Nekatuta bai, baina batez ere pozik iritsi dira mendizaleak Berazubira, XIV Orduak ibilaldia gaindituta. Izan ere, goizean goiz ekin diote ibiliari Berazubitik bertatik, eta ibilaldiaren 68 kilometroak eginda iritsi dira ostera Berazubira. Eguraldiak gehiegi lagundu ez duen arren, parte hartzaileak nahiko gustura azaldu dira, pentsatzen zena baino euri gutxiago egin duelako. Hori bai, aurreko egunetan botatako euria nabaritu da bide lokaztuan.
Parte hartzaileen artean denetarik izan da; ibilaldia ederki ezagutzen dutenak eta maiz egin dutenak, lehenengo aldia zutenak, bakarka egin dutenak, familian edo lagunekin edota entrenatzeko balio dutenak. Gehienek gainditutako erronka moduan hartu dute, eta askok lau urte barru errepikatuko dutela ziurtatu badute ere, behin egitearekin asebeteta gelditu direla ziotenak ere izan dira.
Berazubi estadioan zeuden antolatzaileak ere gustura agertu dira. Batez ere, martxa bide onetik joan dela aipatu dute, hau da, aparteko gorabeherarik ez dela izan. Bestetik, nahiko lasai joan dela ere azpimarratu dute. Alegia, eguraldiagatik mendizaleek lasai hartu dute, eta horregatik probaren iraupena ohi baino gehiago luzatzea aurreikusi dute.
Berazubi estadio barruan, nahiz kanpoaldean herritar ugari batu da mendizaleei animoak eman eta zoriontzeko helburuz. Ibilaldiaren puntu askotan elkartu da jendea helburu horrekin, eta mendizaleek asko eskertu dutela aipatu dute.