Balorazioa

Berazubira 1.161 iritsi dira

Imanol Garcia Landa 2024ko mai. 20a, 17:38

Gorritin aurten ez da ur botilarik jarri, eta parte hartzaileek iturrietatik hartu dute ura.

XIV Orduak martxa antolatzen duen Aralarko Adiskideak elkartekoek «balantze ona» egin dute aurtengo ekitaldiaz. Eguraldia espero baino hobea izan zen orokorrean.

Iritsi zen XIV Orduak martxa egiteko eguna, eta izena eman zuten 1.588 parte hartzaileetatik 1.302 atera ziren azkenean, 286 gutxiago beraz. Abiatu ziren horietatik 1.161 izan ziren Berazubi estadiora iritsitakoak, 68 kilometroko ibilbidea egin ondoren. 141 mendizalek, beraz, bertan behera utzi zuten martxa momenturen batean.  

Aralarko Adiskideak elkartetik «balantze ona» egin dute, «batez ere parte hartzaileek disfrutatu egin dutelako», esan du Jon Ormazabal XIV Orduak martxako koordinatzaileak. «Batzuk baziren ezinean iritsi zirenak, baina ni bukaeran egon nintzen, Berazubin, eta gehienak eskerrak emanez agurtu ziren eta oso ondo pasa zutela zioten. Azkenean helburua hori da, parte hartzaileek tradizioa duen martxa egin eta ondo pasatzea».

Eguraldia izan da antolatzaileen eta parte hartzaileen kezka nagusia, aurreko astean aurreikuspenek euri gehiago botako zuela iragarri baitzuten. «Eguraldiak errespetatu zuen orokorrean, hainbatek zaparrada batzuk jasan arren», esan du Ormazabalek. «Goizean goiz ateri izan zen, eta mendian ibiltzeko oso ondo zegoen, espezial». 

Ulin euri pixka bat egin zuen, baina gero ateri egon zen San Migeleraino. Hortik aurrera parte hartzaile batzuei zaparradek eragin zien, batez ere martxaren atzeko partean zihoazenei. «Amezketarako bidean bota omen zuen sekulakoa, ondoko laguna ez ikusterainokoa. Bidea markatuta zegoen Amezketara iristeko garai bateko bidezidor batetik, Anduitzeko harriaren ondoren eta zubia pasa eta gero, baina bidezidorra erreka bihurtuta zegoen eta gero zutik ez egoteko moduko lohia sortu zen. Euri kolpe hori izan zen okerrena, baina Lazkaon bota zuena izan balitz okerragoa izango zen». Egoera horretan Amezketara batzuk oso nekatuta eta hotzez dardarka iritsi ziren. «Tolosa eta Amezketa bitarteko autobus zerbitzua luzatzea erabaki zen, eta parte hartzaile batzuk autobusez joan ziren Tolosara», azaldu du Ormazabalek. 

Lekunberrin «giro aparta»
Hainbat anoa eta kontrol gune ditu XIV Orduak martxak, eta horietako bat Lekunberri da. «Nabarmenduko nuke Lekunberrin izan zen giroa, aparta. Festak zirela ematen zuen. Jende asko joan zen, parte hartzaileen gertukoak, beraiekin egotera, arropa lehorra ematera, janaria, besterik gabe kasu egitera... Parte hartzaileak jendeak egindako pasillo moduko batetik pasatzen ziren, eta oso giro polita zegoen», esan du.  

Aurten berritasunetako bat Berazubiko estadiora sartzeko lekua izan da, Berazubiko zubi ondoko plazatik, hain justu. «Kexaren bat jaso genuen, aurrekoetan sortzen zen girorik ez zegoelako estadio barruan», esan du Ormazabalek. «Zelaian inor ezin zen egon, partaideak pistatik bakarrik zeuden, eta gertukoek ezin zuten bertan zain egon, eta horren inguruko kexaren bat izan zen». Harmailetan egoteko aukera bazegoen, baina asko estadioaren eta ibaiaren arteko bidean egon ziren, mendizaleei pasillo moduko bat eginez iritsieran.  

Beste berritasunetako bat Gorritiko anoa eta kontrol gunean jarri zen martxan. Iturri nagusi batetik hodiak atera eta hainbat iturri jarri zituzten, aldi berean mendizaleek ura hartzeko. Ur botilarik ez zegoen eta ura nahi zuenak iturrietatik hartzeko aukera zuen. «Oso ondo funtzionatu zuen. Gainera, hondakinak sailkatzeko jarritako ontziak oso txukun erabili zituzten. Beste urte batzuetan arazoak izan ditugu hondakinekin, baina oraingoan oso ondo joan zen alde horretatik ere», dio Ormazabalek. 

Intzidentzia gutxi batzuk ere izan ziren. Esaterako, leher eginda zihoan parte hartzaile bat Ata bailara erdialdean babes zibilekoek martxatik atera zuten. Beste parte hartzaile bat, ondoezik zegoena, Igaratzatik eraman zuten San Migeleko errepidera eta handik anbulantzian eraman zuten. Berazubin bertan ere ondoezik zegoen pertsona bat artatu zuten. 

Antolakuntzako hainbat kide berandu arte egon ziren egunean bertan lanean, azken parte hartzailea 23:15ean iritsi baitzen. Biharamunean ere lanek jarraitu zuten, material guztiak bildu eta dena txukun gordetzeko. Aurki antolakuntzako talde nagusikoak elkartuko dira balantze zehatzagoa egin eta hurrengo ekitaldirako ondorioak ateratzeko. Guztira 125 boluntario inguru izan dira XIV Orduak martxan, eta Aralarko Adiskideak elkarteak eskertu die beraien laguntza, baita babesle eta laguntzaile moduan aritu diren enpresa eta erakundeei ere, besteak beste martxa igarotzen den udalerrietako udalei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!