2024ko Inauterietako karroza eta konpartsen lehiaketak baditu saridunak. Aurten guztira 22 karrozak parte hartu dute eta, urtero moduan, hiru onenak izendatu dira; konpartsen kasuan, berriz, orotara 45 ibili dira kalez kale, eta horien artean onena hautatu da.
Plataformarik gabeko konpartsek «ekarpen handia» egiten dutela nabarmendu dute udaletik, «herriko txoko asko umorearekin eta sormenarekin bete baitituzte beste behin». Guztien lana zoriondu du udalak.
Karroza saridunek 2025eko Inauterietan kokapena aukeratzeko lehentasuna izango dute; bi irabazleek, gainera, afari bat jasoko dute. Lehen saria ‘Habemus Amam’ karrozak jaso du. «Umore handiko parodia zirikatzailea» landu dutela esan dute udaletik: «Inauteriek hori ere behar dute. Antzezlan originala sortu dute, estilo ezberdinak uztartuz: koreografiaz gain, jendearen parte hartzea bilatu dute, ikusleak ere abesten jarrita; ikuskizunaren zati batean txirula ere jo dute. Mezuak ere ondo josita zeuden parodiaren barruan, eta euskara maila ona erakutsi dute. Mozorroak sortu egin dituzte. Emakumeen ahalduntze bat ere erakusten du».
Karrozen bigarren saria ‘Aquarium’-entzat izan da. Mozorro «benetan original eta koloretsuak» egin dituztela, «eskuz bikain landuak» azpimarratu dute, eta horrekin batera, koreografia «landua» egin dutela esan dute udaletik: «aquarium bat irudikatu dute eta amaieran burbuilak botaz. Gauean, gainera, argiekin zeuden arrain guztiak, eta oso deigarria izan da hori. Ikuskizun asko eskaini dituzte kalean izan diren bi egunetan, baita gauean ere, eta horri balioa eman behar zaio. Gainera, adin tarte ezberdinetako inauterizaleak bildu ditu taldeak, belaunaldi artekotasuna sustatuz».
Karrozen hirugarren saria ‘Rafa Txokolategi’-rentzat izan da. Tolosarekin «erabateko lotura» duen ikuskizun eta karroza sortu dutela nabarmendu dute: «herriko txokolategi bat irudikatu dute karrozan, eta pertsonaia ere bikain irudikatu dute. Ikuskizunari dagokionez, txokolatearekin zerikusia duten pertsonaia eta istorio asko uztartu dituzte, koherentzia bat emanez. Musikak eta antzezlanak ere txokolatearekin izan dute lotura zuzena. Beraiek sortutako bertso eta kantuak sartu dituzte, gainera, guztiak euskaraz».
Azkenik, konpartsetan sariduna ‘Tenfe’ izan da. Trenen atzerapenak gai nagusitzat hartuta, mota eta garai askotako pertsonaiak landu dituzte ikuskizun beraren barruan. Udaletik, «umore handiko» ikuskizuna landu dutela azpimarratu dute, eta gainera euskaraz. «Konpartsa beraren iruditeria eta mezuak tonu zirikatzailearekin moldatuta daude, eta sormen hori balioan jartzekoa da».