30 urki eta 2 arte landatu dituzte Zuhaitzaren Egunean

Tolosaldeko Ataria 2024ko mar. 7a, 19:00
Agenda 2030 proiektuaren Tolosako udal-foroaren bilerako irudia

Santa Lutzia inguruan egin dute landaketa Samaniego ikastetxeko 5. mailako 65 ikasle inguruk, Tolosako Udalak Baso-eskola proiekturako bertan berreskuratu duen eremuan.

Gaur, martxoak 7, Zuhaitzaren Eguna da eta horren harira, ohikoa den moduan, zuhaitz landaketa egin dute Tolosan, Tolosako Udalak Tolosako Ingurumen Zentroarekin batera antolatuta. Herriko hiru ikastetxeetako (Herrikide, Laskorain Ikastola eta Samaniego) 5. mailako ikasleek egin ohi dute landaketa, urtero txandatuz, eta aurtengoan, Samaniegoko ikasleen txanda izan da. 65 ikasle inguruk hartu dute parte gaurko landaketan, irakasleez eta, urtero bezala, Goroldiko adituez lagunduta. 

30 urki eta 2 arte landatu dituzte Santa Luzia eremuan, 5 urteko ikasleekin lantzen den Baso-eskola proiekturako udalak bertan berreskuratu duen gunean. Ikasleek gogoz hartu dute landaketa eta behin ekimena amaituta, landare bat ere jaso dute opari, hori behar bezala zaintzeko azalpenekin. 

Zuhaitz landaketa urtero errepikatzen den ekintza da eta helburu du, besteak beste, landaketa gunean itzala sortu eta biodibertsitatea zein itxura hobetzea, baita gazteen artean biodibertsitatearen aldeko ekintzak sustatzea, baita haur, gazte zein herritarrengan oro har, zuhaitz, baso eta berdeguneekiko heziketa, sentsibilizazioa eta errespetua sustatzea ere. 

Praktika onen aldeko kartelak, Amarozko basoan eta Elosegi parkean

2021-2022 ikasturtean Eskolako Agenda 2030 proiektuan Basoa gaia landu zuten Tolosako ikasleek eta lanketatik eratorritako proposamenari erantzuna emanez, praktika onen aldeko kartelak jarri ditu udalak Amarotz auzoko basoan eta Elosegi parkean. Herritarrek aisialdirako erabiltzeaz gain, haur hezkuntzako ikasleek baso-eskola programa lantzeko ere erabiltzen dituzte espazio hauek. Tarteka, bi espazio horien erabilera desegokia egiten zela jabetu ziren ikasleak eta, irtenbide gisa, eremu berde batean kontutan izateko praktika onen jarraibideak sortzea proposatu zioten udalari. Hauek dira bi espazio horietan jarritako praktika onen jarraibideak: 

  • Ibili markatutako bidetik: Zure segurtasunagatik eta landareak ez zapaltzeko.
  • Errespetatu urmaela eta beste elementuak: basoa denon artean zaindu behar dugu. 
  • Utzi loreak dauden tokian: Tximeleten, erleen eta hainbat animaliaren janari dira. 
  • Ez hitz egin ozen: Oihuek eta musika ozenak animaliak uxatu, eta beste bisitariak molestatzen dituzte.
  • Jokatu garbi!: eraman zaborra zurekin. 
  • Argazkiak atera bai, bildu ez: Utzi bertan makilak, hostoak eta loreak. 
  • Zomorroak ere garrantzitsuak dira!: Begiratu, ez zapaldu. Parkeko ekosistemaren parte garrantzitsua dira. 
  • Txakurrarekin bazatoz, lotu: Eta jaso gorotzak

Agenda 2030: energia hizpide

Agenda 2030 proiektuaren Tolosako udal-foroaren bilera izan da berriki. Ikastetxe bakoitzetik egitasmoan murgilduta dauden bizpahiru ikasle eta irakaslek, eta udal teknikari eta ordezkari politikoek parte hartu zuten hitzorduan. Aurten, Energia, bizitzaren motorra lelopean, energia aurrezteko praktika onak ari dira lantzen HH eta LHko ikasleak, eta esku-hartze planaren berri eman zioten udalari, eskaerak luzatzearekin batera.

Herrikide Ikastetxeko LHko ikasleek, esaterako, bideo batzuk grabatuko dituzte praktika horiekin, eta Tolosako pantailetan argitaratuko dituzte gero. DBH eta Batxilergoko ikasleak, berriz, eraikinen kontsumo eta ziurtagiri energetikoari buruzko aholku eta informazio praktikoa biltzen ari dira, modu argigarrian gizarteratzeko. Samaniegoko 6. mailako ikasleek, berriz, ikastetxera bisita gidatuak antolatuko dituzte, eskola jasangarriago egiteko martxan dituzten neurriak azaltzeko. Bisita gidatuak asteazkenero egingo dituzte, martxotik maiatzera, 11:00etatik 11:30era. Azkenik, Laskorain Ikastolako ikasleek, Gabonetan kultur etxean egiten duten Merkatu Txikiak ekonomia zirkularrarekin modu ezberdinetara duen lotura jorratu dute, eta proiektu horren inguruko hausnarketa egingo dute. 

Guztien lanketaren emaitzak gizarteratzeko, maiatzean egingo den azoka formatuko ekitaldi baten antolaketan daude murgilduta elkarlanean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!