Elkarrizketa

«Astebetean, bi egun soilik izan genituen soka gainean ibiltzeko»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 5a, 19:58

Argazkia: Fotorafa

Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso zuten iaz Oreka Tolosa slackline taldeko kideek, Nerbioi bailaran egindako lorpen ikusgarriagatik. Orain, Menditour jaialdietan ari dira lana aurkezten, eta astelehenean Leidorren izango dira.

Nola landu zenuten lorpena?

Nerbioi ibaiaren sorreran, bailara gurutzatzen duen 850 metroko soka luze bat jarri genuen, 300 metroko altueran. Nire aspaldiko ametsa zen Estatuko ur-jauzi handienaren aurrean highline-a praktikatzea. Gainera, Euskal Herrian inoiz egin den luzeena da. Estatu mailako errekorra kilometrokoa da, eta beraz, gertu gaude. Grabaketak eginda daude, eta orain horri forma eman eta lan motza edo luzea izango den erabakitzea falta da.

Zorte apur bat izan zenuten, ezta?

Toki zaila da eta erronka handia zen, udazken betean grabatu behar genuelako. Egun euritsu eta haizetsuak izan ziren, eta zenbait aldiz bertan behera utzi genituen grabaketak. Astebetean, bi egun soilik izan genituen soka gainean ibiltzeko. Azkenean, zortea izan genuen, grabatu genuenean ez zuelako haizerik egin eta ur-jauziak ur asko zuen.

Zer kontatzen du 'Highline Nerbioi' dokumentalak?

Antzeko beste proiektu batzuen lanak ikustean, argi genuen zerbait desberdina egin nahi genuela. Batez ere, highline honen muntaia erakutsi nahi genuen. Errekurtso mugatuak dituen talde bat gara, eta beraz, bizitako esperientzia hori ezagutaraztea zen helburua.

Zein helburu ditu lan honek?

Batetik, administrazio publikoari praktika hau ezagutaraztea eta horrelako erronkak lortzea posible dela erakustea. Izan ere, slackline-a ez dute mendiko jarduera edo diziplina bezala onartzen. Bestetik, jarduera hau naturalizatzea, segurua dela eta arriskurik ez duela erakustea.

Nolakoa izan zen ametsa errealitate bilakatzeko prozesua?

Ideia hori buruan nuela, beka deialdira aurkeztea erabaki nuen. Abuztuan, 10.000 euroko diru laguntza jaso genuen, baita aholkularitza zerbitzu bat ere, dokumentala 2024ko jaialdian aurkezteko. Aurrez, prozesu administratibo bat abiatua nuen, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gaztela eta Leongo ministerioarekin. Izan ere, parke naturaletan highline-a praktikatzeko baimen bereziak eskatu behar dira, ondo zaindutako guneak direlako. Urtebete behar izan nuen horiek lortzeko, eta gero aste bakarrean grabatu genituen irudiak, urriaren 30etik azaroaren 5era. Argi genuen berriro horrelako aukerarik ez genuela izango.

Laguntza nahikoa izan da proiektua finantzatzeko?

Zorionez, bai. Apustu sendo bat egin genuen, proiektu altruista bat izatea nahi genuelako. Ikus-entzunezko baliabideetan dirutza erabili dugu. Gure taldeak ez dauka horrelako proiektu bat egiteko nahikoa material, eta hor ere aurrekontuaren zati bat erabili behar izan dugu.

Behin soka jarrita, zuentzat erraza da gainean ibiltzea, eta seguru zoazte. Baina, soka jartzea ez zen lan erraza izango...

Haizea zela eta, ezin genuen drone-a erabili soka zeharkatzeko. Orduan, pazientzia ezinbestekoa izan zen. Bailara guztia inguratu genuen, pixkanaka, soka fin batekin, eta amildegira botatzen gindoazen. Bi egun aritu ginen lan horretan. Behin hori eginda, soka tenkatu genuen, gortina moduko bat sortzeko, beste bi soka pasa genituen alde batetik bestera, eta ondoren, soka printzipala pasa genuen. Hala ere, esan beharra dago, esfortzu handiagoa suposatzen du aurreko lanak soka gainekoak baino, are gehiago, urtebete lehenago baimenak eskatzen hasi nintzela kontuan izanda.

Zer suposatzen du zuentzat dokumentala Mendi Tour jaialdian aurkeztea?

Oso eskertuta gaude. Ez genuen baliabide ekonomikorik ezta errekurtsorik ere proiektu hau gauzatzeko. Hori ez ezik, dokumentatzeko aukera izan dugu, eta Tolosan aurkeztea zoragarria da, gure etxea delako. Gure proiektua pantaila handian eta estatu osoan ikustea aurrerapauso handia izango da jarduera honentzat.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!