Belgikarren bisita

Ataria 2024ko otsailaren 27a

Belgikatik etorritako hainbat ikasle dira egunotan Tolosan. Hain justu, Orixe institutuarekin elkartrukea ari dira egiten, eta orain belgikarrei egokitu zaie Tolosara etortzea. Bada, atzo Tolosako udaletxean izan ziren, eta udal ordezkariek harrera egin zieten.

Orixe institutua aurrera doa Erasmus+ proiektuarekin, eta hainbat ekintza abiatu ditu. Batetik, batxilergo lehen mailako 22 ikasle Belgikara joan ziren astebetez, Sint Aloysius eskolara. Orain, belgikarren txanda da eta igandera arte 22 ikasle belgikar izango dira eskualdean. Rainbow Nations izeneko proiektuaren baitan, garapen jasangarriko 17 helburuetako batzuk ari dira lantzen inguruko herri zein toki ezberdinak ezagutuz.

Bestetik, apirilean, DBH 3ko 22 ikasle Herbeheretako Groninga herrira joango dira astebetez, Haren Lyceum eskolara. Atzerriko ikasleak urrian izan ziren Orixen eta orduan hasitako proiektua lantzen jarraituko dute Community Manager irakasgaiko ikasle euskaldunek, informazioa eta medioen alfabetatzearen inguruan.

Horrez gain, Orixeko DBH 4ko ikasle bat Irlandako Glenamaddy eskolan egon da aurtengo lehen ebaluaketa egiten, eta urrian, bi irakasle Maltan izan ziren Artificial Intelligence in Education izeneko ikastaroa egiten. Hau guztia ERASMUS + finantzaketari esker izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!