Elkarrizketa

«Nire indarguneetako bat genero desberdinak klub girora egokitzea da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko api. 17a, 11:58

Alai Ormazabal tolosarrak, 'Alai' izenez ezagunak, musika generoak konbinatzea gustuko du; bere bizitzaren kronologia bat den bost kantuz osatutako diskoa argitaratu berri du Oso Polita ekoiztetxearekin: 'Yuca'.

Azaroan Gaztea Maketa Lehiaketan Harrobia saria irabazi ondoren, DJ modura musikaren eszenan finkatzen ari da Alai Ormazabal Urresti (Tolosa, 1996). Euskal Herrian DJ asko eta onak daudela dio, baina klubak falta direla. Bere ametsik handiena, erreferentziak kontuan izanda, Ingalaterrako klub batean aritzea dela aitortu du.

Musikaren eszenan DJ gisa finkatuta zaude. Hala ere, alderdi artistiko ugari biltzen dituzula diote. Ados zaude?

Beno, DJ-a izateaz gain, ekoizle ere banaiz. Horrez gain, DJ-ok normalean, kantuak jartzen ditugu soilik, baina nire kasuan, zuzenean ere abesten dut.

Akaso, etxean ikusi eta entzundakoak zerikusia du.

Guztiz! Gainera, askotariko erreferentziak izan ditut beti. Ama venezuelarra dut, eta askotan entzun izan dut musika karibetarra. Aita, berriz, musikari klasikoa da. Beraz, Juan Luis Guerraren merengea edo Mozarten opera entzunez esnatu izan naiz.

Zuk, ordea, beste estilo batera jo duzu.

Ez nuke esango nik egiten dudan musika hain urrun dagoenik. Musika elektronikora jo dut ekoizteko modua eta teknika gustuko dudalako. Ez naiz instrumentista kontsideratzen, baina bai sortzailea; hortaz, nire bidea aurkitu dudala esango nuke.

Baina zuk instrumenturen bat jotzen duzu, ezta?

Bai, pianoa. Hamar urtez aritu nintzen ikasten.

Musika generoak konbinatzea gustuko duzu. Zein izaten da zure helburua?

Ez dut helburu finkorik izaten. Esperimentatzea gustatzen zait, eta entzuten ditudan abestietan fusioak aurkitzea. Interesgarriagoa iruditzen zait, eta antzeko zerbait egiten saiatzen naiz. Nire bizitzan beti izan ditut presente genero oso desberdinak, eta akaso, horregatik dut interes hori. Nire musika genero jakin bati lotuta sortuko banu, aspergarriagoa litzateke. Ekoizten ari naizenean, collage bat egin nahi izaten dut. Puzzle baten pieza desberdinak sortzen ditut, eta horiek elkartzen saiatzen naiz. Batzuetan, emaitzak oso txarrak izaten dira, baina etengabe egin behar dira saiakerak eta akatsak.

Eta zertan nabarmentzen zara?

Nire erreferentzia elektronikoek Ingalaterran dute jatorria. Oso gustuko ditut UK garage, drum & base eta jungle generoak, eta beti dago horien erreferentzia bat nire abestietan. Nire indarguneetako bat genero desberdinak klub girora egokitzea da, sortzen ditudan kantuak dantzalekuetan jarri eta entzun ahal izatea.

Etengabe aritzen zara musikan pentsatzen? Buruan beti dituzu melodiak?

Ez pentsa! Zenbait boladatan nazkatu ere egiten naiz, eta igaro izan ditut bizpahiru hilabeteko garaiak musikarik entzun gabe edo musikaz gozatu gabe, apur bat gainezka nengoelako. Hori oso gogorra da. Hala ere, beti agertzen da artistaren bat edo kanturen bat, eta berriro motibatu egiten naiz. Musika jaialdietan ere gertatzen zait hori, kontzertu asko entzun ondoren.

Zer da garrantzitsuagoa, egiten duzun musika zuretzat gustagarria izatea ala entzuleari gustatzea?

Beharrezkoa da entzulea kontuan izatea, eta sortutako musika entzungarria izan dadin lortzea. Oso zaila da, ordea, pertzepzioa askotarikoa izaten delako. Niri kostatzen zait entzulearen lekuan jartzea. Zure kantuak sortzen dituzunean, oxigenoa eman behar diezu, eta denbora batez arnasten utzi, berriro entzun aurretik. Nire kasuan, baditut entzule fidelak, nire kantuen inguruan egiazko iritzia ematen didatenak.

Karibeko melodiek soinu elektroniko berrienekin bat egiten duten bost abestiko 'Yuca' diskoa argitaratu berri duzu. Gustura zaude emaitzarekin?

Oso gustura eta oso pozik nago. Nire erreferentzia musikalak laburbiltzen saiatu naizen lehen lana da. Aurreko lanetan beti eduki dut kontzeptu edo gai bat, jarraikortasun bat emateko, eta horren baitan sortzen nituen kantuak. Honetan, ordea, nire burua artista bezala aurkeztu eta nire erreferentziak erakutsi nahi izan ditut: «Hau da Alai, eta hau da bere doinuen liburutegia».

Nolako diskoa da?

Denetik duen horietakoa. Nire bizitzaren kronologia bat da. Haurtzaroari egiten diot erreferentzia, baina horrez gain, kluben mundua deskubritu nueneko esperientzia irudikatzen saiatu naiz. Abesti batean salsa generoaren ukituak entzun daitezke, beste batean, merengearenak. Xabier Leteren letrak ere baditu kantu batek. Oro har, energia handikoa eta dibertigarria da, baita hunkigarria ere, edo hori lortu nahi nuen behintzat.

Prozesua erraza izan da?

Bai. Niretzako zaila da puzzle-aren fitxak bateratzea, baina behin hori eginda, bidea aurkitzen dut. Ideiak buruan bueltaka izaten ditut beti. Lan honen kasuan, nahiko azkar joan zen prozesua, bizpahiru astetan egin nuen guztia.

Diskoetako kantuen bideoklipetan, besteak beste, nabari da lehen aipatzen zenuen energia hori.

Hori lortu nahi nuen, klub giroa ematea. Hiru dimentsiotan egindako bideoak dira. Pablo Reverter unibertsitateko laguna da nire iruditegiaren egilea. Ikus-entzunezkoen munduan, erreferentzia eta zaletasun antzekoak ditugu, eta bere irizpideak oso fidagarriak dira niretzat. Oso lagungarria izaten da niretzat, musika sortzen dudan aldiro, burmuina frijituta izaten dudalako, eta inspirazio falta handia sentitzen dut doinuak irudietara eramateko.

Azaroan, Gaztea Maketa Lehiaketako Harrobia Saria irabazi zenuen. Zer suposatzen du sari honek zuretzat?

Ez nuen espero inolaz ere saria lortzea. Hala ere, lan zama erraldoia kentzea lortu dut, lehen ekoizpen eta zabalkunde lana nik soilik egiten nuelako, eta orain Oso Polita ekoiztetxea arduratzen da. Esperantza dut nire lanarekin aurrera jarraitu ahalko dudala, klub munduan finkatuz, eta urrunago heldu naitekeela, Euskal Herritik ateratzea ere ondo legoke eta. Horrela, esperientzia eta kalitate handiagoa lortu ahalko nuke.

Zure musika zuzenean entzutekoa da edo edozein unetan ere entzun daiteke?

Zaila da. Dantzalekuetan jarri ahal izateko kantuak egin nahi ditut, baina egia da edozein unetan entzuteko modukoak ere izan behar direla. Bi kasuen arteko zerbait egiten saiatzen naiz.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!