Nakbaren edo Hondamendiaren eguna gogoratu dute

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mai. 15a, 20:55

Duela 76 urte, sionismoak palestinarren aurka abiarazitako erasoaldiaren ondotik sortu zen ofizialki Israelgo Estatua, eta gertakaria gogoratzeko elkarretaratzea egin dute Trianguloan, Kontseilu Sozialista Tolosaldeak deituta.

Maiatzaren 15ean Nakbaren edo Hondamendiaren eguna oroitzen dute Palestinan. Izan ere, gaur duela 76 urte, sionismoak palestinarren aurka abiarazitako erasoaldiaren ondotik sortu zen ofizialki Israelgo Estatua, mendebaldeko potentzia inperialisten babesarekin. Data hura gogoratzeko, elkarretaratzea egin dute gaur, Trianguloa plazan, Kontseilu Sozialista Tolosaldeak deituta; dozenaka herritar batu da deialdira. «Gertaera hark argi erakusten du estatu sionistaren oinarrian Palestinako lurren okupazioa eta palestinarren aurkako kanporaketa eta erailketa izan direla hasieratik», adierazi dute Kontseilu Sozialista Tolosaldeako kideek.

Pasa den urriaz geroztik, Israelek palestinarren aurkako sarraskia indartu duela nabarmendu dute: «7 hilabete baino gehiago daramatza inpunitate osoz Gaza suntsitzen eta palestinarrak beren lurretatik kanporatzen. Gainera, aurreko hilabeteetan Gazako hirigune nagusiak bonbardatu eta milioitik gora palestinar Gaza hegoaldeko Rafah hirira kanporatu ondoren, aurreko astean Rafah suntsitzeko erasoa abiarazi du estatu sionistak. Astebetean beste ehunka hildako eta milaka zauritu gehiago eragin ditu. Rafahko eraso kriminalak argi erakusten du Israelek ez duela palestinarren kontrako sarraskia gelditzeko asmorik».

Kontseiluko kideek adierazi dutenez, estatu sionistaren inpunitatearen oinarrian, mendebaldeko gobernuen eta alderdi politiko profesionalen sostengua dago. «Batzuek zuzenean babesten dute estatu sionista. Beste batzuek, aldiz, bakearen aldeko promesa faltsuak egin arren ez dute neurri errealik hartzen genozidioa gelditzeko. Horren adibide garbia da PSOE buru duen Espainiako Gobernua. Palestinaren aldeko adierazpenak egin eta laster Palestinako Estatua aitortuko duen arren, Israeli inoiz baino arma gehiago saltzen ari da eta estatu sionistarekin harreman diplomatiko, politiko eta ekonomikoak izaten jarraitzen du. Hau da, genozidioa aktiboki babesten ari da. Horregatik, guk Espainiako gobernuaren eta bere sostengu diren alderdien posizio hipokrita salatzen dugu».

Palestinaren aitortza formala zein bi estatuen proposamena, soluzio erreal eta justua baino, sozialdemokraziaren aurpegi zuriketarako promesa faltsua dela gaineratu dute. «Batetik, sionismoak hamarkada luzez frogatu duelako ez dagoela prest estatu palestinar bat eta milioika errefuxiaturen itzulera onartzeko. Bestetik, palestinar estatu baten onarpen formal batek ez dituelako sionisten kolonizazioa eta hedapena geldituko. Proposamen horiek, gainera, Israel zilegitu eta palestinar herriaren erresistentziarako eskubidea ukatzen dute. Gure ustez, palestinarren askatasuna Israelen desegitearen eta Palestinaren deskolonizazioaren eskutik etorriko da. Eta horretarako, palestinarren erresistentziarako eskubidea babestu eta sionismoaren konplizeak borrokatu behar ditugu.

Horrez gain, presente izan behar dugu palestinar herriaren aurkako sarraskia eta mendebaldeko herrialdeen militarizazioa txanpon beraren bi alde direla. Kapitalismoak bere oinarrian dauka gerrarako joera; Palestinako genozidioa, eta NATOko herrialdeak gerrarako prestatzen aritzea dinamika kapitalista beraren bi aurpegi dira. Horregatik, Palestinar herriaren askatasunaren alde eta gerrate inperialista guztien kontra, premiazkoa da klase kapitalistari aurre egingo dion nazioarte indar sozialista bat antolatzea. Guk norabide horretan lanean jarraituko dugu Kontseilu Sozialistetatik.

Bukatzeko, dei egin dute larunbatean, hilak 18, Palestinarekin Elkartasuna plataformak Iruñean antolatu duen manifestazio nazionalean parte hartzera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!