Inauterietako pilotakadaren auzia

«Villabonako EAJk eginiko adierazpenak gezur hutsak dira»

Ataria 2024ko ots. 29a, 13:59

EH Bilduren agerraldi batean galdeginda Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateak inauterietan Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioa egunero eman dela esan du.

Tolosako inauterietan gertatutakoaren ardura EH Bilduri egotzi zion atzo Villabonako EAJko zinegotzi Arantxa Rojok. Hain justu, aurten Ertzaintzarekin planifikaziorik ez dela egon adierazi zuen, eta txosnak Trianguloa plazan jarri izanak «Alde Zaharreko larrialdiak artatzea oztopatu» duela esan zuen. Hala, Andu Martinez de Rituerto Tolosako alkateari «orain arte mantendutako koordinazioa berreskuratzea» eskatu zion.

Gaur goizean EH Bilduk Etxebizitza Legeari buruz eskainitako agerraldi batean gaiari buruz galdetuta Tolosako alkateak esan du «ikaragarri larriak» iruditu zaizkiola EAJko zinegotziaren hitzak, eta gaineratu du baieztapen horiek «gezur hutsak» direla. Martinez de Rituertok argitu du Tolosako Udaltzaingoak egindako Segurtasun plan bat dagoela: «Ertzaintzari bidali zitzaion, zirriborroa lehendabizi eta behin betiko txostena ondoren». Tolosako alkateak gehitu duenez, Tolosako udaltzainburua bi aldiz bildu zen Tolosako ertzainburuarekin inauterien aurretik. «Txostenean aipatzen da ardurak nola banatzen diren, eta espresuki zehazten da egunero-egunero koordinazioa egongo dela». Martinez de Rituertok, beraz, argi utzi du inauterietan «egunero-egunero» egon dela koordinazioa.

Astelehen goizaldean gertatutakoari buruz Segurtasun Sailak ikerketaren lehen txostena egin du, eta bertan ondorioztatu dute gazte bati besoan jo eta gero iritsi zitzaiola errebotez begira foam jaurtigaia billabonatar gazteari. Horren harira, Tolosako alkateak esan du berak ez duela inolako informaziorik jaso. Inauterietan gertakariaren berri izan zuenean, Tolosako ertzainburuarekin harremanetan jarri zela esan du, eta edozein berrirekin jakinarazteko eskatu ziola. Bada, bitarte honetan ez dutela informaziorik jaso zehaztu du.

Dena den, Martinez de Rituertoren arabera, «errealitatea» da foam jaurtigaiekin bi zauritu daudela eta batek ikusmena galtzeko aukera duela.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!