Tolosaldeko ospitale publikoa

«Ospitale publikoarekin daukadan konpromisoa ez doa leku edo eraikin fisiko bati lotuta, zerbitzuari baizik»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko eka. 13a, 15:59

Andu Martinez de RItuerto Tolosako alkatea, gaur goizean egin duen agerraldian.

Tolosako Udalak ospitale berria eraiki ahal izateko bere esku dagoena egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi du; Osasun Sailari lurrak bere esku uzteko prozedura administratiboa jarraitzen ari dela adierazi du Andu Martinez de Rituerto alkateak. Aste honetan bertan bidali dio udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ingurumen-agiri estrategikoa osatzeko eskatu zion dokumentazio osagarria.

Azken asteetan Tolosako udal gobernuaren ahotan jarri diren zenbait adierazpen gezurtatzeko agerraldia deitu du goizean Andu Martinez de Rituerto alkateak. «Hasteko, argitu nahi dut alkate modura emango ditudala azalpenak, eta ez Tolosaldeko Alkateen Mugimenduaren izenean. Eskualdeko alkateak modu bateratuan bideratzen ari gara osasun publikoaren gaia, eta egiten ditugun adierazpenak taldean adostutakoak izaten dira, baina gaurkoa salbuespena da. Komenigarria da azpimarratzea eskualdeko herri guztiek bat egiten dugula mugimenduarekin, batek izan ezik. Helburu bakarrak biltzen gaitu, eskualdeko osasun arreta publikoa jasotzeko aldarriak eta nahiak».

Iurreamendi 24 eremuan ospitale berria egin ahal izateko, udalak urratsak ematen jarraitzen duela berretsi du Martinez de Rituertok. «Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aldaketa puntuala gauzatu behar da lehenik, eta horrek, dokumentazio eta azterlan ugari eskatzen ditu. Hain zuzen, lan hori guztia egiteko ardura iazko ekainaren 6an esleitu zion orduko udal gobernuak Rehabite aholkularitza teknikoko enpresari».

Kontratu horren iraupena hamaika hilabete eta astebetekoa zen. Beraz, urtebete pasa da. «Lau fasetan banatzen da, eta kasu hauetan, tramite artean, fase batetik bestera, prozedura eten egiten da, alde desberdinek hainbat lan egin behar dituztelako, beste administrazio batzuei txostenak eskatzen zaizkielako, bertan ere txostenak egiten direlako, eta publiko egin behar direlako. Prozesu hori osatzeko, aurrez emandako informazioa modu osatuan bidali behar zuen Osasun Sailak. Hori jaso arte, udalak ezin izan zuen lanarekin aurrera egin. Azaroan izan zen bi erakundeen arteko bilera teknikoa, eta urte amaierarako jaso zuen udalak lehen faseko lanei zegokien dokumentua».

Tolosako Udalak apirilean azaldu zuenez, udaleko sail ezberdinetako teknikariek zegozkien txostenak egin eta gero, HAPOan aldaketa hori egiteko dokumentazioa aurkeztu zion Planeamenduko Aholku Batzordeari. «Segidan, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailari ingurumen-agiri estrategikoa egiteko eskaera egin genion, zegokion dokumentazioa igortzearekin batera. Bada, maiatzaren 21ean Ingurumen Sailak informazio gehigarria eskatu zion udalari, agiri estrategiko hori osatu ahal izateko. Asteartean jaso genituen dokumentazio osagarri horren txostenak, eta egun berean erregistratu genituen Eusko Jaurlaritzan».

Alkateak adierazi duenez, duela aste batzuk, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak alkateen mugimenduari emandako erantzunean, berriro ere Tolosako Udalaren gain jarri zuen fokua. «Azken hilabeteetan bi aldiz jarri da zalantzan ospitalea eraikitzeko udalaren borondatea, eta izan da eraikuntzari muzin egin diogula esan duenik. Ez da zuzena. Udalak bere gain dagoena egin du orain arte, eta egiten jarraitzen du. Azaroan eskatu genion Osasun Sailari bi erakundeen arteko bilerarako ordezkari bat izendatu zezan, baina ez orduan, ezta orain ere, izendapen berririk gabe jarraitzen dugu. Gure esku dagoena urratsez urrats betetzen ari gara. Eta azpimarratu nahi dut, gainera, Osasun Sailak baduela horren guztiaren berri».

Hurrengo urratsak

Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-agiri estrategikoa jaso ondoren, udalak hasierako onespena eman ahal izango dio HAPOaren aldaketa puntualari, eta jendaurreko entzunaldia zabalduko du. Jarraian, txosten sektorialak eskatuko ditu –URA, Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentua, Osasun Saila...–. Epe horretan, herritarren parte hartzeko bigarren bilera irekia ere antolatuko dute.

Txostenek esandakoarekin eta herritarrengandik jasotako ekarpenekin azken dokumentua osatuko du udalak, behin-behineko onespena eman ahal izateko. «Prozedura hau, badaezpada diot, legez egin behar da», azpimarratu du alkateak. Azkenik, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza Sailak dokumentuari oniritzia eman ondoren, behin betiko onartu ahal izango du udalak HAPOaren Aldaketa Puntuala. «Aldaketa hori gauzatuta, udalak Osasun Sailaren esku utziko ditu lurrak, eta ordutik aurrera ospitalea eraikitzeko aukera izango luke, dagokion proiektua idatzi eta gero».

Asuncion Klinika

Era berean, Martinez de Rituertok argitu nahi izan du, zergatik eskatu duen Asuncion Klinika publifikatzeko aukera aztertzea, udala ospitale publikoa eraiki ahal izateko tramite guztiekin aurrera egiten ari den arren. «Hasteko, argitu nahi dut ez dugula publifikazio hori gauzatzea eskatu, publifikatzearen aukera aztertzea baizik. Osasun Sailak 25 milioi euro inguru ordaintzen dizkio klinikari, zerbitzua eman dezan. Oraintxe bertan eraikinean berrikuntza handiak egiten ari dira, eta aldagai garrantzitsua da hori. Hortaz, eraikina berritu berritan, uste dut gutxienekoa dela balizko publifikazio baten aukera aztertzea eskatzea, jakiteko, behintzat, zer nolako inplikazioak dituen, bai ekonomikoak, bai pertsonalari dagozkionak, bai legalak ere».

Alkateak gaineratu du ariketa horrek erakutsiko duela zein den aukerarik egokiena eskualdearentzat: «Agian azterketak ospitale berria eraikitzea aukera hobea dela berretsiko du. Horregatik ari gara egin beharreko tramite horiek guztiak orain egiten, gehiago ez atzeratzeko. Baina, informazio guztia mahai gainean jartzea komeni da, horren arabera eskualdearentzat aukerarik onena zein den ikusteko. Eskualdearen etorkizunerako hain garrantzitsua den zerbaitek, are gehiago duen zor historikoa aintzat hartuta, hausnarketa hori merezi duelakoan nago».

Bere iritzia «milimetro bat bera ere» aldatu ez duela azpimarratuz amaitu du agerraldia alkateak, eta Osasun Sailari elkarlanean aritzeko prestutasuna azaldu dio: «Nik Tolosako alkate modura ospitale publikoarekin daukadan konpromisoa ez doa leku edo eraikin fisiko bati lotuta, zerbitzuari baizik. Ez dezala hori ahaztu Osasun Sailak. Erakunde publiko batek Tolosaldearentzat kalitatezko osasun arreta publikoa ematea eskatzen dugu. Bide horretan, bidelagun izateko prest gaude, bai ni, eta baita eskualdeko gainerako alkateak ere, eta elkarlanean aritzeko eskua luzatzen diogu Osasun Sailari».

Tolosaldea Osasun Publikoaren alde plataformak eta Andragorako amen taldeak egindako agerraldiaren biharamunean, eskualdeko osasun arretaren egoera hizpide izan du alkateak. «Kezkagarria da. Guk ere egoeraren berri eman genion Osasun Sailari, eta irtenbide bat ematea eskatu genion. Eraikin berri batek ez ditu egiturazko arazo hauek konponduko. Horregatik, garrantzitsuena zerbitzua dela pentsatzen dugu, osasuna bere osotasunean hobetzeko zein neurri hartu ditzakegun aztertzea alegia. Hori planteatzen dugu: dugun egoerari soluzioak bilatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!