«Datorren urtemuga bertan ospatu dezagula»

Ataria 2024ko ots. 27a, 19:43

Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuela 48 urte betetzen dira gaur; Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta, elkarretaratzea egin dute Tolosako Trianguloan.

1976ko otsailaren 27an Fronte Polisarioak SEAD (Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoa) aldarrikatu zuen, Saharari lurraldetasuna aitortuz. Espainiak Marokoren eskuetan utzi zuen lurraldea, eta orduz gero, erresistentzia, aldarrikapenak eta nazioarteko legedia betearazteko eskaeren zurrunbiloan bizi dira sahararrak. Egoera hau salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur, Tolosako Trianguloan, Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta. «Maroko errudun, Espainia arduradun», irakur zitekeen elkarretaratzeko pankartetako batean.

Eskualdean bizi diren zenbait saharar familia gerturatu dira Trianguloara, eta eskualdeko herritar batzuek bat egin dute deialdiarekin. Beste urte batez, Maroko Mendebaldeko Saharatik kanporatzea exijitu dute. Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek honelako ekintzak sahararrentzat «elkartasun eta besarkada keinuak» direla adierazi dute. Deialdi horrekin batera eskualdeko udaletxe bat baino gehiagotan Saharako banderak zintzilikatuko dituzte gaurko eguna gogoratzeko. 

Eli Eizagirre Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak adierazi duenez, saharar asko beraien lurraldetik kanpo ari dira ospatzen beraientzat «oso garrantzitsua» den eguna. «Errefuxiatuen kanpamenduetan egun guztian zehar ari dira ospakizunak egiten, eta Mendebalde Sahara okupatuan ere saiatzen ari dira urtemuga berezi hau ospatzen, baina zailtasun handiak dituzte, Marokok jarritako oztopoengatik».

Hori dela eta, Tolosaldetik, beste urte batez, elkartasuna adierazi nahi izan diote saharar herriari. «Elkartasuna, Mendebaldeko Sahara okupatuan sufritzen ari diren bortxaketen aurka, eta elkartasuna, 48 urtez, desertuaren erdi-erdian, oinarrizko baldintzen kontra borrokan ari direnei», esan du Eizagirrek. Desio bat ere badu: «Aurtengoa azkena izan dadila, eta datorren urtemuga bertan ospatu dezagula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!