San Joan jaietarako ia guztia prest dute Tolosan. Festak hasteko egun gutxi batzuk baino falta ez direla aurkeztu dute udalak eta herriko zenbait eragilek aurtengo jaietako egitaraua. Ekainaren 21etik 24ra ospatuko dira, nahiz eta asteburu honetan ekitaldi ugari izango diren jada. Andu Martinez de Rituerto alkateak eskerrak eman dizkie egitarauaren antolaketan parte hartu duten eragileei: «Tolosan, sanjoanak, Inauteriak eta bestelako jai asko bezala, eragile askoren parte hartze eta elkarlanari esker egiten dira. Guztiok duzuen konpromisoa eskertu nahi dut».
‘Sorotan Bele Gogoan'
Tolosako Udal Musika Bandaren kontzertu berezia izango da jaien bueltako lehen ekitaldia, ostiralean, 22:30ean, Euskal Herria plazan. Sorotan Bele Gogoan emanaldiarekin, 1990eko hamarkadan erreferente izan zen musika taldeari omenaldia egingo dio bandak, eta oholtzan Gorka Sarriegi eta Urbil Artola taldeko kide ohiak izango dira, bestelako gonbidatu gehiagorekin batera.
Taldearen kanturik ezagunenetakoak eskainiko dituzte. «Guretzat erronka polita izan da hau prestatzea. Duela 30 urte sortu ziren kantu asko, baina oraindik entzun eta kantatzen ditugu. Kantu ia denak ezagunak egingo zaizkie entzuleei, eta giro ederra sortuko da ziur», azaldu du Ivan Arostegi, bandako zuzendaritzako kideak. Horrez gain, gogoratu du hilaren 24an ere San Joan eguneko kontzertua eskainiko dutela, 13:00etan, Berdura Plazan.
Gainerakoan, lehen asteburuan kirolak, haurrak, sagardoa, musika eta bertsoak izango dira protagonista. Besteak beste, TAKEk antolatzen duen 3x3 txapelketak Alondegi plaza eta San Frantzisko pasealekua hartuko ditu larunbatean. Azken leku horretan txirrindulari lasterketa ere izango da, goizean. Hori dela eta, trafikoan aldaketak izango dira egun osoan zehar. Arratsaldean, sagardo txapelketa jokatuko da Berdura Plazan. Igandean, berriz, T2T eta T3T mendi lasterketak jokatuko dira, eta arratsaldean, bertso saioaren txanda izango da.
Aiora Zulaika ‘Pirritx’, txupinazoko protagonista
Egun batzuetako atsedenaren ondoren, ekainaren 21ean lehertuko da berriro ere festa Tolosan. Aurtengo sanjoanetako txupinazoa, hain zuzen, Aiora Zulaikak botako du, Pirritx pailazoari bizia ematen 25 urte betetzen baititu aurten. Hala ere, egun horretan protagonista nagusia bera izango bada ere, talde-aitortza ere badela adierazi du Aitzol Gartzia jaietako zinegotziak: «Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazo taldeak hiru hamarkada baino gehiago daramatza Euskal Herriko txokoetara bizipoza eramaten, balio eraikitzaile eta gai sozialak azaleratuz. Taldean, gainera, aktore lanetan dabiltzan eta bestelako ardurak dituzten eskualdeko herritar gehiago ere badaude gaur egun: Oihana Sanchez eta Gari Aranzabal, eta lehenago Kristina Ropero ere aritu zen. Euskarari eta euskal kulturari egin dioten ekarpena nabarmena da, gainera, haur eta gaztetxoekin».
Hiru berrikuntza
Egitarauak ohiko ekintzak biltzen ditu, hala nola, alardea, suak, kontzertuak, kale animazioa eta kirol ikuskizunak, baita zenbait berrikuntza ere. Lehena, txupinazoaren egunean bertan, hilaren 21ean. Inauterietako arrakasta ikusirik, zezen suzkoa izango da berriro ere. Naparzubia eta Plaza Zaharra zeharkatuko ditu suzko zezenak, 22:00etatik aurrera.
Bigarren berrikuntza, kuadrillen egunean izango bada ere, haurrei zuzenduta dago, adin tarte horrek ere izan dezan egun horretan gozatzeko aukera. ¡Gari, Montxo ta Joselontxo pailazoen ikuskizuna izango da, 18:30ean, Alondegi plazan. Hala ere, jaietan izango dira haurrentzako hitzordu gehiago: Haurren Hiriak jolasak eta ikuskizunak uztartuko ditu ekainaren 16an, egun osoz, Zumardiaundian; hilaren 23an, berriz, haur parkea izango da Alondegi plazan.
San Joan bezperan iritsiko da hirugarren nobedadea: sanjoanek estropadak berreskuratuko dituzte. Arraunak lekua izan du historikoki herriko jaietan, eta azken urteotan izan ez badira ere, aurten TAK-eko batelen arteko desafioa izango da. Hain zuzen, Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelketetan aritu diren infantil, kadete eta jubenil mailako taldeak arituko dira nor baino nor gehiago. Gainera, TAK-ek emakumezkoen traineruaren aurkezpena egingo du segidan Trianguloa plazan; ontziaren izen berria ere emango da ezagutzera.
Kontzertu eskaintza
Musika alorrean, emanaldi ugariz gozatzeko aukera izango da. Ekainaren 21ean, txupinazo egunean, esaterako, bi kontzertu izango dira Plaza Berrian: Peachy Joke eta Nogen. Hain zuzen, talde tolosarra zortzi urtez izan da oholtzetatik kanpo, eta herrian bertan itzuliko dira. Kuadrilla Egunean, Et Incarnatus orkestraren solstizio kontzertua izango da eguerdian, iaz bezala, Urkizuko Gorostizuko belardian. Erromeriek, Xiberoots taldeak eta DJek osatuko dute egun horretako eskaintza. Tolosan ikuskina piztu izan duten bi taldek joko dute San Joan bezperan: Puro Relajok eta Rockalean taldeek. Horiez gain, Raimundo El Canastero ere arituko da. San Joan egunean, berriz, erromeria doinuak izango dira nagusi. Kale animazioa ere ez da faltako: txarangak, dultzaineroak, txistulariak, banda, batukada...
Berazubiko eskopetariak
San Joan egunak emango die amaiera aurtengo jaiei. Egun horretan eskopetarien alardea izan ohi da ekitaldi jendetsuena; 1.600 parte hartzaile inguru izango dira aurten, 19 konpainiatan banatuta. Talde berri bat izango da aurten, Berazubi auzoarena. 80 parte hartzaile inguruko konpainia osatu dute, eta Agustin Artola izango da kapitain. Loredun txaleko urdin iluna jantziko dute, lazo hori batekin.
Arduraz jokatzeko deia
Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzak asko zorroztu du eskopetarien araudia. Hori dela eta azken hilabeteotan eskopetak erregistratu behar izan dituzte parte hartzaile guztiek, irteteko baimena eskuratu ahal izateko. Testuinguru horretan, ardurarako deia luzatu dute eskopetari konpainia guztietako kapitainek eta udalak.
Itxaso Barrenetxeak, Aurrera elkartea konpainiako arduradun eta aurtengo kapitain nagusiak, aurtengo arau aldaketak eta bestelako gomendioak gogorarazi ditu: Ahalik eta segurtasun-neurri handienak hartu beharko dira arma erabiltzerakoan; parte-hartzaile orok armen erabilera segurua egin beharko du; kapitainek arma erabiltzea debekatu ahal izango dute, arriskua egon daitekeela uste dutenean; erabat debekatuta egongo da arma kargatuta eramatea; salba botatzen den bakoitzean, muniziorik ez dagoela egiaztatu beharko da; eta 20:30etik aurrera, ezingo da kaletatik armekin ibili.
Jai berdinzaleen alde
Festen atarian jai berdinzaleen aldeko aldarria egin du Goiuri Ezeiza Kultur eta Berdintasun zinegotziak: «Festa baketsu, alai eta parte hartzaileak bizi nahi dtugu Tolosan, beste leku guztietan bezalaxe, errespetuan eta berdintasunean oinarrituta». Zentzu horretan, indarkeria matxistaren aurkako Libre nonahi kanpaina indartu du aurten udalak. Izan ere, ostalaritzari begirako protokolo bat landu du Berdintasun Sailak Jai Berdinzaleen Behatokiak duen planarekin lerrokatuta. «Jai giroko gune nagusietako bat dira, eta orain arte egin dira lanketa txiki batzuk, baina modu sakonagoan gaiari heltzeko unea dela hausnartu ostean, protokolo hau martxan jartzea erabaki dugu», azaldu du Ezeizak. Esperientzia pilotu modura Orbela tabernarekin egingo dute lanketa, protokoloaren bideragarritasuna kontrastatu eta baloratzeko.
Indarkeria matxistarik gabeko Gune Morea ere kokatuko du udalak, informazio eta arretarako, Andragoran. Gune hau ekainaren 22tik 24ra bitartean egongo da zabalik –biak barne– 00:00etatik 05:00etara. Udaltzaingoak ere 24 orduz emango du arreta, 943 675 858 telefonoan.