Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataforma eta Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeko amen taldea kezkatuta azaldu dira Tolosaldeko osasungintzak gaur egun duen egoeragatik, eta alderdi politikoei igorri diete lehen mezua: «Guztiek onartu dute Osakidetza gainbehera doala, eta hauteskunde kanpainan agindu zuten gaur egun duen egoera tamalgarri hau hobetzea. Iritsi da garaia, beraz, hori ikusteko. Tolosaldeko osasun arretaren kalitatea hobetzeko zer neurri hartu behar dituzten jakin nahi dugu». Izan ere, TOPAren esanetan, «osasungintza, Tolosaldean, egoera tamalgarrian dago».
Osasun publikoaren aldeko plataformak adierazi duenez, bereziki pediatrian egin du okerrera egoerak, eta arreta mota horretan atzemandako arazoak azaldu ditu: «Gaur egun benetan larria da Tolosako anbulatorioan lanaldi osoko pediatrarik ez egotea. Gainera, Asuncion Klinikan ez dago horrelakorik. Ondorioz, familiako medikuek eta larrialdietakoek egin behar izaten dute lan hori. Anbulatorioan, arreta pediatrikoko hornidura lanaldi osoko hiru pediatrak osatzen dute, baina orain bi pediatra ari dira, lanaldi erdian. Ondorioz, orain ez dira zenbait jarduera egiten, adibidez, gaixotutako haurrak artatzea, sano daudenei aldian aldiko azterketak egitea edo orain arte normaltzat jotzen genituen beste jarduera batzuk».
Emaginaren eta ginekologoaren kasuan, antzeko egoerekin topo egiten dutela esan dute. «Lana gainezka dute eta ez dira iristen. Larrialdietan ez dago orain arte martxan egon den Etengabeko Arreta Guneen errefortzurik 17:00etatik 20:00etara, ezta pediatriako errefortzurik ere, lehen, larrialdietakoak ari zirelako egiten patologia pediatriko askoren jarraipena, eta orain ez. Eskualdeko herri batzuetan, Etengabeko Arreta Guneko mediku batzuk ari dira betetzen familiako medikuen eta pediatren plazak».
TOPAk esan du eskualdeko beste osasun zentroetan egoera ez dela hobea. «Anoetan ez dago pediatrarik aspalditik, bajan baitago, eta Villabonako batek betetzen du egun batzuetan». Gainera, zenbait pediatrak erretiroa hartuko dutela gogorarazi du TOPAk: «Villabonan bik erretiroa hartuko dute aurten, Ibarran ere erretiroa hartuko dute urte amaieran, eta Andoainen, bietako batek erretiroa hartuko du datorren urtean».
Luzaroan medikurik gabe
Arreta pediatrikoaz gain, bestelako arretetan ere murrizketak egon direla salatu du TOPAk. «Lehen arreta gutxieneko zerbitzuetan dago. Familiako mediku batzuk bajan daude, zenbait arrazoi tarteko; Andoainen hiru daude bajan, eta Ibarran bat. Andoainen, gainera, hiruk erretiroa hartuko dute datorren urtean».
Herri batzuk luzaroan medikurik gabe egon direla ere nabarmendu du TOPAk. «Anoetan, bizilagunen eta udalaren protesten ondorioz, aste honetan bertan hasi da mediku berria. Ibarran aspalditik falta da sendagile bat, eta bertako osasun zentroko gainerako medikuek Berastegiko herritarrak artatzen dituzte. Tolosan, denbora batez bete gabe egon da familiako mediku baten plaza osasun zentroan, plaza aldaketa bat eskatua zuelako, eta, itxura denez, orain etorri da ordezkoa. Baina diotenez, ez dago ordezkorik, eta beraz, gainerako lankideek egin beharko diote aurre gainkargari».
Halaber, TOPAk aurreratu duenez, Abaltzisketan, Baliarrainen, Beizaman, Ikaztegietan, Belauntzan, Elduainen, Gaztelun, Leaburun, Orexan eta Txaraman kontsultak edo zerbitzuak itxita egongo dira, ia lau hilabetez, «planifikazio arrazoiengatik».
«Nekatuta eta haserre»
Bestalde, Asuncion Klinikan, espezialisten joan-etorri etengabea jasaten dutela esan du TOPAk. «Kasu askotan utzi egiten dute, joan egiten dira lan baldintzekin ados ez daudelako edo titulu homologaturik gabe daudelako –homologazioa lortzen duten batzuk beste ospitale batzuetara joaten dira–. Itxaron zerrendak etengabe luzatzen ari dira eta hitzorduak atzeratzen».
Eskualdeko osasun sistemak bizi duen egoera «biziki» salatzen duela adierazi du TOPAk, eta zenbait galdera eraman ditu mahai gainera: «Nola iritsi gara egoera honetara? Hau al da gobernu honek osasun arretari begira daukan eskaintza? Noizko konponbidea? Noizko zerbitzu duina? Noizko benetako kalitatezko osasun arreta Tolosaldean?».
«Nahikoa» dela, eta «nekatuta eta haserre» daudela adierazi dute plataformako kideek: «Bete ditzatela behar bezala lehen arreta eta larrialdietako zerbitzua; hornitu dezatela eskualdea pediatriako zerbitzuarekin, eta, batik bat, Tolosa, hiru pediatra lanaldi osoan jarrita; eta azkenik, izan dezagula aukera Donostiako ospitalera joateko, erreferentziazko ospitale moduan, eta ez soilik Asuncion Klinikara».