Elkarrizketa

«Nazioarteko isiltasun mediatikoari aurre egiten laguntzea nahi dute»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2024ko ots. 27a, 07:58

Euskal Fondoa erakundeko Sahara Unitateko kidea da Itsaso Andueza Fernandez. Mendebaldeko Sahara okupatuan bizi diren ekintzaile eta elkarteekin etengabeko harremana du hainbat proiekturen bidez.

Elduainen bizi den Itsaso Andueza Fernandezen (Pasaia, 1985) eguneroko lana Sahara eta lankidetzari loturik dago, izan Euskal Fondoko bulegoan, Legebiltzarreko bilkuretan, Insumisas dokumentalaren aurkezpenean edota errefuxiatu kanpamenduetako  proiektuen ikuskaritzan edo hemengo eta hango emakumeekin genero ikuspuntua lantzen duten egonaldiak antolatzen. 

Euskal Herriak Sahararekiko elkartasun handia izan du. Hori al da Euskal Fondoan Saharako koordinazio unitatea sortzeko arrazoia?
Elkartasun hori dago Sahara Koordinazio Unitatea (SKU) sortzearen arrazoien artean. 2003an sortu zen. Euskal Herrian oso errotuta dago herri sahararraren aldeko elkartasuna, bai gizarte mailan eta baita erakundeen aldetik ere. SKUren helburua da saharar erakundeen, euskal erakunde publikoen eta Euskadiko Fronte Polisarioaren ordezkaritzaren arteko lankidetza ekintza guzti horien koordinazioa mantendu eta optimizatzea.

Zeintzuk dira Euskal Fondoak Sahararekin lankidetzan dituen proiektu nagusiak?
Batetik, saharar gobernuaren garraio-azpiegiturari laguntzea, funtzio publikoko tailer mekanikoen mantentze lanen bidez. Tailer horien menpe daude elikagaiak, gasa eta premia biziko beste hainbat produktu banatzeaz arduratzen diren ibilgailuak. Bestetik, Mendebaldeko Saharan giza eskubideak defendatzeko ikerketa eta tokiko gaitasunak indartzeko egiten dugu lan. Horretarako Mendebaldeko Sahara okupatuan bizi diren ekintzaile eta elkarteekin estuki lan egiten dugularik.

Mendebaldeko Saharan gertatzen dena argitara emanaz, alegia.
Giza eskubideen lan ildoaren barruan Mendebaldeko Saharako egoeraren berri eman eta eskubide urraketak salatzea dira helburu nagusiak. Gaur egun, nazioarteko eragileek ezin dute Mendebaldeko Saharan sartu eta bertan dagoen Nazio Batuetako Misio Iraunkorrak (MINURSO) ez du eskubideen ikuskaritzarik egiten. Horrek asko zailtzen du nazioartean eskubide urraketen salaketa egitea. Hori dela eta, 2012az geroztik, HEGOA Institutuaren eskutik, Euskal Fondoak hainbat ikerketa eta txosten bideratu ditu, betiere, bertako saharar elkarte eta ekintzaileekin lankidetzan. Hauei esker Nazio Batuen eta Afrikar Batasunaren testuinguruan hainbat ekimen egin ahal izan dira.

Gertatutako injustiziak eta giza eskubideen urraketak salatzeaz gain, gizartea kontzientziatzeko lana ere bada.
Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren zati garrantzitsu bat komunikazioa eta sentsibilizazioa dira. Lankidetza bultzatzeko, jendartearen jabekuntza bat egon behar du ezinbestean. Gainera, herri sahararrak biziki eskatzen duen gauzetako bat da nazioarteko isiltasun mediatikoari aurre egiten laguntzea, baita elkartasun politikoa ere. Isilarazitako gatazka politiko honi irtenbideak proposatzeko eta urratsak emateko, ordea, gizarteak eta erakundeek gertatzen denaren berri izan behar dute.

Saharari Kantari egitasmoa edo Insumisas dokumentala kokatu behar dira komunikazio lan horretan.
Lehengo urtean ezohiko sentsibilizazio ekintza batzuk burutu genituen, gure erakundearentzat erabat arrotzak diren esparruetan. Horietako bat, Saharari Kantari diskoa eta kontzertuaren ekoizpena izan zen. Kristina Berasain, Sahara Herri bat erresistentzian liburuaren egilearen proposamena abentura handi bat izaten ari da guretzat eta berarentzat. Babesle garrantzitsuak izan ditugu –Elkar, Berria, Bakun– eta emaitzarekin oso pozik gaude, sekula izan ez dugun hedapen mediatikoari esker Mendebaldeko Saharako gatazka eta egoera ezagutzera emateko balio izan duelako. Insumisas dokumentalean gatazkaren lehen lerroan egon diren emakume sahararrak dira protagonistak. Indarkeria bortitza jasaten dute eta Gertatutako guztia argitan jarri (Hegoa, 2021) txostena du ardatz. Txostenean 81 emakumek jasandako torturak, bortxaketak, behartutako desagertzeak, euren etxeen setioak, kontrolpean bizitzea, irainak… biltzen dira. Insumisas dokumentala txostenean jasotzen dena modu grafiko eta argian gizarteratzeko modu bat izan da. 

Tolosaldeko herri batzuetan dokumentala ikusteko aukera izan da. Nolako harrera izan du?
Oso ona, sekulako zabalpena izaten ari da eta oso harrera onekin gainera. Hainbat jaialditan, emanaldi independenteetan, Malagako Zinemaldian eta 9 herrialdeetan ikusteko aukera izan da. Udalerriek dokumentala proiektatzeko interesa balute, eskatu besterik ez digute. 

Sultana Khaya, Aminetu Haidar, Galhia , Embarka Brahim, Jadijetu El Mohtar... eta zenbat eta zenbat emakume murruaren alde bietatik Sahararen aldeko askapenean lanean.
Aipatu bezala, gatazkaren lehen lerroan egon dira. Errefuxiatu kanpamentuetako sorrera ere emakumeen esku egon zen. Gerratik ihesi Aljeriara iritsi eta oinarrizko egitura, eskola eta osasun etxeen antolaketaz arduratu behar izan zuten. Pasatako guztiak pasata ere ez dute duintasun apur bat bera ere galdu, indartu baino ez dituzte egin.


Politikoki ere aktiboak dira.
Gizarte eta politika arloan ere presentzia handia dute. Saharar Legebiltzarrean eta erakundeetan duten ordezkaritza oso nabarmena da, munduko herrialde gehienen aurretik daude. 


Nola lantzen duzue generoa lankidetza proiektu horietan?
Saharan martxan dauden egitasmoen artean generoaren gogoeta handiena duen ekimena emakume sahararren ahalduntze politikoari buruzkoa da. 2022an abiatu genuen eta aurten hirugarren edizioa ospatuko dugu. Saharar erakunde nagusiez gain Emakunde eta beste euskal instituzio publiko batzuk ere esku-hartzen dute. Lehenengo, emakume euskaldun talde batekin bidaiatu genuen errefuxiatu kanpalekuetara. Ondoren, emakume sahararrak Euskal Herrira etorri ziren formakuntza bat jaso eta bisita instituzionalak egitera eta aurten bisitan joateko asmoa dugu Virginia Woolf Basqueskolako ordezkariekin batera.


Tolosaldeko herriak ere lankidetzarekin konprometituak daude.
Tolosaldeko 18 herrik egiten dute ekarpena Euskal Fondoaren bidez. Euren ekarpenak ez dauka zertan urtero Saharari zuzenduta egon, beste herrialde batzuekin ere lankidetza egiten baitugu,, baina denek babestu dituzte uneren batean edo bestean saharar herriaren aldeko egitasmoak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!