Hiru urteko gaitasungabetze-zigorra ezarri diote Viacheslav Kobini

Ataria 2024ko ots. 23a, 10:10

Lehiaketa Batzordeak jakitera eman du senior emakumezkoen Tolosa CF Eskubaloia taldeko entrenatzaile ohiari ezarritako zigorra. Gaitasungabetzearen ondorioz, ezin izango dio federazioari inolako lizentziarik eskatu zigorrak irauten duen bitartean.

Viacheslav Kobin, Arrate eta Bidasoa eskubaloi taldeetako jokalari ohiari, eta pasa den larunbatera arte senior emakumezkoen Tolosa CF Eskubaloia taldeko entrenatzaile zenari, hiru urteko gaitasungabetze-zigorra ezarri dio Gipuzkoako Lehiaketa Batzordeak, pasa den larunbatean Usabal kiroldegian epaile bati eraso egin ondoren. Kobinek «arau-hauste larria» egin zuela adierazi du Batzordeak, eta gaitasungabetzearen ondorioz, ezin izango dio federazioari inolako lizentziarik eskatu zigorrak irauten duen bitartean.

Tolosaren eta Saieko talde donostiarraren arteko partidan gertatu zen erasoa, 48. minutuan; epaileari ez ezik, Saiekoko prestatzaileari ere eraso egin zion Kobinek. Horren ondorioz, bertan behera geratu zen neurketa, eta 15-17ko markagailuarekin irabazi zuen kanpoko taldeak.

Honela dio Lehiaketa Batzordearen aktak:

2024ko otsailaren 17an, Tolosan, emakumezkoen 1. Lurralde mailako Tolosa CF Eskubaloia – Saieko Mon Paperdenda taldeen arteko partidan izandako gertaeren ondorioz, eta partida 48:35 minutuan bertan behera utzi ondoren, Batzorde honek partida amaitutzat ematea erabaki du, une horretan markagailuan zegoen emaitzarekin (15-17), Euskal Federazioaren Diziplina Araubideko Araudiaren 35.1 artikuluari jarraiki, bi taldeen oniritziarekin.

Batzorde honek Tolosa CF Eskubaloia taldeko Viacheslav Kobin prestatzaileari hiru urteko gaitasungabetze-zigorra ezartzea erabaki du. Zigor hori 24. artikuluan tipifikatuta dago, eta Euskal Federazioaren Diziplina Araubideko Araudiaren 15.1.a eta 15.1.e artikuluetan agertzen diren arau-hauste larriekin parekatuta, Lander Irazabalbeitia arbitraje-taldeko kide bati eta David Blanco kanpoko taldeko prestatzaile laguntzaileari eraso egiteagatik. Aipatutako zehapena 6.2.b artikuluaren arabera ezarri da, 10.e artikuluan jasotako inguruabar astungarrien arabera.

Gaitasungabetzearen ondorioz, ezin izango zaio federazioari inolako lizentziarik eskatu zigorrak irauten duen bitartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!