Adif-ek 4 milioi euro bideratuko ditu Tolosa erdiguneko tren geltokian hobekuntzak egiteko

Ataria 2024ko martxoaren 14a

Geltokiko aireko kontaktu-linean edo katenarian (trenek zirkulatzeko energia hartzen duten bideen gaineko kablean) zenbait eraberritze lan egitera bideratuko du dirua.

Adif-ek Tolosa-Hendaia ohiko trenbidea berrituko du Gipuzkoako zatian, hain zuzen, Tolosa erdiguneko geltokian. 4,1 milioi euroko inbertsioa egin du geltokiko aireko kontaktu-linean edo katenarian (trenek zirkulatzeko energia hartzen duten bideen gaineko kablean) zenbait eraberritze lan egiteko. Lan hauek elektrifikazioa hobetzea dute helburu, distantzia ertain eta luzeko aldirietako trenek zirkulatzen duten azpiegituraren fidagarritasuna indartzeko.

Jarduketa hori trenbide-zerbitzuarekin bateratuko da, eta, beraz, portiko zurrunak (ateburu metalikoak) jarriko dituzte katenaria zabaltzeko. «Horiekin, zirkulazio-ahalmena indartuko da eta mantentze-lanak optimizatuko dira», adierazi dute Adifetik. Halaber, zutoinak, ukipen-hariak eta sostengatzaileak berrituko dituzte eta teknologia berria zabalduko da tokiko aginte postuan. «Horrela, elektrifikazio ekipoak Tolosako geltokiaren inguruan eraikiko den azpiestazio berrira egokitzen dira», gaineratu dute.

Aldirietako sarea hobetzea

Adif-ek berritze-, kontserbazio- eta mantentze-jarduera ugari egiten ditu ohiko sarean eta Aldiriko Sarean, Gipuzkoan. Duela gutxi, Legorretako eta Billabona-Zizurkilgo geltokien elektrifikazioan antzeko hobekuntzak egin zituen, eta Martutenen azpiestazio berri bat (trenbideei energia ematen dieten instalazioak) eraikitzea kontratatu zuen.

Jarduera horiek Brinkola-Irun tartean egindakoei eta aktibatutakoei gehitzen zaizkie, hala nola, Legorreta eta Tolosa arteko elektrifikazioa berritzea, dagoeneko kontratatuta dauden geralekuak eraikitzea eta hobetzea (Urnieta eta Lezo-Errenteria), eta Loiolako eta Martuteneko geralekuetako irisgarritasuna hobetzea eta Pasaia eta Legorretako proiektuak berritzea.

Ohiko bidea

Madril-Hendaia trenbidean, zenbait jarduera garatzen ari da Adif: Burgos eta Palentziako probintzietan hamar bat azpiestazio modernizatzea; trenbide-pasaguneak kentzea; zubiak berritzea eta sendotzea (Villabonakoa, eta Arlanzon ibaikoa, Palentzian); geltokiak hobetzea eta Bidasoako zubi historikoa erabat berritzea.

Jarduera horiek guztiek Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) lortzen laguntzen dutela adierazi du Adifek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!