Inauterien inguruan herritarren iritzia bildu nahi dute

Ataria 2024ko martxoaren 11

2024ko inauterien inkesta bat zabaldu du Tolosako Udalak, aurrera begirako proposamenak jasotzeko helburuarekin; 16 urtetik gorako herritarrek erantzun ahal izango dute, pertsonako behin.

2024ko inauterien inguruko tolosarren iritzia bildu nahi du Tolosako Udalak, zer zuzendu edo hobetu jakiteko, eta ideia eta proposamen berriak jasotzeko. «Festek ertz asko dituzte, jende eta talde askok parte hartzen baitute, eta guztien arteko elkarbizitza eta oreka bat topatu nahi ditugu», azaldu dute.

Hori dela eta, balorazio-galdetegi bat jarri dute herritarren eskura; hain zuzen, 16 urtetik gorakoentzat, horiek bakarrik erantzun ahal izango dutelako, pertsonako behin. Martxoaren 21era arte egongo da erantzuteko aukera. «Galdetegi honen bidez jasotako erantzunek norabide hori errazago zehazten lagundu ahal izango digute. Eman lasai zure iritzia, beti ere errespetuz», adierazi dute udaletik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!