko...
Posible da lanbide horretatik bakarrik bizitzea, edo gutxi batzuen kontua da?
Oso gutxirena, badira Euskal Herrian eskultore pare bat, baina gehienok beste ogibide bat dugu. Ni tailerretako irakaslea naiz, esaterako.
Gurean ba al da zeramika ikasteko afiziorik?
Boladak izaten dira, baina urtero atera da ikastaroa, beraz, zeramikara hurbiltzeko eta ikasteko gogoa duten herritarrak izan badira, gehienak emakumeak, gainera. Aitortu behar dut, azken bi urte hauetan bolo-bolo dabilela zeramikagintza eta inoiz baino ikasle gehiago ditudala, itxaron zerrenda eta guzti!
Bolo-bolo zergatik?
Sare sozialen kontua dela esango nuke. Jendeak zeramika egin eta gero bere profilean jartzen du, azken urteetan asko ugaritu dira hori egiten dutenak.
Zeramika oso oinarrizkoa da, lur mota ezberdinak landuz gizakiak behar izan dituen piezak sortu ditu egunerokoan erabiltzeko edo tokian tokiko kulturen sinbologiak irudikatzeko. Historiaurrean gizakiak buztina lantzen zuen, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula oraindik ere praktika honek jarraipena izatea! Oinarrian ez da asko aldatu, baina egia da gaur egun zeramika egiteko teknika asko daudela.
Beti ikasten beraz.
Aukera dudan aldiro jasotzen ditut ikastaroak, lehen Herrialde Katalanetara eta Aragoi ingurura joaten nintzen, han zegoelako eskaintza gehien. Azken urteetan zorionez hemen ere ari dira sortzen zeramika egiteko guneak. Donostian esaterako Undermount espazioan tailer eta ikastaro oso onak egiten dira. Euskal Keramika Garaikidea taldea ere sortu zen eta oso sortzaile onak daude bertan.
Kontzentrazioa eta pazientzia edukitzea al dira ezinbestekoak diziplina honetan?
Zeramikagintzak zen diziplinarekin egiten du bat. Egiten ari zaren horretan kontzentratzera gonbidatzen zaitu. Meditatzeko modu bat da niretzat. Buztinaren eta eskuen arteko harremana da, bukaerako emaitzan asko pentsatu gabe. Pausoz pauso egin behar den prozesua da; buztina landu, forma eman, labean sartu, pigmentuak eta finkatzaileak eman, eta azkeneko emaitzaz gozatu. Eraldatze prozesu bat da eta egileak ezustekoak hartzeko prest egon behar du.
Eta gure mundua bien bitartean presaka...
Honelako diziplinek erritmoa lasaitzen laguntzen dute. Nik horrela bizi dut, gozatzen dut. Bada ordea, presaka aritzen denik eta di-da batean bukaerako emaitzan gogoa jarria duenik, eta ez du prozesuarekin gozatzen. Azkartasunaren eta produktibitatearen gizartean bizi gara eta zeramikaz beste erritmo batean gozatu beharko litzatekeela uste dut.
Nolakoak dira zure eskulturak, zein gai jorratzen dute?
Denetarik dut, baina bukaerako emaitza askok naturarekin zerikusia duten elementuen forma hartzen dute, oharkabean: haziak, krisalidak...
Sare sozialak, erakusketak, azokak... salmenta guneak al dira guztiak?
Nire pieza batzuk Finlandia, Israel eta Belgikara bidali izan ditut, eta erakusketak eskulturak saltzeko baliatu izan ditut, baina ez da ohikoena. Sare sozialetan ez naiz batere iaioa. Azokak dira salmentarako plaza onak, nire ustez. Zeramika piezak garestiak izaten dira, eskulan ordu asko baitago atzean, baina bada hori estimatu eta baloratzen duenik. Eskualdean Tolosa, Berrobi eta Belauntzako azokatan izan nahiz eta salmentekin ezin kexatu naiteke. Iparraldean ere izana naiz eta han zeramika erosteko ohitura gehiago dutela esango nuke.
Hainbat erakusketa egina zara, ba al duzu besteren bat egiteko asmorik?
Tolosa, Zumaia, Zarautz, Iruñea eta Garesen jarri ditut erakusketak. Nire ibilbidean pieza ugari sortu ditut eta sortuko ditudanekin batera, erretiroa hartzean, asko gustatuko litzaidake Tolosan erakusketa bat zabaltzea.