Tolosako Asuncion Klinikako eta LAB zein ELA sindikatuetako hainbat ordezkarik elkarretaratzea egin dute gaur, ospitalearen aurrean, eskualderako osasungintza publikoa eskatzeko. Esan dute mobilizazioekin jarraituko dutela Tolosalderako kalitatezko osasun zerbitzua lortu arte.
Gogoratu dute eskualdeko herritarrek urteak daramatzatela ospitale publiko bat eskatzen eta langileek hamaika aldiz salatu dituztela euren lantoki den Asuncion Klinikako lan baldintzak, «baita bertan ematen den zerbitzuak dituen gabezia eta arazoak ere». Langileek esan dute Eusko Jaurlaritzak 2019an ospitale publikoa eraikiko zela iragarri zuela, baina ondoren eman diren pausoek eta ospitalearen etorkizunak hartu duen norabideak, kezkatzen dituztela gaineratu dute. «Alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren ospitale publikoa nolakoa izango den definitzen duen Plan Funtzionalari erreparatuta, argi ikusten da ez dituela inguruko eskualdeetako ospitaleek dituzten zerbitzuak izango, biztanleria oso antzekoa den Debagoieneko ospitaleak dituenak, adibidez. Orain gutxi Sagarduik Osasun batzordean ospitale berriaren Plan Funtzionalari buruz egindako adierazpenek berresten dute esandakoa».
Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak Asuncion publifikatzeko eskaera egin duela eta Gotzone Sagarduik ez duela kasurik egin esan dute, era berean. «Tolosaldeko osasungintza guztiz publikoa ez izatea du Eusko Jaurlaritzak helburu. Eraiki nahi den ospitale berriko langile denak publikoak izango diren bermerik ere ez du ematen Plan Funtzional horrek eta garbitzaile lanak egiten dituzten langileen inguruan adibidez ez da ezer aipatzen», gaineratu dute.
Asuncioneko langileak
Plan Funtzionalak Asuncioneko langileekin zer gertatuko den ez duela argitzen eta Osasun batzordean ere ez dela argitu salatu dute eta esan dute berriki Tolosako udaletxean langileen ordezkariek bilera bat izan dutela eta bertan ere ez dela ontzat eman Asuncioneko langileak ospitale berrira subrogatuak izateko eskaera. «Azken hamarkadetan Asuncioneko langileak izan gara herritarrak artatu ditugunak, zailtasun ugariren aurrean, profesionaltasunez eta arduraz lan eginez. Eskualdeko ospitale funtzioa bete dugu, nahiz eta funtzio hori betetzeko, beste eskualdeetako ospitale publikoak baino baldintza okerragoetan lan egin behar izan. Asuncion Klinikako langileak ez dituen ospitale publikorik ez dugu onartuko».
Horiek horrela, langile batzordea osatzen duten LAB eta ELA sindikatuek Tolosaldeko osasungintzaren eredua aldarrikatu eta ardura instituzionala duten EAJ eta EH Bilduri eskatu diete zerbitzu guztiak izango dituen osasungintza eredua eskatzeko Tolosalderako, %100 publikoa izango den ospitalea aldarrikatzeko eta Asuncion Klinikan lan egiten duten langileen subrogazioa eskatzeko. «Langileok mobilizatzen eta bidea egiten jarraituko dugu Tolosaldean aldarrikatzen dugun osasungintza publikoa izan dadin lortu arte».