Alde Zaharreko diagnosia tolosarrekin partekatzeko saio irekia, martxoaren 2an

Tolosaldeko Ataria 2024ko ots. 23a, 11:59

Topic-en eta hirigune historikoko kaleetan egingo dute, goiz osoan zehar. Alde Zaharreko Plan Integralaren lehen faseak emandakoa aurkeztuko dute, hiri berroneratzeko hiru proiektu ezagutzeko aukera izango da eta ondoren kalez kale ibilbide bat egingo da.

Tolosako Udalak azaroaren amaieran abiatu zuen Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala. Bost fase ezarri zituen udalak, eta lehen fasean Tolosako Alde Zaharraren aurre-diagnostiko bat eratu du Paisaje Transversal enpresak, plano, ordenantza, historia eta datu ugari bilduz. Horretarako, udal ordezkari, teknikari eta bestelako eragileekin elkarrizketak egin ditu enpresak, eta jasotako ondorioetatik abiatuta jarduera-esparruak definitu ditu.

Lehen faseko lanak eginda, bigarrenaren txanda da orain. Azterketa hori Alde Zaharreko bizilagunekin eta gainerako herritarrekin elkarbanatu eta kontrastatzeko saio irekia egingo dute martxoaren 2an, larunbata, Topic-en. «Mugarria izango da saioa, lehen fasearen amaiera eta bigarrenaren abiapuntu izango baita», adierazi du udalak.

Bi zatitan banatuko da jardunaldia. Lehenik, prozesua azalduko dute Paisaje Transversal enpresako teknikariek, baita diagnosiaren ondorio nagusiak ere. Ondoren, beste udalerri batzuetan garatu dituzten hiri-berroneratzeko plan integralak ezagutzeko mahai ingurua izango da. Hain zuzen, Zaragoza, Olot eta Gasteizko alde zaharretako proiektuak emango dituzte ezagutzera hiru gonbidatuk. Zaragozatik Juan Rubio del Val gerturatuko da, 30 urtez bertako hiri-berroneratze proiektua garatu zuen teknikaria. Gaur egun, Observatorio Ciudad 3R plataformako zuzendaria da. Jordi Güellek, berriz, Oloteko esperientzia azalduko du; hirigintza zinegotzi izan zen bertan. Azkenik, Gasteiz Txiki auzo elkarteak emango du Arabako hiriburuan egiten ari diren prozesuaren berri. Gaiaren hiru ikuspegi izango dira: teknikoa, politikoa eta herritarra. 10:00etan abiatuko da saioa, eta interesa duen edonork parte hartu ahal izango du; ez da izena eman beharko.

Bigarren zatia kalean egingo dute, eta herritarrak izango dira protagonista. Mapa kolektibo bat egin asmoz, bi taldetan banatu eta 1,5 kilometro inguruko ibilbide bana egingo dute Alde Zaharrean zehar. Bidean zehar lauzpabost geldialdi egingo dituzte, eta zenbait puntu izango dira aztergai. Horietako bakoitzarekin parte hartzaile bakoitzak bere kezkak, ikusten dituen arazoak eta proposamenak azaldu ahal izango ditu orri batean. Ibilbidearen amaieran, jasotako ikuspuntuak elkarbanatuko dituzte bi taldeek. Behin ariketa hori eginda, 14:00ak aldera, mokadu bat eskainiko zaie parte hartu duten guztiei. Udalak saio irekian parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak, diagnosi hori ahalik eta osatuena eta aberatsena izan dadin. 

Jardunaldiaren programa

  • 09:45. Ate irekiera
  • 10:00. Harrera
  • 10:10-10:30. Prozesuaren nondik norakoak: metodologia, faseak eta kronograma. Diagnosiaren aurkezpena, Paisaje Transversalen eskutik.
  • 10:30-11:30. Beste udalerrien Alde Zaharren Hiri-Berroneratze Plan Integralak. Zaragoza, Olot eta Gasteizko kasuak, bertako protagonisten hitzetan: Juan Rubio del Val, Jordi Güell eta Gasteiz Txiki auzo elkartea.
  • 11:30-12:00. Galdera-erantzunak.
  • 12:00-12:15. Atsedena.
  • 12:15-13:45. Mapa kolektiboa: ibilbide bat eginez, hausnarketa kolektibo bat sustatuz mapatze bat egingo da, Alde Zaharrari lotutako problematikak eta proposamenak jasotzeko
  • 13:45. Parte hartzaileentzat mokadua eta amaiera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!