Martxan da Tolosako Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala

Josu Artutxa Dorronsoro 2023ko aza. 24a, 14:57

Bost fasetan gauzatuko da plana, eta lehen bietarako kontratua egin du udalak, hiri-planifikazio prozesuetan aditua den Paisaje Transversal estudioarekin. Zenbait alor izango dituzte aztergai, bizilagun eta eragileekin batera, eta 2025 amaierarako lehentasuna duten proiektuak gauzatzea da udalaren helburua.

Tolosako Udalak dagoeneko abiatu du Alde Zaharra biziberritzeko Plan Integrala garatzeko prozesua. Ikuspegi ezberdinetatik gune historikoaren egoera aztertu eta nola hobetu jasoko duen bide orri bat izango da, modu parte hartzailean garatuko dena. Andu Martinez de Rituerto alkateak eta Ander Figerido Hirigintza, Obra eta Zerbitzuak Saileko zinegotzi arduradunak nabarmendu dute udal gobernuarentzat «garrantzia berezia duen proiektu estrategikoa» dela Alde Zaharra biziberritzea: «Bere bizigarritasunean moteltze zantzuak eman dira, eta etorkizunera begirako plan bat behar du, bizitzeko, negozio bat izateko edota gozatzeko gune atsegina izan dadin», adierazi dute.

Plan hau egitearen arrazoiak azaltzeko, alkateak gogora ekarri du «etxebizitza bakoitzeko errenta baxuena, langabezia eta etorkin tasa handiena, bizilagunen eskura lurrazaleko aparkaleku kopuru txikiena eta etxebizitza huts gehien duen gunea» dela herrian. Aldi berean, ordea, komertzio txikiaren garrantzia, kultur eta aisialdi eskaintza eta ondare historikoa ere azpimarratu ditu: «Herriaren bihotza da Alde Zaharra. Herriaren izaeran eta
bizian garrantzia handia du. Baina bizilagunen artean, eta herrian oro har, bada nolabaiteko kezka bat bere egoeraren inguruan. Eta arreta berezia behar du».

Parte hartzea izango da plan hau sortzeko ezinbesteko tresna. Izan ere, bizilagun, eragile eta merkatariekin batera garatu nahi dute prozesua: elkarrizketa eta saio irekiak egingo dituzte, iritziak trukatu, ideiak partekatu eta eztabaidatu, eta lehentasunak finkatzeko. «Bizilagunek ezinegona azaldu izan digute elkarrekin egin ditugun bileretan, eta plan hau, kezka eta eskakizun horiei erantzuteko modu bat izango da», argitu du alkateak.

Aztergaiak eta jarduera-esparruak

Udalak alor askotan jarri nahi du azpimarra prozesu honekin. Bere lehen asmoen arabera, aztergaiak lau multzotan banatu dituzte, nahiz eta ondorengo parte hartze prozesuekin aberastu eta guztiz definituko diren jarduera-esparru horiek.

  1. Etxebizitza izango da multzo nagusienetako bat: hala nola, eraikinen egoera eta ordenantzak, irisgarritasuna edota etxe hutsen merkaturatzea aztertu nahi dituzte.
  2. Beste alorretako bat ondarea izango da, eraikin historikoen egoera, ondarearen zabalkundea, turismoaren inpaktua dota zerbitzuen eskaintza aztertzeko.
  3. Hirugarren multzoan, elkarbizitza eta konektibitatea landuko dira, besteak beste, auto eta bizikletentzako aparkalekuen egoera, mugikortasuna, segurtasuna, mantenua, aisialdiaren eta atseden uneen arteko oreka, zaratak, eremu berde edo jolastokiak aztertzeko.
  4. Eta, azkenik, erabileraren aniztasunean jarriko da fokua: merkataritza eta ostalaritza, lokal erabilgarriak, ekipamendu publikoak, arte urbanoa, ekitaldietako guneen errotazioa.

Alde Zaharrak esparru askotako beharrak dituela nabarmendu du Figeridok, eta batak bestearekin eragin zuzena izan lezakeela. «Modu integralean aztertuta, uste dugu horietako zenbaiten egoera iraultzeko aukera izango dugula. Azken batean, guztion arteko adostasunak bilatuz, auzoa biziberritzeaz gain, bizitzeko eremu atseginago batean bihurtu dezakegu».

Bost fase

Alde Zaharreko Plan Integralak bost fase izango ditu, eta lehen biak gauzatzeko kontratua egin du dagoeneko udalak, hiri-planifikazio prozesuetan aditua den Paisaje Transversal estudioarekin. Hain zuzen, Olot (Herrialde Katalanak), Gijon (Asturias) edo Gasteizen, besteak beste, antzeko proiektuak egin ditu enpresa honek, hirigintza eta biziberritze proiektuak garatu ez ezik, hori ahalbidetzeko parte hartze prozesuak ere antolatuz.

  • Lehen fasea: Udalaren eta Paisaje Transversal enpresaren arten gauzatuko da, hurrengo bizpahiru hilabeteetan. Dokumentazioa bildu (planoak, ordenantzak, datu eta estatistikak...), aztertu eta jarduera-esparruen lehen planteamendua zehaztuko da.
  • Bigarren fasea: Proposamen hori, bizilagun, eragile eta gainerako herritarrekin kontrastatuko dute, ekarpenak jaso eta estrategiaren oinarriak, landu beharreko puntuak, lehentasunak eta bide-orria elkarrekin finkatzeko. Horretarako, elkarrizketak eta saio irekiak antolatuko dituzte.

2025 amaierarako

Behin bi fase horiek amaituta, landutako eta adostutako puntuetatik abiatuta eratuko da estrategia integrala. Hiru fasetan banatzea aurreikusten da:

  • Hirugarren fasea: Modu parte hartzailean estrategia berrikusi, indartu eta proiektuen akzio plana garatuko da. «Horretarako, egin beharreko lanen aurrekontuen azterketa egin eta lehentasunak adostuko dira».
  • Laugarren fasea: Elkarrekin adostutako lehentasuna duten proiektuen garapen zehatza egingo da. «Ezustekorik ezean, eta aurreikuspenak beteko balira, 2025 amaierarako lan horiek gauzatzea da helburua».
  • Bosgarren fasea: Fase iraunkorra izatea da planteamendua, urtero, estrategia gauzatzen jarraitzeko. «Lehentasunak bete ostean, prozesuan ateratako ideia eta proiektu egingarriekin aurrera jarraitzeko bidea ematea da helburua».

Interbentzio gehiago

«Lan potoloa dugu aurretik, baina gogoz heltzen diogu. Urteetako nahia izan da, bai herritarren aldetik, baita gure aldetik ere. Behar bat du, eta guztion artean adostasunak bilatuz, auzoa biziberritzeaz gain, bizitzeko eremu atseginago bat bihurtzea da helburua», adieraziz amaitu du Figueridok. Hala eta guztiz ere, zinegotziak azaldu duenez, plan hau martxan jartzeak, ez du esan nahi bitarte horretan ez denik Alde Zaharrean bestelako interbentziorik egingo. «Behar batzuk dagoeneko identifikatuta daude, eta lan horiek aktibatzen joango gara».

Alde Zaharreko sarreretako bat Gorriti plaza da, eta hori eraberritzea udal gobernuak epe motzerako aurreikusita duen asmoetako bat da. «Proiektua jada garatuta dago, baina zenbait arazo sortu dira, eta horiei irtenbidea eman bezain laster gauzatuko dugu proiektua. Azkar egin nahiko genuke», esan du alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!