Viacheslav Kobin entrenatzaileak ez du Tolosa CF Eskubaloia klubean jarraituko

Ataria 2024ko otsailaren 19a

Tolosa CF Eskubaloia senior mailako jokalariak partida batean.

Senior emakumezkoen Tolosa CF Eskubaloia eta Saieko taldeen arteko partida jokatu zen larunbatean Tolosako Usabal kiroldegian, eta neurketa bertan behera geratu zen Kobinek epaileari eraso egin ondoren. Entrenatzailearen eta klubaren artean adostu dute Tolosa CF Eskubaloian ez jarraitzea.

Partidaren aktan jasotzen denez, bigarren zatiko 48. minutuan izan zen Viacheslav Kobinen erasoa epaileari. Horren ondorioz, bertan behera geratu zen partida eta 15-17ko markagailuarekin irabazi zuen Saieko taldeak neurketa. Igande goizean Tolosa CF Eskubaloiak idatzi bat zabaldu zuen, «atsekabea» azalduz geratutakoarekin. «Barkamena eskatu nahi diogu epaileari, Saiekoko senior nesken taldeari zein klubari, bertan ziren zaletu guztiei, eta Gipuzkoako klub guztiei, federazioari eta epaile talde osoari». Klubetik aukera izan dute epailearen zein Saiekoko arduradunekin hitz egiteko, zuzenean beraiei «barkamena eskatuz eta elkartasuna eskainiz». Klubetik gaineratu dutenez, «bai epaileak zein Saieko klubak gure taldeko jokalarien jarrera nabarmendu zuten gertatu zen egoeraren aurrean».

Larunbatean bertan Tolosa CF Eskubaloiak eta Viacheslav Kobinek elkarrekin adostu zuten entrenatzaileak ez duela jarraituko klubean. Era berean, Tolosa CF Eskubaloitik azaldu dutenez, «gurean edozein motako indarkeriaren aurkakoak gara, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu eskubaloia bultzatuz, errespetutik, berdintasunetik, eta betiko ilusioz gure neska eta mutilen alde». 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!