Bere ametsa betetzea lortu zuen Iker Galartza amezketarrak. Bera da, hain zuzen, lehen euskarazko zirku ibiltariaren ideiaren sortzailea eta proiektu horren arima. 2017ko irailean egin zuen lehen emanaldia Gure Zirkuak, Tolosan. Hortik aurrera Euskal Herriko beste hainbat txokotan egon dira, arrakasta handiz. Pausoak ematen jarraitzen dute, eta orain, Gure Zirkuak orain arte egindako ibilbidea jaso dute liburu batean: Gure Zirkua.
Liburuek errespetua ematen diote Galartzari, baina liburua «pozik» jaso dutela esan du. Duela bost urte iritsi zitzaien proposamena, Joseba Urretabizkaiaren argazkilari tolosarraren eskutik, «oroitzapen polita izango zela pentsatu genuen, beraz, animatu egin ginen». Tolosako Xibarit argitaletxearen eskutik ikusi du argia Gure Zirkua izeneko liburuak, Laboral Kutxaren laguntzarekin. Alvaro Bermejo idazle donostiarraren testuekin eta Urretabizkaiaren argazkiekin osatu dute liburua.
Bertan, zirku tolosarrak orain arte izan duen ibilbidea jaso dute, baina amaierarik ez duen liburua dela azpimarratu du Galartzak: «Bost urte hauen tartean, pandemia izan denez, artistaren bat erretiratu egin denez edota artista berriren bat etorri denez, amaitzen ez den liburua izan da, baina orain artekoa hor jasota geratu da».
Horretarako, Gure Zirkuko partaideen testigantzak jaso dituzte, «bakoitzaren historia kontatuz». Horrez gain, datu historikoak ere bildu dituzte. «Zirkuak historia zabala du eta motxean bada ere, liburu honetan laburbilduta geratzen da. Erreferentzia politak daude eta gurea hobeto ulertzen laguntzen dute», esan du Galartzak.
Ikuskizun zaharrenetakoa
Zirkuak mendeetan izan duen bilakaera «harrigarria» dela dio Urretabizkaiak, «antzinako Egipton hasi zenetik, ekoizpen modernoetara». Ipar eta hego, eki eta mende, zirkua belaunaldiz belaunaldi zabaltzen joan zen, Euskal Herrira heldu zen arte. «Iker Galartzak benetako lehen zirku euskalduna zutik jarri zuen eta espero dut ezinezkoari desafioa egiten eta bihotza pozez betetzen luze jarraitzea, hori baita behar duguna».
Halaber, eskerrak eman nahi izan die zirkua osatzen duten kide guztiei, «magiaz, parrez, eta harriduraz beteriko mundura eraman nauzuelako. Benetan usten dut gure zirkuak akrobata ausartak, malabarista trebeak eta pailazo xarmantak nahastuta gu guztiongan zoragarria denaz ohartzeko beharra erakusten duela».