«XABI LAGUNA DA. PROFESIONALKI IKARAGARRIA, ADISKIDEA, ARDURATSUA, AITA... LIDER NATURAL BAT»
Nola definituko zenukete Xabier hitz gutxitan?
Rico: Laguna, zalantzarik gabe.
Rivero: Profesionalki ikaragarria, adiskidea, arduratsua, aita... lider natural bat.
Zuen sukaldean ezinbestekoa den zer osagairekin identifikatuko zenukete Xabier?
Rivero: Gatza, akaso. Oinarrizkoa den zerbait, errezetari indar handiagoa emango diona.
Zer errezeta prestatuko zeniokete Xabierri?
Rivero: Gogoan dut behin, bere aita Matiasek, zeinen gustura jan zuen gure etxean zimarroia. Orduan, berari ere hori prestatuko genioke, aitarekin etorriz gero, noski!
Eta zer errezeta gomendatuko zeniokete bere jatetxeko kartan gehitzeko?
Rico: Bisigua [Barreak].
Rivero: Edo ganba batzuk, parrillan. Txantxa zen! Nik nahiko nuke egunen batean bertako abere oso bat hartu, ardi bat edo, parrillan erre eta denok mahai inguruan eserita dastatzea. Baina, ez Xabierrek bere kartan gehitzeko, denok elkarrekin gozatzeko baizik.
Zer ez da falta inoiz zuen jatetxean?
Rivero: Antolakuntza eta garbitasuna.
Zuena ez den zer jatetxetara gonbidatuko zenukete otordu batera?
Rico: Kanpezuko Arreara.
Rivero: Getariako Elkanora.
«EZ NIEKE ERREZETARIK GOMENDATUKO. DAGOENEKO EGITEN DUTENA ONDO PENTSATUTA EGITEN DUTE»
Nola definituko zenituzke Javi eta Gorka?
Oso ondo jakin izan dute bertakotzen. Gure helburua Tolosa eta bertako gastronomia bultzatzea da, batak besteari lagunduz, elkarri zapaldu gabe, eta hori lortzea ahalbidetu dute. Askok lehiakortasuna ikusten duten lekuan nik adiskidetasuna ikusten dut.
Zure sukaldean ezinbestekoa den zer osagairekin identifikatuko zenituzke?
Zaila da; hain tradizionala da hemen daukaguna... Adiskidetasuna esan dugunez, ba edariren batekin. Lagunak elkarrekin daudenean, zer egoten da tartean? Bada, topa egiteko zerbait, izan ardo kopa bat edo beste edozer.
Zer errezeta prestatuko zenieke?
Oso originala izango naiz: txuleta bat, piperrekin. Etortzen direnean, beti etortzen dira okelaz gozatzera.
Eta zer errezeta gomendatu?
Ezer ez. Dagoeneko egiten dutena ondo pentsatuta egiten dute. Nik baino gehiago dakite zer behar duten, eta beraz, ez naiz bustiko.
Ba al dago zure jatetxean ezinbestekoa den zerbait?
Lantaldea.
Zuk nora gonbidatuko zenituzke?
Javik egindako gonbidapenari jarraipena emateko, Getarian geratuko ginateke, Kaiara joateko.