Haur eta gaztetxoak ere festan murgiltzeko aukera izan dute aurtengo San Joan jaietan. Goizean eguraldia lagun izan dutenez, Zumardiaundian izan dute hitzordua. Bertan, Jokai konpainiak eskuz egindako eta euskal mitologian inspiratutako sormen-jolasez gozatzeko aukera izan da. Gaztetxoak ez ezik, guraso ugari ere murgildu da mitologia parkean, Jon Artola eta Iñaki Urtasun arduradunen gidaritzapean.
Bildumaren barruan bi gune bereizten dira. Batetik, Montessori gunea, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat bideratutako gunea, hain zuzen. Montessori materialek autoedukazioa deitzen diotela azaldu dute Jokai konpainiako arduradunek. «Haurrak esperimentatzeko, zentzumenak eta bizipenak manipulatzeko diseinatuta daude, eta horiek erabiltzean bere izatea eraikitzen du». Bestetik, Mari gunea ere izan da, gainontzeko adinetako parte hartzaileei zuzenduta.
Proiektu honekin hasi berriak badira ere, pozik daudela diote arduradunek. «Datorren larunbatean Olaberrian izango gara, eta igandean, berriz, Croaciara joango gara, lehen aldiz, Siberik izeneko Haurren Nazioarteko Jaialdian parte hartuko baitugu».
Arratsaldeko ekintzak
Arratsaldean ere gaztetxoek izango dute zertaz gozatu. Hain justu, 16:30etan Tomaxen Abenturak antzerkia izango dute, eta ondoren, 18:00etan, TramaMatraka izeneko musika ikuskizuna. Hala ere, eguna amaitu arte beste hainbat ekintza ere izango dira. Ikusi programazio guztia hemen.