Aurtengo berritasunek, oro har, «erantzun ona» izan dute

Ataria 2024ko ots. 20a, 13:22

«Hobetu eta zuzendu beharrekoak» egon arren, orokorrean, inauteriak «ederrak» izan direla adierazi du udalak, eta parte hartze «altua» eta irudimena azpimarratu ditu.

Eragileek nahiz norbanakoek batzar aretoa bete zutela egin zuten atzo inauterien inguruan hitz egiteko bilera irekia. Oro har, aurtengo aldaketak begi onez hartu dituzte, eta hobetu beharreko hainbat puntu zerrendatu dituzte.

Bada, eragileek eta herritarrek emandako iritziak kontuan hartuta, Tolosako Udalak inauterien inguruko balantzea egin du. Orokorrean, parte hartze «altua» eta inauterizaleen sormena azpimarratu ditu Andu Martinez de Rituerto alkateak: «Inauterizaleak zoriondu nahi ditut, beste behin ere onena eman eta denon artean orokorrean festa ederrak pasa ditugulako. Badira hobetu eta zuzendu beharrekoak, noski, eta horietan jarriko ditugu indarrak datorren urtera begira». 

Bi puntu beltz ere aipatu ditu Tolosako alkateak, hala nola, salatutako sexu erasoak eta Ertzaintzaren kargagatik zauritutako gazteen kasuak. «Behar adina aldiz aldarrikatzen jarraituko dugu sexu erasoek ez dutela lekurik jaietan. Kargarekin gertatutakoa argitzeko eskatzen jarraituko dugu, baina jende kopurua ikusita, prozeduran aldaketa bat behar dela ere uste dugu. Hala ere, gertakari horiez gain, bada azpimarratu nahi dudan beste mezu bat: Tolosak beste behin erakutsi duela festaz lasai gozatu besterik ez duela nahi».

Hainbat aldaketa eta berritasun izan dira aurtengo inauterietan, eta oro har, erantzun ona jaso dutela nabarmendu dute udaletik. Horietako bat dantzaldietan eman da, aurten, Berdura Plazan egin ordez, Zerkausian egin baitira. Bada, udaletik esan dutenez,  inauterizaleek «begi onez» hartu dute leku aldaketa. «Belaunaldi ezberdinetako jende gehiago izan dela azpimarratu da». Hobekuntza modura, eszenatoki handiagoa jartzeko aukera aztertuko dute, «musikari guztiak oholtzan egon daitezen».

Bestalde, Zaldunita eguneko igoera eta jaitsiera da txarangei dagokienean puntu kritikoetako bat, eta aurten «inoiz ez bezalako jendetza» pilatu zela aipatu du udalak, eta zaila izan zelan musikarientzat aurrera egitea. Hori dela eta, kale salmentako postuen leku aldaketa eta txarangek ohiko ibilbidea espaloitik egitea aztertuko dute aurrera begira.

«Pilaketarik eta arrisku egoerarik ez»

Zezen plazari dagokionean, sarbideetan pilaketarik eta arrisku egoerarik ez dela izan aurten, eta modu nahiko ordenatuan egin dela, aforo arauak betez eta segurtasuna bermatuta adierazi du udalak. «Txarangazaleek sarrera eta irteera arauak errespetatu dituzte, eta bereziki azpimarragarria izan da gaztetxoek sartzeko aurten erakutsi duten jarrera ona».

Era berean, kontagailu bidez hondargunean egoteko gaztetxoen sarbidea edota txarangekin sartzeko zozketa sistema «egokiak» izan daitezkeela ikusi da, nahiz eta badauden zuzendu eta gehiago findu beharreko zenbait puntu: harmailetara ez pasatzea edo kontrola azkartzea, esaterako. Egun batzuk trataera berezia behar ote duten aztertuko da datorren urterako.

Sarreren salmentari dagokionez, eskaria eskaintza baino askoz ere handiagoa izan dela aurten ere azaldu dute udaletik, eta itxaronaldiak ekiditeko beste aukera batzuk aztertzeko beharra ikusten dute datorren urtera begira.

Bestalde, Asteartitako pattar zezeneko giroa bereziki nabarmendu dutela inauterizaleek esan du udalak, jende ugari bildu baitzen. Sokamuturrari dagokionez, kokalekuarekin errotazioa egitea proposatu da, Plaza Zaharra/Zerkausiaren eta Plaza Berriaren artean. Zerkausian izan da aurten, eta bertan ikusleentzat «leku askoz ere gehiago» dagoela azpimarratu du udalak, baina parte hartzaileek nabarmendu dute korri egiteko «erosoagoa» dela Plaza Berria, leku gehiago dagoelako. 

Gazteentzako eskaintzan sakontzea

Zezenek irauten duten bitartean gazteentzako eskaintza gehiago indartu da aurten, haurren dantza ikuskizun, kontzertu eta DJ emanaldiekin, eta bereziki jendetza bildu zuen Oihan Vegak. Dena den, eskaintza horrekin gehiago sakondu behar dela uste du udalak, «publiko bat badagoelako eta ordu tarte horiek betetzeko beharra dagoelako».

Zaldunita eguneko Gozategiren kontzertua ere jendetsua izan zela nabarmendu dute udaletik. «Zentzu horretan, egun eta ordu horretan kontzertu bat programatzearena aukera ona dela ondorioztatu da, egun horretan jende asko pilatzen baita Tolosan, eta dibertsifikatzeko aukera ematen duelako».

Txosnagunean «giro ona»

Aurtengo beste aldaketetako bat txosnagunean eman da, euren kokalekuan, hain justu. Trianguloan kokatu da aurten, eta «giro ona» izan dela, eta kontzertuetan bereziki belaunaldi askotako jendea batu dela adierazi du udalak. «Ingurua txukun mantendu da, lehen eguna ez beste egunetan, eta ondo errespetatu da ordutegia». Era berean, plazaren inguruan hartutako babes neurriak ere «ondo» hartu dituztela, baita bizilagunek ere adierazi du udalak.

Karrozetan, elkarbizitza eta segurtasuna «hobetzeko» bidea

Aurtengo inauterietan 22 karrozak parte hartu dute, gehienak Zaldunita egunean, 17. Hainbat berritasun eman dira, sistema elektrikoa jarrita edota leku batetik bestera garraiatzeko konboi bereziak antolatuta, esaterako. Horrek, elkarbizitza eta segurtasuna hobetzeko bide eman duela uste du udalak: «Oinarria jarri da, beraz, baina badaude hobetzekoak: hala nola, jasotzeko garaian itxaronaldi luzeak ekiditeko ordutegiak fintzea edo kokalekuen orden egokiagoa». Halaber, zarataren neurgailuak jarri dituzte, eta karrozek ez dutela muga gainditu esan dute. «Hala eta guztiz ere, lanketa egiten jarraitzeko beharra dagoela ikusi da, izan ere, txarangen igoera eta jaitsiera errespetatu ez zituzten karroza batzuk izan ziren, eta hori zaintzeko eskaera egin zaie».

Ikuskizunen ekarpenari dagokionez, beharrezko ikusi da Asteartitako eskaintza indartzea, ez baitziren ikuskizun asko izan: «Parodia eta Tolosarekin lotura estua duten gaiak lehenesteko proposamena egin zuten inauterizale batzuk, eta aukera hori aztertuko da elkartearekin».

Konpartsei dagokionean, 41 konpartsak eman dute izena aurten. Konpartsa horien lana eta ikuskizuna txalotu ditu udalak «ekarpen handia» egin baitute beste behin, txoko askotan izan baitira parodiak egiten. Konpartsetako batzuk plataformadunak izan dira, eta horiek Nafarroa Etorbidean egon dira. Aurten talde horiekin bilerak egin ditu udalak, eta oraindik «lanketa handia» dagoela egiteko uste du: «ordutegia ondo bete da, baina inguru horretan jarri diren neurgailuek erakutsi dute ez dela bolumena errespetatu, irten aurretik soinu ekipoen kontrola egin bazen ere. Ikuskizunen maila ere eskasa izan dela ondorioztatu da, eta inauteriari ekarpen handiagoa egiteko lanketa abiatu nahi da».

Alor horretan, bi punturekin «kezkatuta» azaldu da udala: hondakinak eta alkohola. «Zaborra biltzeko jarritako edukiontziek ez dute inolako erabilerarik izan, eta, alkoholaren kontsumoari dagokionez, prebentzio lanak egin arren, gehiago kontrolatzeko neurrietan jarriko dira indarrak datorren urteko inauteriei begira».

Bestalde, Piñata igande arratsaldean jende mordoa bildu zela Plaza Zaharrean eta Zerkausian nabarmendu du udalak. «Oso harrera ona izan du, eta aztertuko da ea nola luzatu daitekeen eskaintza, ekitaldiak denbora gehiago har dezan, baita egun gehiagotan programatu ote daitekeen».

Garbiketa indartu arren, hondakin kopuruak gora egin du

Udalak kezka agertu du, hondakinen bilketara, kale garbiketara eta komun gehigarriak jartzera baliabide gehiago bideratu arren, Inauterietan pilatutako hondakin kopuruak gora egiten jarraitzen duelako. Bilketari dagokionez, aurten 54,5 tona jaso dituzte, iaz baino bost gehiago. Orduan ere igoera izan zen, eta goranzkoa da joera. 384.000 litro ur erabili dira aurten, joan den urtekoarekin alderatuta 129.000 litro gutxiago. Obretako 12 edukiontzi handi jarri ziren herriko hainbat puntutan, baita 1.000 litroko edukiontzi gehiago ere. Baina edukiontziak alboan izan arren, zabor ugari pilatu zen, Astelenitako lehen orduetan batik bat, Nafarroa Etorbidean edo San Frantzisko pasealekuan. Bereziki zaila izan zelen garbiketa zerbitzuko langileen lana azpimarratu dute. 

«Aztertuko dugu nola indartu eta hobetu, baina dudarik gabe jarrera aldaketa bat behar da guztion aldetik», azaldu du Andu Martinez de Rituertok. Horregatik festan parte hartzen duten talde gehiagorekin lanketa abiatuko da, norberak bere lekutik egoera iraultzeko ekarpena egin dezan. Era berean, garbiketa lanetan aritu den 45 pertsonako taldeari esker ona adierazi dio alkateak, goizeko lehen ordurako guztia garbi egon zedin egin duen lanagatik. 

Komunen inguruan, oraindik gehiago jartzeko beharra ikusi da, nahiz eta aurten inoiz baino gehiago jarri diren herrian zehar sakabanatuta. Bereziki Nafarroa Etorbide ingurua indartu behar dela ondorioztatu dute. 

Udalaren kezka, ordea, ez da kalean gertatu denaren ingurukoa soilik: «Ferialekuan eta Bellota pabiloian zabor ugari geratu da pilatuta, jaso gabe. Gainera, jarrera guztiz desegokiak ere izan dira: komunetan pintaketak azaldu dira, eta Ferialekuan kirol taldeen materiala lapurtu eta hondatu ere egin dute». Horren aurrean neurriak hartuko dituela esan du udalak.

Atzo egin zuten inauterien inguruko bilera irekia, eta bertan herritar orok zuen iritzia emateko aukera. Bileran egoterik izan ez zutenei begira, aurtengo inauterien inguruan iritzia eman edota datorren urtekoei begira proposamenak egiteko aukera zabalduko du udalak. Datozen egunetan emango ditu horren inguruko xehetasunak. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!