Mendiko zinema eta artearen inspirazioa bilduko dira Tolosan

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko mar. 5a, 19:59

Askotariko jarduerak biltzen dituzten hamar film eta tolosar kutsuko dokumental bat aurkeztuko dituzte Mendi Tour jaialdian, astelehenetik asteazkenera.

Mendi Film zinemaldiko pelikula onenen zirkuitu ibiltaria Tolosako Leidor aretora itzuliko da martxoaren 11n, 12an eta 13an, Mendi Tour jaialdiaren 14. edizioan. Mendia, abentura, muturreko kirolak eta naturako gaiak jorratzen dituzten hamaika pelikulek osatuko dute programazioa; horietako batzuk, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdian saridun izan ziren. Antolatzaileek nabarmendu dute guztiak direla obra gomendagarriak publiko zabalarentzat. Saioak 19:30ean hasiko dira eta sarrerak eta bonuak Leidorreko leihatilan nahiz online eskuratu daitezke.

Lehen saioa, astelehenekoa, film laburren eguna izango da. «Sorta oparo eta biziarekin, askotariko jarduerak eta proiektuak ezagutzeko aukera bikaina izango da», esan du Aitor Elduaien jaialdiaren antolatzaileak. Egun horretan, gainera, Oreka Tolosa slackline taldearen dokumentala aurkeztuko dute: Highline Nerbioi. Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso du proiektuak, eta aurtengo abenduan estreinatuko da Bilbon. Asteartean, berriz, Mendiko Film onenaren eta Soinu Banda onenaren sariak irabazitako Rope aurkeztuko dute. Urrezko 3 Piolet irabaziak dituen Kazuya Hiraide alpinista japoniarraren inguruko lana da.

Sari Nagusia eta zuzendaritza onenaren saria jaso zituen The Great White Whale pelikula da plater nagusia; asteazkenean ikusi ahal izango da. «Michael Dillon australiarraren maisu-lana da. 1960ko hamarkadako espedizio itzel batean oinarritua dago, alpinismoa eta nabigazioa uztartu zituena, Australiako mendi garaiena, Big Ben sumendia, eskalatzeko helburuarekin. Bilbon estreinatu zen nazioarte mailan, beraz, Tolosakoa, lehenengotariko emanaldia da», azaldu du Jabier Baraiazarra Mendi Filmeko zuzendariak.

Jatorrizko bertsioetan eskainiko dira pelikulak eta guztiek izango dituzte euskarazko edota gaztelaniazko azpitituluak. Halaber, zeinu hizkuntza interpretazioa izango da filmen aurkezpenetan. Asteartean ikusi ahal izango den Elevated film laburrarekin (Eskaladako Film Onena), gainera, lotura estua sentituko dute ikusle gorrek, protagonista, Sonya Wilson eskalatzaile eta mendizale estatubatuarra, gorra baita.

Baten faltan, bi erakusketa

Aurten, mendiko zinema onenaz gozatzeaz gain, bi erakusketa bisitatu ahal izango dira. Batetik, CVCEPHOTO, mendiko jardueren nazioarteko argazki lehiaketaren lehen zazpi edizioetan sarituak izan diren lanekin osatutakoa; Leidorreko harrera gunean ikusi ahal izango dira jaialdiko egunetan.

Bestetik, nabarmendu beharreko nobedade bat: Harri, Orri, Ar-katz, artea eskaladako krokisean nazioarteko erakusketa. Aranburu Jauregian bisitatu ahalko da martxoaren 8tik apirilaren 20ra bitartean. «Eskalada krokisaren historia, lanak eta egileak ezagutaraztea helburu duen erakusketa da», azaldu du Rafa Elorza erakusketako arduradunak.

Mundu osoko ilustratzaile eta eskalatzaileen ekarpenekin jantzitako erakusketa da, eta abenduan estreinatu zuten Bilbon, Mendi Film jaialdian. Tolosakoa, bigarren geltokia izango da, eta beraz, aukera ona lehen aldiz bisitatzeko. Erakusketako arduradunek lan berezia egin dute Gipuzkoako mendi eta haitzetako krokisak eta ilustrazioak biltzen; batez ere, indar handia eman diote Txindokiri.

EGITARAUA

Martxoak 11, astelehena

  • La Gara. Zuzendaria: Julen Elorza. Iraupena: 15 minutu. Hizkuntzak: Ingelesa eta italiera. Kima, La Gara, munduko mendi lasterketarik gogorrenetarikoa da. Italiako Alpeetan egiten da, eta nazioartean oso ezaguna ez den arren, nortasun handia dauka. Lasterketa ikoniko horren istorioa da hau, eta bide batez, baita Hillary Gerardi korrikalariarena ere, paisaia liluragarrietan barrena korrika eginez amets bat gauzatu nahian: Kima lasterketako emakumezkoen marka berria ezarri nahi du.
  • Café Americano. Zuzendariak: Ben Page, Joe Schusler eta Thomas Woodson. Iraupena: 14 minutu. Hizkuntzak: Ingelesa. Aitak Italiako bidaia baten argazkia erakutsi zion gaztea zenean, eta oroitza hark inspiratuta, handik 20 urtera, Shawn Neer bidaia batean murgilduko da, Italiako kaferik onenaren, eta bide batez, mendiko bizikletarako xendarik onenen, bila.
  • Zerbait aldatu da. Zuzendaria: Mikel Sarasola. Iraupena: 10 minutu. Hizkuntzak: Euskara eta gaztelania. Pirinioak muturreko kayakean aritzeko paradisua bihurtzen dira udaberrian, desnibel handiko ibai txikiak urtzarotik urez betetzen direnean. Eta mendikateko ibai guztien artean, hegoaldeko isurialdean, bat nabarmentzen da: Ara ibaia. Ezaguna da ur gardenak dituelako eta batez ere  arrapala luze eta ikusgarriak dituelako. Pirinioetako harribitxia da. Jan Larrue eta Mikel Sarasola batu egin dira ibai hori iturburutik jaisten saiatzeko. Han goian aurkituko dutenak liluratuta utziko ditu, baina jaitsierak hain atseginak ez diren sorpresak ere ekarriko dizkie. Zerbait aldatzen ari da Pirinioetan.
  • Light beams for Helena. Zuzendaria: Kirk Horton. Iraupena: 10 minutu. Hizkuntza: Ingelesa. Helena Bourdillon, bere mugak urratzen ari da apnearen munduan, arnasaldi bakarrarekin sakonera pentsaezinetaraino murgilduz. 20 urte lehenago jabetu zen urpekaritzan aritzeko dohain berezia zuela, bere buruaz beste egiteko zorian egon zenean. Film honetan bere bidaia depresiboaz eta osasun mentalaren inguruan eginiko lanketaz hitz egiten du, eta ur sakonen iluntasunean murgiltzeak bizitzari eta argiari buruz zer irakatsi dion erakusten du.
  • La ligne de l'ange. Mendi Film 2023ko Argazkilaritza Onenari saria. Zuzendaria: Bertrand Delapierre. Iraupena: 42 minutu. Hizkuntza: Frantzesa. Nathan Paulin, beharbada munduan zeharkaldi gehien burutu dituen slacklinerra da. Bere pasioa 2 cm-ko zabalera duen zinta batetan ibiltzea da, pasioa lanbide bihurtzeraino, eta beti erronka berrien bila ari da. Bere linearik luzeena izan litekeena burutzeko erronkaren prestakuntzan lagun izango du kamera urtebete baino gehiagoz: 2.200 metroko zeharkaldia, Mont Saint-Michel konektatzeko.
  • Highline Nerbioi (aurkezpena). Zuzendariak: Dani Cascales eta Mario Hidalgo (Oreka Tolosa). Mendi Film Bizkaia Ternua Beka jaso duen proiektuaren aurkezpena. 10.000 euro dirutan, aholkularitza eta Mendi Filmen estreinaldia, 2024ko abenduaren 6tik 15era.

Martxoak 12, asteartea

  • Chimborazo. Mendi Film 2023ko Epaimahaiaren aipamen berezia. Zuzendaria: Keila Cepeda. Iraupena: 7 minutu. Hizkuntza: Gaztelania. Chimborazoko izotz-biltzaile edo hieleroek, beren herria hornitzeko izotza apur bat txikitzearen ordainetan, ehunka urtez jasan dute Ekuadorko Andeetako sumendi horren zakartasuna. Gaur egun, desagertzeko zorian dagoen lanbidea da, Baltazar Ushca da horretan aritzen den azkena. Zahartu den arren, egunero oinez osatzen du, ordu luzez, Chimborazo sumendiaren glaziarrerainoko bidea, handik izotz bloke handiak ateratzeko, eta hiri hurbilenean saltzeko.
  • Elevated. Mendi Film 2023ko Eskaladako Film Onena. Zuzendaria: Palmer Morse. Iraupena: 15 minutu. Hizkuntza: Ingelesa. Eskalatzaileentzat ezinbestekoa izan ohi da modu eraginkorrean komunikatzea. Kontzentrazioa, dedikazioa eta beldurra gainditzea eskatzen duen jarduera da. Sonya Wilson eskalatzaile gorrarentzat, komunikazioak eta komunitateak berebiziko garrantzia dute. Elkarrizketarik gabeko filma da, Sonyak emakume gor gisa, eta naturan eginiko jardueren defendatzaile gisa, duen esperientziarekin bat egiten duena. Gorren komunitatearen eta naturan egiten diren jarduerak jomuga dituen industriaren arteko etena ixteko borrokan ari da.
  • Rope. Mendi Film 2023ko Mendiko Film Onena eta Soinu Banda Onena. Zuzendaria: Moe Wada. Iraupena: 29 minutu. Hizkuntza: Japoniera. Kazuya Hiraidek Urrezko Pioleta hirutan irabazi du, Kamet, Shispare eta Rakaposhi mendietan zabaldutako bide berrien aitortza gisa. Duela 20 urte Tirich Mirreko ipar isurialdean (7708 m, Hindu Kush, Pakistan) ibilbide eder bat begiz jo zuen. 2022 urte amaieran, Kenro Nakajimari proposatu zion hura elkarrekin eskalatzea. Nakajima bere soka-laguna izan da 2016tik. Bi alpinistek oxigeno artifizialik eta euskarri handirik gabe ekingo diote igoerari, inork ez du ibilbide hori lehenago eskalatu, eta ez dakite zein arriskuri aurre egin beharko dioten. 6 egun eta 6 gau borrokan aritu ostean, Tirich Mir gailurrera iristea lortuko dute.
  • Captains on el cap. Zuzendaria: Brian Mathé eta Morgan Mounchaud. Iraupena: 54 minutu. Hizkuntza: Frantzesa eta Ingelesa. Seb Berthe-ren ametsa “The Dawn Wall” eskalatzea da, munduko biderik zailena, eta Belgikatik Estatu Batuetara, El Capitán-era, iristeko, ezohiko bidaia egingo du. Sei eskalatzaile, bi marinel eta txakur batek osatutako taldea bildu, eta Atlantikoa belaontzi batean zeharkatuko dute hasteko. Ameriketan, autokarabana mexikar zahar batean jarraituko dute bidea gero, Yosemiteraino. Eta behin hara iritsita, talde osoak lagunduko dio Seb-i The Dawn Wall-eko erronka itzelean.

Martxoa 13 asteazkena

  • The Great White Whale. Mendi Film 2023ko Sari Nagusia eta Zuzendari Onenari saria. Zuzendaria: Michael Dillon. Iraupena: 104 minutu. Hizkuntza: Ingelesa. Ozeano Australaren sakonean, Australia eta Afrika arteko erdibidean, 2700 metroko altuera gainditzen duen sumendi elurtua balea zuri handi bat balitz bezala azaleratzen da itsasotik. Mendi handi horren haserreak atzera eginarazi zion hura eskalatzen saiatu zen lehen taldeari. Hala ere, berriro ekin zioten. Bi espedizioen istorio aparta da hau, bizi izan zituztenek kontatua, eta horietako batek istorioa kantuz ere kontatzen du, abentura honi are epika handiagoa emanaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!