20 urte piñata igandeari erritmoa jartzen

Leyre Carrasco 2024ko otsailaren 18a

Tolosako Musika Eskolako ikasleen bandak 20 urte betetzen ditu aurten piñata igandean kalejira egiten duela, eta gaur goizean ere Tolosako kaleak hartu ditu buruhandiekin batera.

Garai bateko jendetzarik hartzen ez duen arren, Zaldunita osteko igandea ezinbesteko hitzordu izaten da, oraindik ere, tolosar askorentzat. Hori ari dira ospatzen gaurkoan, eta urtero bezala, Tolosako Musika Eskolako ikasleen bandak eskainitako doinuekin hasi dute eguna.

Tolosako Musika Eskolako ikasleen bandak gaurko eguna berezia du. Izan ere, 20 urte betetzen ditu aurten piñata igandean kalejiran ateratzen dela. Migel Angel Moreno Bagües zuzendariak adierazi bezala, «eguna alaitasunez hartzen dugu, mutiko gazte asko ateratzen baitira eta beraientzat oso motibagarria izaten da, gainera, urtero gaia aldatzen dugu eta ez da aspergarria izaten».

Ikasleen bandak 2005eko piñata igandean egin zuen lehen kalejira. «Pandemiarekin bi urte egon ginen atera gabe, baina horren ostean egunari berriro eutsi eta gaur arte ez dugu hutsik egin», gehitu du zuzendariak. Inauterizale nostalgiko ugari besotik heldu eta bandaren atzetik saltoka ibili dira kaleetan zehar. Buruhandiak ere bertan izan dira despistatuta zegoenari sustoa emanez eta lasterka irten denaren atzetik korrika.

Hala ere, Tolosako Musika Eskolako ikasleen banda ez da izan inauterien azken eguna agurtu duena. Poca Tripa txarangak ere urteroko bisita egin du goizean Iurreamendi egoitzara, eta horrez gain, Tolosako Erraldoi eta Buruhandiak, Musika Eskolako ikasleak eta The Herrikide’s musika taldea kontzertua eskaini dute Leidor Aretoan. Eguna amaitzeko, suzko zezena izango da, 18:30tan, Plaza Zaharrean eta Solana kalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!