Bideoklipa

Alai artista tolosarrak 'Yuca' lana kaleratu du

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 10a, 19:00

Karibeko generoek soinu elektroniko berrienekin bat egiten duten bost abestiko EP-a da; gaur, disko horretako 'Floor' kantuaren bideoklipa aurkeztu du.

Izen bereko lehen aurrerapena komunikabide eta entzuleen aldetik ongi etorri bikainarekin argitaratu ondoren, Alai artista tolosarrak Yuca lana kaleratu du gaur, Karibeko generoek soinu elektroniko berrienekin bat egiten duten bost abestiko EP-a, Gaztea Maketa Lehiaketako Harrobia Saria irabazi ondoren. 

Musikaren eszenan DJ gisa finkatuta dagoen artista honek alderdi artistiko ugari ditu, eta EP honetan musika generoak maisutasunez ekoiztu eta konbinatzeko duen talentua nabarmentzen da. Bere konposaketa prozesuan zati ezberdinak puzzle moduan lantzen ditu, saltsa-erritmoak, merengea edo reggaea bezalako soinuak beste elektronikoago batzuekin batzea lortzen du, Venezuelako amaren jatorriagatik txikitatik entzuten dituen estiloen eta jungle, beakbeat eta UK garage-a bezalako beste erreferentzia eta erritmo hautsien arteko elkargune bat sortuz. Etxeko sentitzen dituen bi mundu horiek, bere artista prestakuntza eta garapenean indarrean daudenak, elkarri eskua ematea lortzea da bere helburua, eta bere genero gogokoenek klub giroan leku bat edukitzea. 

EP-aren lehen aurrerapen kantua Yuca izan zen, eta diskoa kaleratzearekin batera, Floor kantuaren bideoklipa aurkeztu du, non gauaren eta klub munduaren aurkikuntza kontatzen duen. Bertan, puntu dibertigarri bat ematen dion momentuko beste euskal artista baten laguntza du, Bravarena, eta horrek biribiltzen du dantza egitera gonbidatzen gaituen mantra hau. Soundsystem munduari erreferentzia eginez, abesti kementsu honek diskotekako atetik sartu eta gau handi bat aurreratzen duen baxuaren soinua entzuten den une horretara darama entzulea.

Yuca laneko kantuen zerrenda beste hiru abesti berrik osatzen dute; Crib eta Orio leunek eta Choroni boteretsuak. Guztietarako Alairen ohiko kolaboratzailea den TakeANapeko Pablo Reverter artistak unibertso eder bat sortu du, Alai bera eskaneatu ostean abesti bakoitzerako pieza desberdinekin, bere ibilbide eta sormen eferbeszentziarekin erabat datorren erreferentzia baten bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!